spacer.png, 0 kB
Vctor Alexandre
spacer.png, 0 kB
spacer.png, 0 kB
Inici arrow Euskara
Liburuak
Hitza hormaren kontraHitza hormaren kontra. Independentzia ez da pribilegioa
Hiru mende dira katalan hitzak espainiar hormaren kontra sistematikoki talka egiten duela. Hiru mende, katalan herriaren izate-nahi utziezina Espainiari azaltzen saiatuz. Ahalegin hauek denek, fede onez beteak, erantzun bakar baten kontra jo dute: cerrazón, alegia, itxikeria, egoskorkeria... [Gehiago...]
Kataluniaren gainbehera Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
dilluns, 29 desembre 2008
Antígona, de Jordi CocaGogorra da aitortzea, baina egia da: gainbehera erabatekoan dago Katalunia. Politikoki eskuak lotuta ditu, ekonomikoki itota dago, eta kulturalki gutxitua da. Nazio pirandellotar bat da Katalunia gaur, egile baten bila dabilena, pairatzen ari den hondoratze existentzialaz arduratu dadin. Dagoeneko ez dakigu nor garen, eta bere nortasunaren kontzientziarik ez duenak ez du bere eskubideen kontzientziarik ere. Sinetsita geunden jakintzaz betetakoa zela gure esamolde zahar hau: «Qui dia passa any empeny» (bihar ere zabalduko du eguna), baina indibidualismoa eta arduren uko egitea besterik ez dago. Esaten zuen, bai, Josep M. Batista i Roca etnologoak katalanok norberekoiak garela, ideal etxekoidunak eta aginte espiriturik gabekoak. Esan ere egin liteke geure buruarengan uste ezinago txikia dugula eta beldur ikaragarria diogula geureganatua dugun ongizate material zatia galtzeari, probokazio gaitzesgarritzat jotzeraino geuretarretakoren baten baieztapen keinurik txikiena. Gatibu denari, beraz, oharkabean pasatzen zaio «hainbestean» klasikoa axioma bihurtzeak berekin dakarren xalotasun hilgarria. Ez gara ohartzen egunen zenbaketa beste jomugarik ez duen gatibua gero eta gatibuago egiten dela egunetik egunera. Eta Katalunia herri gatibu bat da. Ez Espainiarena -inor ez da inoren gatibu, baldin eta argi eta garbi badauka bere niaren kontzientzia-, baizik eta bere buruarena.

Tebas Antigona-ko Kreonteren erreinaldian nola, hala dago Katalunia beldurrak kikilduta, eta beldurrak ahul eta otzaneko bihurtzen du banakoa. Hemen, han bezala, botereak erosten du pentsalari esker onekoen isiltasuna, eta bultzatu egiten ditu guri sinetsaraztera balio katalan jatorrak direla adostasuna, otzantasuna eta etsipena, betiere gorde beharrekoak. Hemen, han bezala, Tiresias-en antzekoak nabarmentzen dira, koldarkeriak jotako intelektual ospetsuaren paradigma baitira, eta ugariak dira Ismene-ren antzekoak ere, herritar andrazko beldurti eta esanekoaren ereduak. Tiresiasek zapalkuntzaren aurka erabil zezakeen bere eragina, baina kikildu egiten da azkenean, eta, Ismenek, matxina zitekeen arren, zuhurtasuna, neurritasuna eta lasaitasuna eskatzen ditu. «Erregutu dezagun», dio Ismenek, «bilatu dezagun lauena izango zaigun bidea». Ismenek uste du, katalan askok bezala, pedagogiaz jardun behar dela tiranoaren etxean, uste du azalpenak eman behar zaizkiola, hitz onek haren jarrera samurraraz dezaten. Maite duela dio Antigonak, bai, baina bazter uzten du, eta bere zuhurtasunak traidore bihurtzen du. Ez dio entzun nahi ahizpari, hark honela esaten diolarik: «Ez ote dituzu ikusten hurbilekoen dituenen begi izutuak? Erreguka bazoazkio, are eta gogorrago bihurtuko duzu, are eta sendoago, aukera oparituko diozu hiriari erakusteko bera, Kreonte, ez duela ez ezerk ez ezeinek geldiarazten. Bere boterea erakutsi nahi digu, gu otzanak izatea nahi du, bere txakurrak bezalakoak. Zu eta ni isiltzen bagara, mundu guztia isilduko da».

Ezinago fina Jordi Coca-ren Antigona hori, zeinak hilurren dagoelarik honela esaten baitio Tiresiasi, gaitzespenez: «Zu ere azkar askorik isildu zara, ba. [...] Zer duzu, beldur al zara zu ere? [...] Lagun gintzakezuenok, berehala kikiltzen eta koldartzen zarete. Aldaketarik ezin litekeela baino ez diozu, kontuak diren bezalakoak direla... Zenbat gezur dagoen esaten duzun horretan, eta isiltzen duzunean...!» Eta, buruenik: «Orain, hiria dela uste du berak [Kreontek]. Eta, zuk, gizon jakintsutzat daukazu zeure burua, haren aurrean behar baino kontu handiagoz darabilzulako mihia. Hil egiten nau haren dekretuak, eta zuk ere hil egiten nauzu, isilduta». Bada, bai, Tiresias ugari dago Katalunian, eta Antigona gutxi, egunean egunekoaren kudeatzaileek -Luis Llachek ametsik ez merkatzeko eskatzen zien haiexek- goitik behera irauli dutelako beren duintasuna, akats bihurtzeraino. Haien eskuetan, eroei dagokien patologia bihurtu da duintasuna. Baina, hein batean, haiei zor zaie Kataluniaren gainbehera, beren isiltasunarekin, beren beldur zuhurtasun-itxurakoarekin eta amore emate errealismo-eitekoarekin, bazterrean utzi baitute herrialde hau. «Esango digute itxaron egin behar dugula», kantatzen zuen Llach-ek 1978an, susmatu gabe orduan txalo jotzen zioten kide haietako batzuek beren lanbide bihurtuko zutela itxaronaldi hura.

Sorgorra izan behar da, zeharo, Kataluniaren gainbeheraz ez ohartzeko. Hizkuntza katalanaren hondamen pixkanakakoari erreparatu besterik ez dago, zeina katañol izeneko hizkera mordoilo bihurtzen ari baita, hedabide publikoen eta pribatu gehienen eraginez, eta zenbait filologoren elkar aditzeari esker. Hala, ia oharkabean, onartu beharrean izango gara hizkuntza katalana, energia oro bezala, ez dela galduko, baizik eta eraldatu egingo dela: espainolaren dialekto bihurtuko da. Kataluniaren gainbehera, ordea, ez dagokio soilik hizkuntzari. Politikari, ekonomiari eta gizarteari ere badagokio gure gainbehera. Geneukan politika katalan apurra politika espainol bihurtu da, gure errenta erori eta erori ari da oraindik ere, ikusgarriki, Melillakoaren hurrengo izateraino, eta gure azpiegiturak zaharkituta daude zerga ebasketa dela bitarteko. Eta are okerragoa da egoera halakoak guregan sorrarazten duen ondorio psikologikoa. Porrot irudipen handia dago, jendeak kezkatuta begiratzen du ingurura, eta bere buruari galdetzen dio non dauden nazio zahar honi duintasuna itzuli behar zioten buruzagiak. Baina ez dago buruzagirik.

Hala ere, baikorra naiz ni, eta bat nator Jaume Vicens i Vives-ekin, zeinak esaten baitzuen baieztapen egintza jarraitu bat dela Kataluniaren bizia, eta izateko borondatea duela eragile. Badakit egungo nahasmenduak baieztapen hori gezurta lezakeela, itxuraz, baina ulertu beharra dago umotze prozesu batean dagoela herrialdeko politika, eta horrek berekin dakarren nahasmendua haren zati bat baino ez da. Gero, zorionez, ez da itzulbiderik izango, eta Espainiarekiko gure mendekotasuna oroitzapen triste bat baino ez da izango. Komenigarria litzateke, beraz, arbasoen beldur patologikoaz dohatsuki libraturiko gazte jende horri kasu egitea, horiek erakutsi beharko baitigute aurkakoa zaigun errealitatea baino hobea irudikatu besterik ez dugula hura aldatu ahal izateko.

Hortaz, baldin eta umotze prozesu hori bizkorra izatea nahi badugu, gure hedabideetako mezuak katalanzentrikoa beharko du izan, argi eta garbi -edo euskalzentrikoa, Euskal Herrian-. Aurrera egingo badugu, ulertu beharko dugu mezuan datzala gure askatasunaren sekretua, mezuak pentsamoldeari eragiten baitio, pentsamoldeak egintzei eragiten baitie eta egintzek historiari eragiten baitiote.

Lletres , núm. 36, desembre-2008/gener-2009 (català)
Berria , 21/11/2008 (euskara)
Nabarralde , 21/11/2008 (español)
 
Euskal Herria, orain edo noiz? Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
diumenge, 28 setembre 2008
Juan José IbarretxeEz dakit Juan Jose Ibarretxe lehendakaria konturatzen den zenbateraino nekaraz dezakeen euskal herria erreferenduma iragartzeko estrategia berearekin, berez erreferendum ez den horrekin, eta egin ere egingo ez denarekin. Eta ez diot hori bat ez natorrelako -aitzitik, ongi irizten diot, herabeegia izanagatik-, baizik eta ez diodalako ikusten horrelako keinu baikor batek eskatzen duen adinako ausardiarik. Ongi dago lehendakariak mailaz maila igotzea legezkotasun espainolak ezarritako eskailerak, besterik ez bada ere haren egituren demokrazia gabezia eskandalagarria agerian uzteko, baina ezin ulertuzkoa da goraino iristear dagoela jiratu eta arrapaladan jaistea.

Kontsulta bat egitea erabakitzea jakiteko nola artikulatu nahi den politika aldetik euskal herria -herri horren zati bat, zoritxarrez- interesgarria da, nazionalismo espainola -Euskadiko Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialistak hain suharki hezurmamiturikoa- jokoz kanpo uzteko asmoz, baina kontsulta indarrik gabe geratzen da hura gauzatu ahal izateko borondaterik ez badago. Otsorik bada bakarrik balio du otsoa datorrelako gaztiguak. Eta Jose Luis Rodriguez Zapaterok badaki ez dagoela otsorik. Zapaterok badaki politikari ezinago diziplinatua dela Ibarretxe, indarrean dagoen legeriarekiko, denik eta bidegabeena izanda ere, eta ez dio beldurrik, aurrez uste izatekoa bezalakoa delako; eta aurrez ikusteko modukoa den oro da ahul.

Egia da Espainia, bere gatazka kolonialak nazioarteko bihur ez daitezen hain kezkaturik baitabil beti, deseroso sentitzen dela Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiko akusatuen aulkian egoteko ahalbidea dela eta, baina neurri horrek, luzea eta astuna izaki, urteak beharko ditu ondorioren bat ekartzeko, eta horrek ez luke izan beharko Ibarretxeren aukera bakarra. Gogora dezagun, esate baterako, Estrasburgok behin emandako epai hura, zeinak Espainia kondenatu baitzuen uko egin ziolako 1992ko urtean atxiloturiko hamabost independentista katalani egindako torturak ikertzeari, Garzon operazioa esan zioten haren barruan; epaia ez zen 2004ra arte etorri. Hamabi urte igaro eta gero! Eta beste horrenbeste gertatuko da, ziur askorik, Martxelo Otamendik 2003an jasandako torturengatik egun jarria duen salaketarekin ere. Legezko tranpa, esan gabe doa, ez da makineria judiziala mantso dabilela, ibili ezinago mantso baitabil, baizik eta Europako instantzietara jotzea dakarrela, salatutako Estatu horrekikoak bete ere baino lehen. Eta Estatu hori, logikoa denez, ederki arduratzen da prozesu hori atzerarazten, errekurtsoak jarriz eta epe guziak agortuz. Horrek esan nahi du Ibarretxeren B planak -zeren eta ez zuen beste planik, ezta?- ez duela inolako ondoriorik ekarriko 2020ra arte. Alegia, 63 urte izango dituenean eta, ziur askorik, politika aktiboan jardungo ez duenean. Bien bitartean, hamabi espainolek osaturiko talde bat -Auzitegi Konstituzional ere baderitzona- Madrilgo bulego batean bilduko da aurrerantzean ere, euskal herriaren eta haren Legebiltzarraren erabaki subirauak ke bihurtzeko. Ikuspegi horri begiratuz gero, ulertzekoa da ezker abertzalea uzkur agertzea Ibarretxeren estrategiarekiko; onenera jota, mantsoa bezain badaezpadakoa uste izatekoa den estrategiarekiko.

IkurriñaEsan daiteke, ordea, ez dagoela ezker abertzalekoa izan beharrik jarrera uzkurra agertzeko. Euskalzentrikoa izan besterik ez dago. Pertsona euskalzentriko batek ez du irrikatzen bere herrialdea 3000. urtean izatea aske, pertsona euskalzentriko batek askatasun horren garaikide izan nahi du. Askatasunean bizi nahi du, askatasunaz gozatu nahi du, askatasuna dastatu nahi du egunez egun eta oraintxe bertan, norbere askatasunaren norgehiagoka egunerokoak dakarzkion on-gaitz berberei aurpegi emanez. Horregatik normala da bere onetik ateratzea, aurrez ikustekoa zena bete egin dela egiaztaturik. Batik bat, bizitzako zenbait unek ausardia eskatzen dutelako, batez ere norbere askatasuna edo taldearena daudenean jokoan. Erreferendum bat debekatzea, bere burua demokratatzat daukan Estatu batean, larria baino larriagoa da, kriminalizatu egiten baitu galdetzeko eskubidea. Eta besteren pentsamenduaren beldur denak bakarrik kriminalizatu dezake eskubide hori, eta horixe da Espainiak egiten duena: kriminalizatu egiten du kontsulta, erantzuna -haren interesen aurkakoa uste izatekoa dena- ez dezaten aintzakotzat har nazioarteko instantzietan. Galderarik izan ezean, ez dago erantzunik, eta, erantzunik izan ezean, denak bere hartan dirau. Nagusiek ere debekatu egiten diete esklaboei beren buruari galde diezaioten ea aske izan nahi duten. Kriminal bat da galdera egiten duen esklaboa, bai eta erantzuten duen esklaboa ere. Nagusiak, beraz, lasai egin dezake lo. Horregatik ongi legoke gobernu espainola estutasunean jartzetik harago joateko asmoa agertuko balu Ibarretxek. Ez dago munduari aurrera eginarazteko modurik, bidegabeak diren legeak urratuz baino, eta, horretarako, azkeneraino iristeko prest egon behar da. Eta horrek esan nahi du egun bat jartzea, nazioarteko begiraleak gonbidatzea eta Espainiari lasai-lasai uztea bere burua nabarmen agertzen, indarrez galarazita bozka ematea. Kontua da, laburbildurik, indar espainola erabiltzea norbere mesederako, mundu osoari bira emango dioten irudiak baliatuta. Gainerako guztia energia eta denbora alferrik xahutzea izango litzateke, eta denbora beti izan du aldeko Espainiak.

Besterik da Espainiak Ibarretxeren proposamena arbuiatzeak zer irabazkin ekarriko dizkion EAJri hauteskundeetan, zeina ziur askorik sakon aztertua izango baitute, baina neure buruari galdetzen diot ea lau urtetik behingo hauteskundeak irabaztea eta orain arte bezala jarraitzea ote duen xede bere eskubideen jakitun den euskaldunak. Nik neuk, kale itsu horri begiraturik, alde on bakarra ikusten diot, eta da pizgarri izan dadila euskaldunentzat, behingoz konturaraziko dituena Estatu espainolean ez direla izango ez ezer ez inor. Euskal Herriaren etorkizuna, haren etorkizun bakarra, baldin eta halakorik benetan nahi badu, espetxe konstituzional espainoleko murruez bestaldean dago. Alegia, Espainiatik kanpo.

e-notícies , 21/9/2008 eta 25/9/2008 (català)
Berria , 21/9/2008 (euskara)
Nabarralde , 22/9/2008 (español)
 
Hizkuntz gorabehera bat Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
diumenge, 15 juny 2008
Incident lingüístic a CrevillentJabetzen naiz katalana eta euskara konparatuz gero, hizkuntza gutxituak diren aldetik, ñabardura batzuk egin behar direla. Esan nahi dut bizirik irauteko borrokan ari diren bi hizkuntza direla, espainolek mendeetan haiek desagerrarazteko ahaleginaren gainetik, baina berezkoa duten izaera dela kausa batek duen egoera eta besteak duena ezin dira parekatu. Desberdintasun horietako bat da, esaterako, biztanle katalanek zenbateraino dakiten beren lurraldeko hizkuntza eta euskal biztanleek berena. Esaterako, Herrialde Katalanetan -batez ere Katalunian-, espainieradun gehien-gehienek ondo baino hobeto ulertzen dute katalana, baita erabiltzen ez badute ere, baina ez da berdin gertatzen Euskal Herrian bizi diren espainieradunekin. Izan ere, euskararen eta espainieraren arteko distantzia genealogikoaren ondorioz, espainieradunek ahalegin berezia egin behar dute, katalanarekin ez bezala. Bestela esanik: oso normala da euskara ulertzen ez duten euskal herritarrak aurkitzea, baina arraroa da Herrialde Katalanetan bizi eta katalana ulertzen ez duenik aurkitzea. Uste dut hori gogoan izan behar duela irakurleak, orain kontatuko dudan pasadizoa ulertzeko, hori Euskal Herriko herri batean gertatzea diferentea bailitzateke; kontua gizaki guztiek beren hizkuntza beren herrian erabiltzeko duten eskubidea aldarrikatzeari dagokio.

Maiatzaren 30ean gertatu zen, Las Palmeras hotelean, Crevillent-en, Valentziako herri batean. Hango erakunde batek gonbidaturik joan nintzen hara, nire liburu Nosaltres, els catalans aurkeztera. Hurrengo egunean, hoteleko tabernara jaitsi nintzen gosaldu nahian, eta 'un cafè amb llet' eskatu nion barran zegoen zerbitzari bakarrari, hau da, kafesne bat. Errumaniako gazte bat zen, eta, gero jakin nuenez, badira urte batzu-batzuk Crevillenten bizitzen jarri zela.

- Un cafè amb llet, si us plau. (Kafesne bat, mesedez.)
- ¿Cómo? (Zer?)
- Un cafè amb llet. (Kafesne bat.)
- Será un café con leche (Kafesne bat izango da) --'con leche' indar handiz esanez.
- És el que he dit: un cafè amb llet. (Horixe esan dut, bada: kafesne bat.)
- A mí me habla en español. (Niri espainieraz egin.)
- És una ordre? (Agindu bat al da hori?)
- A mí me habla en español. (Niri espainieraz egin.)
- No, jo parlo en català. (Ez, nik katalanez hitz egiten dut.)
- No le entiendo y no tengo porque hablar catalán. (Ez dut ulertzen eta ez daukat zertan katalanez hitz egin.)
- Aleshores, si no m'entén, com és que respon tot el que dic? (Orduan, ulertzen ez badidazu, nolatan erantzuten didazu ezer esaten dudan aldiro?)
- Usted tiene la obligación de hablar español porque estamos en España. (Zuk espainieraz hitz egin beharra daukazu, Espainian gaude eta.)

Gure solaskideak hori esaten duenean -eta hori esatea ezinaren erakusgarri da-, alde egiteko garaia da, irabazi egin baitugu. Espainolista guztiek dute esaldi hori buruan, beti, eta ez dute erabiltzen itota sentitzen ez diren arte. Nik ez nuen alde egin; izan ere, solaskideak nire kontra egiten segitu zuen arren, azkenean kafesnea atera zidan. Kontua da tabernan, ez baita hotelaren bezeroentzat bakarrik, sei bat lagun zeudela, Guardia Zibileko biko bat barne, eta denek nire kontra jo zuten. Aurren, aldamenean nuen gizon bat hasi zen, «Espainian gaude» esaka, eta nik espainieraz hitz egin beharra neukala, katalana, euskara eta galegoa zein bere 'erkidegoan' bakarrik delako ofiziala. Erantzun nion Crevillenten geundela eta katalanez mintzatzen banintzen Crevillenteko hizkuntzan ari nintzela. Orduan, zentzugabekeriekin hasi behar izan zuen: Crevillenteko hizkuntza espainiera dela, katalana eta valentziera bi hizkuntza bereiz direla eta Crevillenten izena 'Crevillente' dela, ez 'Crevillent'.

Gorabeheraz beteriko kafesnea, nirea; izan ere, zerbitzariak esaten zidan, guardia zibilen begirada lagunkoiaren bila ari zela: «Espainieraz hitz egitea heziketa kontua da, eta zu ez zaude ondo hezia». Esan behar izan nion, noski, ondo hezi gabeko bakarra bera zela, uko egin diolako bizi den herriko hizkuntza ulertzeari -nahikoa bainuen ulertzea-. Orduan, barraren gainetik nigana hurbilduz, bota zidan: «Joan kakaginera». Zorionez, irainek hotz uzten naute. Nire ustez, ezinaren erakusgarri dira, eta ezina ikuskizun penagarria da. Horrek ez du esan nahi urduri ez nengoenik; urduri nengoen, bai. Alacanten Bartzelonara joateko hartu behar nuen trena ordu eta erdi barru ateratzekoa zen, eta guardia zibilek ni izorratu nahi izanez gero ez zegoen dudarik trena huts egingo nuela. Azkenean, espero izatekoa zenez, tartean sartu ziren. Eta esan zidaten espainieraz hitz egin beharra neukala. Baina nik ezetz erantzun nien, ez neukala horrelako obligaziorik nire herrian nengoelako eta nire hizkuntza ofiziala delako Valentzian. Era berean, Espainiako Konstituzioko 14. artikulua gogorarazi nien, jaioterriagatik inor ezin dela diskriminatu dioen hori. Gero, hoteleko zinpeko guardia ere etorri zen; uste zuen niri irain egiten zidala dozena erdi bat aldiz «maketo» esanda, eta esan behar izan nion hitz hori arrazakeria seinale zela. Baina ez zuen aditzen. Haren lankidea ere etorri zen, hura ordezkatzera etorri berritan, eta esan zidan arrazistak katalanak garela. Argi zegoen ez zuela inolako zentzurik eztabaidan denbora gehiago galtzeak, eta gelara itzuli nintzen, maleta hartu, eta alde egin nuen. Arrunt desatsegina izan zen, eta gogora ekarri zidan nire liburuaren aurkezpenean izaniko batek aurreko gauean esana: arrotz sentitzen zen bere herrian, horrelako istiluengatik.

Nolanahi ere, oraintxe kontatu dudan horren hiru alderdi nabarmendu nahi nituzke: denbora guztian katalanez mintzatu nintzela eta horrek erakusten duela ondo baino hobeto ulertzen zidatela; guardia zibilek txukunago jokatu zutela zinpeko guardiek eta zerbitzariek baino; eta ondo moldatu nintzela, nire sineste sendoei esker, nahiz eta kolkoan nirea banuen eta haiek sei ziren eta ni bakarra. Hain seguru agertzen nintzen esaten nuen horretan, baita guardia zibilei esaten ari nintzaienean ere katalana naizela eta ez espainiarra, non harriturik geratu baitziren. Horregatik, nahiz eta gertaera penagarria izan, pozik alde egin nuen, oharturik naturaltasunaren baretasunak salbatu ninduela. Haiek nire herria gorroto zuten, baina ni halako sineste sendoz ari nintzen, non haiek guztiz harritu baitziren. Nik duda egin eta beldurra erakutsi izan banu, berriz, haiek harrotu egingo ziren, eta hau porrot baten kronika izango zen. Horregatik, oso eskertzen diet, erakutsi baitzidaten nork bere buruari errespetua izatea bezalakorik ez dagoela errespetua sortzeko.

e-notícies , 12/6/2008 (català)
Berria , 15/6/2008 (euskara)
Nabarralde , 16/6/2008 (español)
 
Disidentziaren deabrutzeaz Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
diumenge, 27 abril 2008
Joan Carretero eta Rut Carandell
Joan Carretero eta Rut Carandell
Kataluniako Esquerra Republicanaren (ERC) barnean sortu den borrokaren ondorioak ez dira benetan jakingo datorren ekainera arte, orduan egingo baita Kongresu Nazionala; bien bitartean, baina, edonolako trikimailuak ikusiko ditugu, arerioa higatzeko asmoz.

Oraingoz, sektore ofizialistak dagoeneko hasi dira praktikan jartzen Convergencia i Uniori lehen hirukoa sortu zelarik arrazoiz hainbeste kritikatu ziotena: gutunak edo iruzkinak bidaltzea, barra-barra, berripaperetara eta atari digitaletara. Une hartan, CiUk, Gobernutik egotzia izandakoaren erresumin osoz, ERC deabrutu egin zuen, itxuraz bat-batekoak ziruditen iritziak baliatuta; haur batek ere aise igar ziezaiekeen, ordea, federazioaren kabinete mediatikoak egunetik egunera errepikatzen zituenen kalko hutsa zirela. Orain, ERCtik, beste horrenbeste egiten ari dira, egungo estrategiarekin bat ez datozen ahotsen aurkako iruzkin omen-kentzaileak baliatuta. Inguruabarrak ez dira berberak, jakina, baina interesak berberak dira.

CiUk galdu egin zuen boterea, eta ERC -haren batzorde eragilea- boterea galtzeko zorian dabil. Egoera kezkagarria, beraz, Kataluniako Parlamentuko sigla horiei dagokiena, hango indar guztien artean idealik goi-mailakoena ageri baitute: Kataluniaren independentzia lortzea eta Europako estatu kide bihurtzea. Printzipio hori, zoritxarrez, lagunarteko hizkeran edo esaldi ordezko moduan bakarrik aipatzen baita hauteskunde kanpainan, apaingarri huts bihurtu da; eta orain zilegi dirudi edozerk, berritzaileak estigmatizatzearren. Nik neuk, eta ez naiz alderdikoa, edonolako irainak eta iruzkin omen-kentzaileak entzun behar izan ditut ERCko ustezko militante batzuengandik, bai eta isiltzeko agindu larderiazkoak ere. Horiexek dira, dagokien koldarkeria ohikoaz, gezurrak edo kalumnia beltzak esaka dabiltzanak, hainbat foro digitaletan baliatzen den barra askeak horretarako bide ematen baitie. Esan gabe doa intelektual ezdeusez ari garela, arrazoibiderako edo argudiatzeko gai ez diren norbanakoez, eta nahitaez purrustadaka eta zentzugabekeriak esanez ibili behar dutenak; argi dago, ordea, joko zikinean dihardutela, itxura orbangabea duten zenbait pertsonaren izenean.

Alde horrexek homologatzen ditu ERC eta gainerako indar politikoak: ideologia totalitarioa duten pertsonen hainbateko bat izatea beren boto-emaileen artean, haien ideologiaren mende izatea galdatzen diona multzoari. Hala, ontzi errepublikanoaren ibilbide suizida auzitan jartzen ausartzen den ahots oro «konbergentea» da, onenera jota; edo «terrorista», okerrenera jota. Paranoiak ere badu horretatik apur bat, arerioak ikusten ditu non edo non. Egia da, baina, ez direla ez alderdiaren ez inortxoren arerio, immobilismoaren arerio baizik.

Peter SellersKontraesana irudi beharko luke 350.000 botoren galera ez izatea aski galera horren erantzuleek -edota ez dago erantzulerik?- jendaurrean aitor dezaten berriro ere hirukoaz baliatzea hutsegite bat dela. Batik bat PSCk, lehen legegintzaldiaren ostean, Josep-Lluis Carod-Rovira kontseilari nagusia kargutik kendu eta ERC Gobernutik kanpo egotzi eta gero. Autoestimu maila txikia behar du izan edonork edo boterearen pribilegioen premia handia, mundu guztiaren aurrean alde bietatik umiliatu duen alderdi berberari entregatzeko Generalitatea birritan. Baina hori, ongi pentsatuta, bat dator ofizialisten aurreranzko ihesaldiarekin ere, zeintzuek PSCrekiko itunaren ontasunak nabarmentzen baitituzte oraindik. Eta, azkeneko hauteskundeetan jasandako boto-emaileen diaspora ez bada nahikoa indartsua izan, dimisioaren keinu betiere dotorea eginarazteko hirukoaren arkitektoei, espero izatekoa da Peter Sellers-ek The Party filmean antzezturiko soldadu hinduaren antzera jokatuko dutela hirurek: izan ere, turuta jo eta jo iraun zuen hark, nahiz eta milaka balaz josi zuten. Ez dut uste, hala ere, jokabide ona denik, Kataluniako hurrengo hauteskundeei begira. Espainiako hauteskundeetan 350.000 boto galtzea, gogorra izanagatik, oker txiki bat baino ez da, alderdi independentista baten logikarentzat; hauteskunde nazionaletan galtzea, ordea, hondamendia da.

Oraingoz, beldurra da gailen, sektore kritikoak gero eta indartsuagoak direla ikusirik; horiek, duela ez hainbeste, eta zuzendaritzaren ustez, bi katu ezjakin besterik ez ziren. Eta goraldi horri galga jartzeko, dagoeneko hasi dira iristen PSCren laguntzak. Une hauetan, bada errepublikanoz mozorroturiko sozialista franko, ERCren tesi ofizialisten babesle direnak, bai baitakite tesi horiek inposatzen dituzten edo ez, horren araberakoa izango dela PSCren agintaldiaren iraunkortasuna. Ahots horiexek diote, halaber, boto-emaile errepublikano disidente oro dela CiUrekin itun bat egitearen aldekoa. Mezulari horiek ez diote, ordea, ez baitzaie komeni, ordainik gabeko itun hori negozio hondagarria izan dela ERCrentzat eta negozio biribila PSCrentzat. ERCk agudo bete du Generalitateko Kontseilaritzaren balkoian Espainiako bandera jartzeko agindua -Joan Carreterok handixe kendua izaki-, sozialisten esku utzi du hedabide publiko guztien kontrola, eta, besteak beste, irentsi egin du mendekotasun legeak dakarren eskuduntza eraso agerikoa. Ezbairik gabe, gauza positiboak egin dituzte, baina non da errentagarritasuna, ez badakite haiek merkaturatzen? Hau da, Carodek behinola erakutsi zuen giltza, ERCk PSC makurrarazteko zuen gaitasunaren metafora gisa, desagertu egin da zeharo. Orain, gutxienez, oinarri errepublikanoek daukate benetan existitzen den giltza bakarra.

Alferrik galduriko energiak eta denborak ematen dute minik handien. Gobernutik egotzi zutenez geroztik, oposizioan irauteari iritzi izan diot betiere aukerarik gomendagarriena ERCrentzat, baldin eta ez bazuen behar besteko indarrik herrialdeari ordain erabakigarririk eta alderdiari hautabide errentagarririk eskaintzeko. Horixe zen logikoena; hala egin ezean -gertatu den moduan-, berak ordaindu beharko zituzkeen PSCren politika espainolistaren hutsak. Horrek azaltzen du une hauetan zergatik diren PSCkoak, eta ez ERCkoak, errepublikanoen goi kargudunak gartsukien aldezten dituztenak.

e-notícies, 21/4/2008 i 24/4/2008 (català)
Berria , 23/4/2008 (euskara)
Nabarralde , 24/4/2008 (español)
 
Hitza hormaren kontra Imprimeix Correu-e
Aurkezpenak
per Víctor Alexandre   
dijous, 10 gener 2008
Hitza hormaren kontraNabarraldek, nik idatziriko Hitza hormaren kontra liburua katalanetik euskarara itzultzea sustatu duen kultur elkarteak, eskatu dit testu batean azaltzeko zergatik idatzi dudan liburu hori eta zer lotura duen euskal errealitatearekin. Bada, izenburua metafora bat da, katalanok eta euskaldunek Espainiarekin dugun gatazkaren metafora. Mendeak dira gure hitzak Espainiako hormarekin topatzen direla eta nor garen eta erabakitzeko nolako eskubide utziezina dugun azaltzeko pedagogiak topo egiten duela espainolen itxikeriarekin. Denboraz osaturiko itsasoak zeharkatu ditugu eta, hala eta guztiz ere, jabetza gisa bakarrik nahi gaituen herrialde bati kateaturik segitzen dugu: desnaturalizaturik, espainolizaturik eta menperaturik. Gure izaerak espainolen izaeraren menpeko izan behar du; gure hizkuntza, eskualde baten berezitasuna baino ez; eta gure nazio eskubideak, eguzkiak sorturiko irudikeria bat. Horrela erabaki du itxikeriak.

Hitza hormaren kontra liburua itxikeria horren kontrakoa da. Itxikeriaz hitz egitea norberaren existentzia ez ezik besterik ere badela ulertzeko ezintasun ia genetiko batez hitz egitea da, despotismoaren nagusitasunaz eta errespetuaren eta jakintzaren ignorantziaz hitz egitea. Itxikeria argiaren etsaia da, eta komunikazioaren etsaia. Ez dago elkar ulertzerik itxikeria nagusi den tokian.

Egiazko bi pertsonaren arteko solasaldi elektroniko gisa dago osatua liburua -Fernando Campos, Madrilgo espainola, Europako Parlamentuko itzultzailea eta PSOEren boto-emailea, eta ni neu-, eta sufritzen dugun gatazka politikoaren alde guztiei heltzen die: nortasuna, kultura, hizkuntza, komunikabideak, egunkarien ixtea, partiduen legez kanporatzea, independentismoaren deabrutzea, hitzezko bortizkeria, indar armatuak, Estatu terrorismoa, nazionalismo espainola, autogorrotoa, kolaborazionismoa, diruz lagunduriko frankismoa, mugak, erreferendumak, autodeterminazio eskubidea... Ez dago esan beharrik solaskide espainola topikoez baliatzen dela gai horiei heltzeko eta liburu egilea behartua dagoela lan pedagogikoa egitera baina itxikeria topatzen duela behin eta berriro. Ikus ditzagun adibide batzuk.

«Katalanei beren hizkuntza erabiltzea galarazi zieten, eta katalan ez zirenei eta faxista ez zirenei, beren hizkuntza nahi zuten bezala erabiltzea», dio Fernando Camposek. Baina tranpa egiten du. Egia da faxista ez ziren espainolek frankismoa sufritu zutela euskaldunek eta katalanek bezalaxe, baina euskaldunek eta katalanek haiek halako bi sufritu zuten, beren nazio izaeragatik. Camposek nahita nahasten ditu adierazpen askatasunaren falta eta hizkuntza jakin bat erabiltzeko debekua. Espainol errepublikanoek ere gerra sufritu zuten, baina inor ez zuten sekula jazarri espainol izateagatik. Haietako inori ez zioten sekula galarazi espainieraz hitz egitea. Katalan eta euskaldun guztioi -guztioi- katalanez eta euskaraz hitz egitea galarazi ziguten. Espainian, beraz, adierazpen askatasuna debekatu zuten. Katalunian eta Euskal Herrian, adierazpen askatasuna, euskara eta katalana debekatu zituzten. Azken batean, katalan eta euskaldun izatea galarazi ziguten.

Euskal Herriak eta Kataluniak beren estatus politikoa erabakitzeko duten eskubideari buruz hizketan, Fernando Camposek honela dio: «Victor, nik gustura aldatuko nizuke nire estatutu juridiko nazional zehaztua zurearen truke, zehaztu gabe duzun horren truke, ikus dezazun zer-nolako orgasmoa den». Egia esan, nire solaskidea ezagutuko ez banu, sarkasmoz ari dela pentsatuko nuke. Baina ez: serio ari da, eta horrek horma zein lodia den erakusten du. Zer da, eta orain orgasmoa omen da zehaztu gabeko estatus juridikoa izatea, hau da, katalana edo euskalduna izatea. Eta nolatan daki espainol batek euskalduna izatea orgasmo bat dela? Horrek gogora ekartzen dit zenbait aberats nola mintzatzen zaizkien pobreei ongizatearen kontra. «Ez ezazu izan aberasteko grinarik», esaten dute, «arazoak izango dituzu eta». Camposen argudioa -horrela deitzea zilegi bada- hain da esnoba, barre txikia eginarazten du, unibertsalista faltsuen diskurtsoarekin bat egiten baitu, alegia, estatu eta mugen kontra omen dauden baina espainol gisa definitzen dituen nortasun agiria erretzeko gai ez diren horiekin. Haien aberria kosmosa baldin bada eta egiaz munduko herritarrak baldin badira, zergatik ez dira saiatzen munduan barrena ibiltzen kosmoseko herritar gisa definitzen dituen nortasun agiri batekin? Jokabide horren metafora bat ageri da Bernardo Bertolucciren The Dreamers filmean. Frantzian girotua dago, 68ko maiatzean: bi gizonekin dabilen aberaskume eder batek, Isabellek, esan ohi du jabegoek ez dutela zentzurik, eta, koherentea dela erakusteko, kanpadenda batean bizitzea erabakiko du. Eta halaxe egingo du, baina aitaren etxeetako batean jarriko du denda. Beraz, aitak ordaintzen ditu, hilero-hilero, haren mantenua, soinekoak eta gutiziak. Espainiako nortasun agiria poltsikoan duzula erraza da esatea: «Kosmosa da nire aberria». Baina, azken buruan, beti aurkitzen dugu bere kontraesanetan harrapaturiko gizabanakoa.

Hitza hormaren kontra liburua horretaz ari da, espainolismo atseginaren topiko tradizionalen kontrako argudioak lantzeko. Hainbeste agertzen da gaia bai familian, bai lantokian eta bai lagunartean, eta, gure emozioekin duen lotura dela kausa, hainbestekoa da sortzen digun ezinegona, ezen askotan kosta egiten baitzaigu topikoari erantzuten asmatzea. Horregatik, ideia biribila berandu etortzen zaigu gogora, eztabaida bukatua dela eta gu etxerako bidean. Orduan ohartzen gara, saminez, eztabaidak frustrazioa besterik ez digula ekarri. Konponbidea hormaz alde honetan ez baizik bestaldean dagoenean, onena horma gainetik salto egitea da.

Berria , 23/12/2007 (euskara)
Nabarralde , 23/12/2007 (
español, euskara)
victoralexandre.cat , 18/1/2008 (català, español, euskara)
 
Euskal Herria eta Katalunia bidelagun Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
diumenge, 06 gener 2008
Euskal Herria-CatalunyaDirudien baino garrantzitsuagoa izan da joan den abenduaren 29an Euskal Herriko eta Kataluniako selekzio nazionalek San Mames estadioan eta 40.000 ikusleren aurrean jokatu zuten futbol partida. Bi federazioetako presidenteen, Iñaki Dobaran eta Jordi Rocheren adierazpenak ñabardura handikoak izan dira, ezbairik gabe, eta betiere izkin egin diete kontuaren alderdirik korapilatsuenei. Dobarani galdetu diotelarik, esate baterako, ea Federazioa politikatik bereizi nahian dabilen, erantzun du batzordeko kideei aipatua ziela halakoxe jarrera behar zuela hartu, alegia partida politizatzea saihestea, "zeina bai baitakigu 'match-ak' berekin dakarrela, baina guk ez dugu horri buruzko iritzirik eman behar. Ezbairik gabe, futbolzale asko eta asko dira, bai eta futbolzale ez direnak ere, beren selekzioak lehiaketa ofizialetan jokatzen ikustea gogoko luketenak. Hori da helburua".

Jordi Rochek, berriz, honela erantzun dio Madrilen erreakzioak kezkatzen ote duen galdetu diotelarik: "Alde batera utzi behar dugu. Bada sentimendu bat, eta bihurgune batera iritsi gara. Hondoa jota genbiltzan partiden ereduei zegokienez, eta orain selekzioaren aldeko gogoa susperrarazi behar dugu berriro. Jokatzeak berekin dakar, halaber, lehiatu ahal izateko eskubidea aldarrikatzea, Eskoziak egiten duen bezala. Bat baino gehiago harrituta geratuko litzateke jakingo balu FIFAk zenbat herrialde hartzen dituen aintzakotzat. Zenbaitzuek nahiago lukete selekzioarenak egingo balu, baina Kataluniak ez du horretarako bide eman. Lehenbiziko urratsa da barnean aintzakotzat hartuak izatea. Bigarrena, aurrera egitea, ofizialtasunerantz. Eta argi eta garbi dago denak ere baduela sentimendu bat, eta asko duela aldeko. Hor esku hartzen du alderdi politikoak".

Catalunya i Euskal Herria, un camí junts

Hortaz, bada, ezinezkoa da funtsean alderdi politikoa saihestea. Hala erakutsi zuen partidak. Inori axola al zitzaion emaitza? Golak sartzen ikusteko irrikari edo partidaren zama sinbolikoari eskerrak bete zen San Mames? Politizazioa bertatik bertara suma zitekeen, eta beti sumatuko da, bai lagunarteko partidetan bai partida ofizialetan, kirola ez baitute ez euskaldunek ez kataluniarrek politizatu, baizik eta nazio-estatuek. Estatuek sortu zituzten selekzio "nazionalak", beren lurraldeak kirol epikaren bitartez lotzearren. Estatuek politizatu dituzte lehiaketa nazioartekoak, eta banderen nahiz ereserki nazionalen gorespen bihurtu Olinpiar Jokoak; estatuek banandu dute mundua herri eskubidedunen eta herri eskubidegabeen artean. Fernando Alonsoren irudiarekiko gorespen aberkoia, Katalunian, eta TVáko zarakar sozialistaren lankidetza bozkariozkoa, esate baterako, kartsutasun horren oinordeko dira. Ez dute nahikoa beren "selekzioa" izatearekin; horrez gainera, "halabeharrezko espainolez" josi beharra daukate, noizbehinka dominaren bat irabaztearren eta "Jainkoa espainola dela" irudikatzearren.

Baina egunen batean eragozpen horiek guztiak bertan behera eroriko dira, eskubideen indarrak bultzaturik; eta, Espainiak, baldin eta bere harrotasunak horretarako biderik ematen badio, Kataluniari edo Euskal Herriari aurre egin beharko dio orduan lehiaketa ofizial batean, eta balizko garaipen baten ahalbidea onartu beharko du. Bien bitartean, Jose Montilla ez da joango aurrerantzean ere presidente den herrialdeko selekzioaren lagunarteko partidetara, groteskoa bailitzateke, koherentziarik gabekoa ez ezik, kataluniar eta euskal selekzioen aurkako alderdi politiko bateko idazkari nagusia izatea palkoko presidente eta, aldi berean, estadioko ikusleek haren aurka jotako txistu izugarriak entzun behar izatea. Nolanahi ere, aipaturiko partidaren garrantziak ez du inolako zerikusirik Montillarekin, baizik eta elkar maitatzen, miresten eta errespetatzen duten bi herriren batasunarekin. Herri horiek biek ikasgai bikaina eman zieten beren gobernuei, eta helburu komun bat erdietsi zuten. Izan ere, ez da oso buruargia izan behar konturatzeko zer-nolako garrantzia izan dezakeen kirol batasun halakoa jokaleku politikora aldatzeak. Kataluniako eta Euskal Herriko gobernuak ulertzen dutenean banandurik baino indartsuagoak direla elkar harturik, orduan nor bere Estatua erdiestear egongo da.

Manifestació per l'oficialitat de les seleccions catalana i basca

e-notícies , 3/1/2008 (català)
Berria , 16/1/2008 (euskara)
Nabarralde , 16/1/2008 (español)
 
Erabateko setio egoera Euskal Herrian Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
dimecres, 17 octubre 2007
Estat de setgeBenetan eskandaluzkoa da Justizia eta Espainiako Gobernua egiten ari direna Euskal Herrian. Arrazoi du gobernu autonomikoko bozeramaile Miren Azkaratek dioenean euskal gizartea epaitzen ari direla, bere buruaz bere kabuz erabaki nahi izate hutsagatik. Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren aurkako epaiketak, Batasunarekin hitz egin izateagatik -ez al dira diktadurak elkarrizketa krimentzat jotzen dutenak?-, eta ezker abertzalearen aurkako jazarraldiak -Alderdi Sozialistaren hauteskunde interesak bakarrik asebetetzearren egindakoak-, ondorio larriak eragingo ditu euskal eta espainiar gizarteetan.

Ezbairik gabe, atentatu baten erruduna atentauaren egilea bera da, baina indarkeria politikoaren agertokiek badituzte erantzule politikoak. Eta ETAren berrogei urteko bizialdiak argi erakusten du ez dagoela gatazka amaitzeko borondate politikorik. Aitzitik, Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialistak ahalik eta hauteskunde errentagarritasunik handiena ateratzen diote. Moralgabea da, jakina, baina noiz erakutsi dute bakea axola zaienik boterea baino gehiago?

Terrorismoaren Kontrako Legea eta Alderdi Politikoen Legea, argi eta garbi, demokraziaren aurkako legeak dira, eta erregimen totalitarioei dagozkienak berez; eta, gainera, jakinekoa denez, inolako eraginik gabeak arazoa konpontzeko. Lehena, Terrorismoaren Kontrako Legea, ezker independistek parlamentuan ordezkaritzarik ez izateko zurigarria da -botorik izan ezean, ez da aulkirik-; nahiz eta, ikusi dugunez, horrek berekin ekarri pertsona errugabeak espetxeratzea eta egunkarietako zuzendariak berak ere torturatzea.

Kontuak horrela izanik, ezker abertzaleak hobe luke Alderdi Sozialista ez gutxiestea. Gogorarazi egin beharko ote zaio alderdi horren erregimenaren menpean bizi izan zirela Espainiako Estatuan ustelkeria politiko, polizia tortura eta Estatuaren terrorismo kasurik eskandaluzkoenak? Gogorarazi egin beharko ote zaio alderdi horrexek berak landu duela Memoria Historikoaren Lege bat, zeinak ez baititu baliogabetzen frankismoaren epaiketa guztiz sumarioak, eta, PSCren eta ICVren botoei esker, legezkotzat jotzen baitu Lluis Companys presidentearen fusilatzea.

Bada, alderdi horrek berak setio egoera ezarri du Gipuzkoako Segura herrian, hango biztanleak identifikatzera behartzeraino eta haien mugimendu guztiak kontrolatzeraino. Euskal Herriko zenbait herritan, bestalde, terrorismo delitua da lau pertsonaren arteko bilera bat egitea. Frankoren garaian bezalaxe. «Bitik gora, ezetz», esaten zuten garai haietan.

Jakina, euskal autonomia bertan behera ere utz dezakete azkenean, Alfonso Guerrak eta Juan Carlos Rodriguez Ibarrak eskatzen duten bezala, baina ez da beharrezkoa izango, Ibarretxe lehendakariak ez baitu inolako erreferendumik egingo, Alderdi Sozialistaren adostasunik gabe. Ibarretxek ondo baino hobeto daki keinuen hizkera, baina nekez aurpegi emango dio Espainiako Gobernuari, ez behintzat hura jendaurrean nabarmen uzteraino. Eta hori tamalgarria da, norbait erreferendum baten aurka matxinatzen ikustea baita haren kultura demokratiko apalaz jabetzeko modurik egokienetakoa.

Politikan ez da irudi patetikoagorik, bozen eta armen arteko, eta demokraten eta totalitaristen arteko buruz buruko hori bainoago. Alegia, armen indarrak bahituriko bozketena. Zuzenbide Estatua ere baderitzo horri nor edo nork, pentsa!

e-notícies , 15/10/2007 (català)
Berria , 18/11/2007 (euskara)
Nabarralde , 18/11/2007 (español)
 
'Txiki', Francoren azken krimena? Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
dijous, 27 setembre 2007
Juan Paredes Manot, 'Txiqui'
Juan Paredes Manot, Txiqui
Goizaldera, 1975eko irailaren 27an, epaiketa guztiz sumario baten sententzia betearaziz, erregimen frankistak bost pertsona fusilarazi zituen. Oparotasun ekonomikoari esker, Europako erdialdean bizi ziren immigranteengandik heldutako dibisek eta munduaren egoerak ekarria baitzen, dezente aldatu zen Estatu espainoleko bizi kalitatea, eta Francoren erregimena laster batean ahultzen ari zen. Ahultze horrek, ordea, ez zuen arinagotu haren basakeria. Aitzitik, areagotu egin zuen. Diktadorea hil eta gero nekez iraungo zuen jakitun, hilez hiltzea erabaki zuen erregimenak; eta haren azken biktimetako bat izan zen Juan Paredes Manot Txiki.

Joan den irailaren 27an, Bartzelonako Aliança del Poble Nou antzokian, ekitaldi bat egin zuten, fusilatze haren oroitzapenari bizirik iraunarazteko. Omenaldi ezin hunkigarriagoa izan zen, Giza Eskubideak Babesteko Asoziazio Katalanak antolaturikoa, eta Txikiren ama eta neba-arrebak bertan zirela egindakoa. Hizlari aritu ziren: besteak beste, Joan Tardà Esquerra Republicanako diputatua, Doris Benegas Izquierda Castellanakoa, Magda Oranich, Gorka Knör eta ni neu. Ekitaldian esku hartu zuten, halaber, Josep Terok, Feliu Venturak eta Euskaria Abesbatzak. Hizpide izan zuten, orobat, Angel Otaegiren fusilatzea, hura ere egun berean eta ordu berean hilarazi baitzuten; Otaegiren hilketa are zorigaiztokoagoa izan zen, Burgosko kartzelan hil baitzuten, hantxe bakar-bakarrik zegoela eta inongo lekukorik gabe.

Baina Bartzelonako ekitaldia omenaldi bat baino zerbait gehiago izan zen, herrien autodeterminazioaz hitz egin baitzuten han, eta Espainiako Gobernuak berriki onarturiko Oroimen Historikoaren Lege proiektua salatzeko balio izan baitzien. Hogeita hamabi urte igaro dira Franco hil zenez geroztik, eta haren krimenek Espainiako alderdi nazionalista nagusi bien babespean daude oraindik ere: Alderdi Popularrak uko egiten dio krimen haiek kondenatzeari, eta Alderdi Sozialistak babestu egiten ditu oraindik diktadorearen epaiketa guztiz sumarioak, legezkotzat jotzen ditu erabat. «Beren egintzetatik antzemango diezue», esan zuen norbaitek duela bi mila urte.

Artean hogeita bat urte besterik ez zituela fusilatu zuen Txiki guardia zibil boluntarioen pelotoi batek Cerdanyolako basoaren soilgune batean, Bartzelonatik gertu dagoen herri batean. Alferrikakoak izan ziren Europa osoan egin zituzten mobilizazioak, eta Francok fusilatze aurreko orduetan izan zituen barkamen eskariak, Paulo VI.ak egindakoa besteak beste: «Franco lotan dago, eta agindua emana du ez inork gogaitarazteko», izan omen zen Vatikanoari emandako erantzuna. Goizeko zortzi eta erdietan, berdez jantzi ziren Guardia Zibileko sei kide, hiruadarreko txapelokerra buruan, beren krimena aginpidez mozorrotzearren, eta, bina balaz, pixkana-pixkana tiro egin zioten, exekuzioak zemaien plazeraz gozatu ahal izateko eta biktimari hilzoriko herioa luzarazteko. Eusko gudariak kantatuz hil zen Txiki, zeinak ordu batzuk lehenago Che Guevararen poema bat idatzi baitzuen: «No me busquéis bajo tierra, soy viento de libertad» (Ez nazazue bila lurpean, ni naiz askatasun haizea). Hilketaren lekuko izan ziren haren anaia Mikel, eta Marc Palmes abokatu defentsaria eta Magda Oranich.

Alabaina, ez zen gobernu espainolaren asmoa Txiki fusilatze pelotoi baten aurrean hiltzea, garrote bidez baizik. Hori eragozteko, Palmesek eta Oranichek eskatu zuten, epaian atzera egiterik izan ezean, Txikiri utz ziezaiotela behinik behin nahi zuen moduan hiltzen: eusko gudari baten moduan. Alegia, fusilaturik. Baina gobernu espainolak makurgaitz iraun zuen. Ezinago makurgaitz, harik eta inguruabarrek makurrarazi zuten arte. Ezin izan zitekeen bestela, Estatu osoan guztira ez baitziren izango bost baino gehiago garrotean trebaturiko borreroak, eta, horregatik, ezinezkoa zen aldi berean bost exekuzio izatea. Hortaz, bada, Francoren egoskorkeria gaiztoa izan zen garroteaz baliatu ordez fusilatzeaz baliatzera behartu zituena, aldi berean bost pertsona hiltzea neurri eredugarritzat baitzeukan hark; eta, azken batean, Txikiri berearekin irteteko aukera eman ziona, eta azken garaipentxo bat lortzekoa: sorleku izan ez zuen herrialdearen askatasunengatik hiltzea. Izan ere, Extremadurako espainol bat zen Txiki, bere bizia eman zuena Euskal Herriaren alde; horixe izan zen haren handitasuna, eta horretan datza benetako unibertsaltasuna.

e-notícies , 24/9/07 (català)
Berria , 9/10/2007 (euskara)
Nabarralde , 10/10/2007 (español)
 
Hitza hitzaren kontra Imprimeix Correu-e
Kritikak
per Aritz Galarraga   
divendres, 17 agost 2007
Hitza hormaren kontraYo no soy español elkarrizketa liburuarekin ezagutu genuen Víctor Alexandre kazetari eta idazle katalana (Bartzelona, 1950). Bertan, beren katalan izaera inolako konplexurik gabe adierazten zuten hamaika lagunen testigantza biltzen zen, izen esanguratsuak horien artean: Lluís Llach musikaria, Salvador Cardús soziologoa edota Oriol Bohigas arkitektoa, gutxi batzuk aipatzearren. Gerora, ezagunago egin da Alexandre gure artean, Berria eta Nabarralde agerkarietan idatzitako kolaborazioen bitartez. Baina, euskarriak euskarri, ideia jakin bati jarraitu zaio beti ere, helburu konkretu bati uneoro: katalanen eta, oro har, estaturik gabeko herrialdeen eskubide nazionalak aldarrikatu eta indartzeari, bai eta bide horretan arrazoibideak eskaintzeari ere. Hitza hormaren kontra, euskaratu dioten lehen liburua izaki, ezin zitekeen beste bide batetik joan. Ez alferrik, 'Independentzia ez da pribilegioa' azpititulua darama, liburuaren intentzioa azaletik bertatik garbi utzi nahian. Sarrera testutik hartutakoak dira xede hitzok: «hiru mende dira katalan hitzak espainiar hormaren kontra sistematikoki talka egiten duela. Hiru mende, katalan herriaren izate-nahi utziezina Espainiari azaltzen saiatuz. Ahalegin hauek denek, fede onez beteak, erantzun bakar baten kontra jo dute: cerrazón, alegia, itxikeria, egoskorkeria, temakeria». Modu horretan, hausnarketarako elementu izan nahi du liburuak, baina irtenbide posibleen bilduma ere bai. Hala azaltzen digu Alexandrek izenburuen hautua: «liburuaren izenburuak gatazkaren berri ematen digu, eta azpitituluak, berriz, hura konpontzeko giltza».

Besterik da liburuari emandako forma: ez da oraingoan elkarrizketa liburu bat, elkarrizketa bat baita liburua bera. Bi pertsonen arteko elkarrizketa, Víctor Alexandre beraren eta Fernando Camposen artekoa. Madrildarra da Fernando, Alderdi Sozialistaren boto-emailea. Alexandrek egiten duen deskribapenaren arabera «ez du Kataluniaren kontrako gorrotorik, aho betean adierazten die mirespena Kataluniari eta hura gizarte nazional bereizitzat zehazten duten ezaugarrietako askori; eta Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikatzea erabakiko balu, epel ageriko litzatekeela dio». Kazetari katalanaren hitzetan “espainiar perfektua da" Fernando. Eztabaidarako, bistan da. Lanbidez filologoa eta Europako Parlamentuko itzultzailea, datu horrek ederki azaltzen ditu bere adierazpenetarik asko, Europarengan duen itxaropena, esaterako: «Europako historiako proiekturik handienean buru-belarri baikabiltza: Europar Batasunak muga nazionalak eta haien albo-ondorioak –esaterako, monarkiak eta beste erlikia batzuk– desagerraraziko ditu, baina ez Erdi Aroko erresumak berpizteko».

Imajina dezakegun bezala, beraz, iritzi eta ikuspegi kontrajarrien arteko eztabaida dugu liburukoa, espainiar nazionalista eta independentista katalan baten arteko elkarrizketa luzea, baina etengabeak dira Euskal Herriari zein “euskal arazoari" egiten zaizkion erreferentziak. Alde horretatik esperientziak alderatzeko aukera du irakurleak, gertuko eta baliagarri izango zaion errealitatea hobeki ezagutzeko aukeraz gain. Eta bertan isurtzen diren iritzien gaineko juzkurik egin gabe (uste baitut hori ez dela kritika honen eginbeharra), esan beharra daukat modu argi eta argigarrian azaltzen dira bataren eta bestearen arrazoiak, inork inor zapaldu nahi izan gabe eta eztabaida lagunaren ikuspuntuarekiko errespetuz kasu guztietan.

Gara , 11/8/2007
 
Orain gure txanda da Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
dijous, 16 agost 2007
Comiat a Xirinacs al Fossar de les MoreresZuek uste duzue Xirinacs hil izanak ekarriko duela politikariak esna daitezela eta Kataluniari norabidea alda diezaiotela?», galdetu zuen gizon batek irailaren 11ko Diadako ekitaldietan. Jende guztiak ezetz erantzun zuen. Horixe baitzen ondorio logikoa zenbait politikarik eta TV3k esanikoa aditu ondoren. Izan ere, orain badirudi Xirinacs «Francoren kontrako borrokaren sinbolo» besterik ez zela, gizon zahar bat, denboraren joanean izaki zaharkitu bihurtua, errealitatearekiko inolako loturarik gabea. Are gehiago: batzuek buruko gaixotzat ere jo dute, burua gaizki zeukan eta zentzugabekeriak esaten zituen gizontzat. Irain lotsagarria da, bai horixe. Baina, ondo pentsatuz gero, irain horrek ez du zertan gu ukitu, ezinaren fruitu baita. Iraina, azken batean, ez da irain egiten duenaren muga intelektualen jendaurreko erakusgarria besterik, irainduaren gailentasun moral itzelaren erakusgarri argia. Alde horretatik, Xirinacsek hauxe utzi digu ondare gisa: boterean nahiz iritzia sortzeko guneetan egonik, Kataluniaren amore ematea bete beharreko arau bihurtu dutenei emaniko erantzuna. Hain da itsua haien berekoikeria, hain da zinikoa haien desertzioa, ezen ez baitira gai historian izango duten leku tristea ikusteko.

Lectura del parlamentoBadira Xirinacsen izena belztu nahi dutenak hura antitesi erabatekoa zutelako. Haientzat, Espainiaren menpeko izatea norberaren edo alderdiaren interesak zaintzeko modu bat da aspalditik; autodeterminazioa ergelkeria dela esaten dute, edo Kataluniak ez duela eskubide historikorik, edo PPrekin bat egiten dute Madrilen katalan hizkuntzaren batasunaren kontra, edo, aspaldi ez dela, Estatutuari baietz esateko eskatu dute, gu denok iruzur historiko batean partaide bihurtzeko. Baina, hara, Kataluniako azpiegituren oraintsuko kolapsoak agerian utzi du zenbateraino garen Espainiak ustiaturiko kolonia bat, gure politikariek bai ideologiagatik bai koldarkeriagatik emaniko oniritziaz. Politikari horiek berek, iritzi sortzaileen gorte guztiarekin, otzandurik nahi gaituzte, amore emaile eta menpeko, beraiek bezala; politikari horiek berek esaten digute ez dela independentziaz mintzatzeko garaia, badirela gauza garrantzitsuagoak. Eta zein dira, bada, independentziarekin batere zerikusirik ez duten gauza garrantzitsu horiek? Aulkiak, beharbada? Karguak, alderdietako hierarkia, norberaren harrokeria? Esango digute botoak behar direla aurrena, katalan herriaren eta euskal herriaren burujabetza erabatekoa lortzeko. Baina hori ez da egia. Geldikeria zuritzeko aitzakia besterik ez da. Politikariek dute gizarteari kontzientzia harrarazteko obligazioa, baita azaltzekoa ere gaur egun katalan nazioak eta euskal nazioak dituzten arazo guztiak -guztiak- beste herrialde baten menpeko izatearen ondorio direla.

XirinacsXirinacs «gidarien traizioaz» mintzatu ohi zen, eta, hala, agerian uzten zuen zein eskuzabala zen... Izan ere... non daude gidariak? Gandhi bai, hura gidaria zen. «Egiten duzuna egiten duzula, beharbada ez du ezertarako balioko, baina garrantzitsua da egin dezazun» esaten zuen gizon hark askatasuna itzuli zion Indiari. «Baina India herrialde pobrea da», pentsatuko du baten batek. Bai, hala da, India herrialde pobrea da. Eta zer? Indiarrek askatasuna ez zuten aberats izateko nahi, baizik libre izateko. Askatasunak ez du aberastasunik ematen; askatasunak duintasuna ematen du.

Beraz, beharrezkoa zaigu independente izatea, ez geurekoikeriagatik, baizik elkartasunagatik. Ez baitugu Barajasko aireportuarekin eta Madrilgo autobiekin eta metroarekin solidario izan nahi, baizik eta 40 urteko bizi itxaropena duten herriekin. Gurearen erdia. Beharrezkoa zaigu independente izatea geure bizkar bizi diren errege-erreginengandik askatzeko; beharrezkoa zaigu independente izatea gure Parlamentua ez dadin izan beste Parlamentu baten menpeko, zeinak ez baitigu uzten ezta gure hizkuntzan mintzatzen ere. Bada, orain gure txanda da. «Erradikal» deituko digute, dudarik gabe. Baina beste ezer deitzerik ez daukatelako deituko digute erradikal. Bai, erradikalak gara, jakina. Erradikalaren kontrakoa atzerakoia delako gara erradikal. Eta atzerakoiak dira, eskuineko zein ezkerreko, Katalunia eta Euskal Herria auzokoen menpe betiko egon daitezela nahi duten guztiak. Eta, erradikalen gisan konplexurik ez dugunez gure eskubideak aldarrikatzeko orduan, exijitu behar diegu gure politikariei ez dezatela bazter batean utz beren katalantasuna edo euskaltasuna, ez dezatela ahaztu beren herriarekin dutela konpromisoa, ez beren alderdiarekin. Beren herriarekin eta bizia haren askatasunaren alde eman zutenekin. Izan ere, horrela izan ezean, historiak ez baldin badu ezertarako balio, eta egonkortasunaren izenean nazio libre eta burujabeak izan ginela ahaztu behar baldin badugu, zer zentzu dute Diadako eta Aberri Eguneko ekitaldiek? Anbizioa zilegi da, baina konpromisoa noblea da. Eta zilegitasuna edo noblezia aukeratu behar denean, zintzoki uste dut noblezia aukeratu beharra dagoela. Horregatik eskatu behar zaie gure politikariei anbizioa edo konpromisoa aukeratu behar horretan konpromisoa aukeratzeko.

XirinacsEsan izan da Lluis Maria Xirinacsek bere buruaz beste egin zuela. Ez da egia. Xirinacsek ez zuen bere burua hil: non hil nahi zuen aukeratu besterik ez zuen egin, eta, han zegoela, bare-bare utzi zuen bizia gorputzetik joan zekion. Hori izan zen haren burujabetasun ekintza, Heriogana joatea, hari errepidean edo ospitaleko ohean etzanda itxaron beharrean, eta hori da haren bizi testamentua: guri esatea geu garela, geu bakarrik, gure patuaren jabe.

Racó Català , 17/8/2007 (català)
radiocatalunya.ca , 17/8/2007 (català)
El Punt , 24/8/2007 (català)
Berria , 20/9/2007 (euskara)
Nabarralde , 21/9/2007 (español)
 
Benicassimgo unibertsalista Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
dimarts, 24 juliol 2007
José Luis Morán, director del FIB
José Luis Morán, director del FIB
Irrigarri gertatzeraino dira grotesko Jose Luis Moran FIB Benicassimgo (Valentzia herrialdea) Nazioarteko Festibaleko zuzendariaren adierazpenak, eta, horrexegatik, ez dute inolako iruzkinik merezi. Hainbat kontu aipatuko ditut, baina, ezintasun intelektuala ez baita ergelkeriaren zuribide. Kazetari emakumezko batek galdetu bide dio ea asmorik baduen katalanez kantatzen duen talderik ekartzeko; izan ere, Benicassim Herrialde Katalanetako hiri bat da, eta, FIBn, herrialde askotako taldeek parte hartzen dute. Moranek ezetz erantzun dio, eta honako arrazoi hauek eman dizkio: «Ez dut nazionalismoetan sinesten, uste handiago dut beren kultura modu masiboagoan adierazten dutenengan, ahalik eta ikus-entzulerik gehienengana iristearren. Ulertzen dut nork bere sustraiak babestu nahi izatea eta horren alde egitea, baina ez nator bat hala egiten dutenekin. Aukeran, nahiago dut gaztelaniaz kantatzen duten taldeak babestea, euskaraz, katalanez edota galegoz abesten dutenen aldean. Kontua ez da murriztea, baizik eta gero eta hobeto komunikatu ahal izatea denok gure mundu honetan, eta nork bere zilborrari ez begiratzea horrenbeste». Eta, gero, bere inkontzientea «boikot» hitzaz biluzirik, hauxe erantsi dio: «Edozein kulturari boikot egin bainoago, komunikazio masiboagoa dugu helburu, ahalik eta ikus-entzulerik gehienengana iritsi ahal izatea».

Printzipioen adierazpen erabatekoa da, ezbairik gabe, eta, are gehiago, PSOEren inguruko norbaitek egindakoa izanik. Espainolez edo frantsesez kantatzen duen talde bat kontratatzea, nonbait, kosmopolitismoa da; katalanez edo euskaraz diharduen beste bat kontratatzea, berriz, nazionalismoa. Eta hala da, izan, talde katalan edo euskaldun batek espainolez kantatu beharko lukeelako, bere zilborrari begira aritu eta hizkuntza baztertzaile bat erabili ordez. Moran nazional-unibertsalista da, gizaseme goren mailakoa, naturaren noizik eta behingo sorkari mirarizko bat, eta, logikarik jarraiki, aberrigabea, kosmosa izaki haren aberria. Moranen aburuz --gogamen oro ezkutuan gorde ohi badu ere--, badira hizkuntza eta kultura goi mailakoak batetik, eta, bestetik, hizkuntza eta kultura behe mailakoak. Ikuspegi halakoak ez al dakarkio gogora irakurleari Europako erdialdeko ideologia zenbait? Katalanen, euskaldunen eta galiziarren hizkuntza eta kultura, esate baterako, hizkuntza eta kultura behe mailakoak lirateke; espainolen hizkuntza eta kultura, aldiz, Jose Luis Moranenak baitira, hizkuntza eta kultura goi mailakoak lirateke. Beraz, nork, ezpada ero, hiri xeheko edo atzerakoi ausarten batek, ezarriko lituzke agertoki batetik gutxiengotasun ageriko baten adierazpen musikal berariazko diren kantu batzuk? Zorionez, mailak eta mailak daude. Eta hizkuntza espainolak erakusten du maila, zeina baita, guztiok dakigunez, herri ireki, adeitsu eta komunikatzaileek askatasun osoz aukeratzen duten hizkuntza, berenari lotsagarri iritzita. Jose Luis Moran, gainera, orotariko nazionalismoen aurka dago. Oroz, bereaz izan ezik. Eta horrek ahaidetu egiten ditu Moran eta unibertsaltasunaren beste hiru ikono adierazgarri: Jose Maria Aznar -«Ni ez naiz nazionalista espainola, ni uste osoko espainola naiz»-, Jose Bono -«Espainola naiz eta uste osoa dut nire herrialdean. Ni ez naiz nazionalista»- eta Rodrigo Rato -«Ni ez naiz nazionalista espainola, ni espainola naiz»-.

Moranek dioenez, «kontua ez da murriztea, baizik eta elkar hobeto komunikatzea». Eta, jakina, elkar hobeto ulertzeko ezinbestekoa da hizkuntzen eta kulturen kopurua murriztea, bakar batzuk uzteraino, besteak beste, hara non, Moranena. Alegia, eta Benicassimgo Nazioarteko Festibaleko zuzendariaren ustez, inboluzionista ez da Planetako hizkuntza guztiak dozena erdira murriztu nahi dituen atzerakoia, baizik eta hizkuntza guztiak zaindu, babestu eta begiratu nahi dituena. Moran gaixoa!, hitzak darabiltza bere ideologia ezkutatzeko, ohartu ere egin gabe ez dela hizkuntza baino salatari gupidagabeagorik.
 
El Singular Digital , 24/7/2007 (català)
radiocatalunya.ca , 24/7/2007 (català)
Racó Català, 25/7/2007 (català)
Berria , 31/8/2007 (euskara)
Nabarralde , 1/9/2007 (español)
 
Futbola, anormaltasun politikoaren isla Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
diumenge, 24 juny 2007
La Senyera más grande del mundo, en el Camp NouEgun hauek zeharo ezkorrak izan dira, euskaldunentzat eta katalanentzat, kirol alorrean. Reala bigarren mailara jaisteak eta Barçak liga txapelketa --askoz ere lehenagotik irabazia zirudiena-- galdu izanak jende asko adoregabetu du, baita futbolzalea ez dena are. Izan ere, hizpide ditugun bi talde horiek, elkarri beti izan dioten begikotasunaz harago, Espainiako Estatuarekin mendeetan gatazka politikoan sartuta dabiltzan bi naziotakoak dira. Hizpide ditugun erakunde horiek biek, beraz, tokian tokiko ñabardura guztiak kontuan izanik ere, kirol alorreko mugak gainditzen dituzte, politika alorrera hedatzeraino. Izan ere, mundu honetan kontu gutxi izango da Espainiako liga txapelketa baino politikoagorik. Getaferen zaleek nahi zuten Real Madrilek edo Sevillak irabaztea liga, txapelketa espainiarren esku gera zedin; Tarragonako Nastic taldearen zaleek Barçak irabaztea nahi zuten, txapeldun tituluak katalanen esku jarrai zezan; eta Barçaren zaleak, milioika lagun baitira, Nastic eta Reala mailaz jaitsi izanaz damu ziren, Kataluniako eta Euskal Herriko taldeak zirelako mailaz jaitsitakoak.

Katalunia eta Euskal Herria, ordea, galdera errepikariak egiten dituzten herrialdeak dira. Mendeen joanean euskaldunek eta katalanok ez dugu gaitasunik erakutsi gure arazoak konpontzeko, eta horrek behin eta berriro gai berberak eztabaidatzera garamatza, herri normalizatuek aspaldian bazter utziak dituzten galderak egitera. Eguna joan eguna etorri, gure nortasunaz, hizkuntzaz, eskubideez, ikurrez... galdetzen diogu geure buruari. Horrexegatik bakarrik balitz ere, gurpil zoro eta ezinago kaltegarri horretatik irteteko premia ezinbestekoarengatik besterik ez balitz ere, ondo baino hobeto arrazoitua legoke gure independentzia politikoa berreskuratzea. Eta Barça, 106.000tik gora bazkide baititu eta munduko kirol erakunderik garrantzitsuena baita, ez dago horretatik kanpo. Horren froga da, urteen joan-etorriagatik, bere hartan dirauela taldearen kirolaz haragoko dimentsioari buruzko eztabaidak --klub edo talde soil bat baino gehiago delako ustearen gainekoa--. Beharbada gure heldugabetasun kolektiboaren adierazgarri da, gai berberaren inguruan jirabiraka baikabiltza etengabe, denbora irabaztea izaki helburu bakar, erabakiren bat hartzera behartuko gaituen ondorioren batera ez iristearren.

Más que un clubEsan dezagun berriro ere, bada: klub soil bat baino gehiago da Barça, ezaugarririk gabeko herri baten ordezkari delako, aitortza juridikorik eta nazioarteko oihartzunik ez duen herri baten ordezkari. Hala zen Francoren garaian, eta hala da autonomien estatua deritzonean ere. Logikoa da, beraz, Barça izatea oraindik ere katalanon frustrazio guztien bideratzailea. Barçaren garaipenak gure garaipenak dira, eta haren porrotak gure porrotak. Horrek azaltzen du kalean milioika jende bildu izana iaz, Txapeldunen Liga erdietsi zutelako esker onez. Zein umekeria mailataraino iritsi garen ere adierazten du, ordea; konturatu garenez, arrazoi berberak eragindakoak baitira orduko bozkario hura eta frankismoaren uztarpean ospakizun genituen garaipenek sorrarazten zigutena. Inpotentearen baliabideaz ari naiz, menderakuntza politikoa orekatzeko balio duen kirol estasiaz.

Egia da Barça katalandu egin dela berriro, Joan Laportaren etorrerari esker. Hura gabe, Joel Joanek ez zukeen sekula oihukatuko «¡Visca uns Països Catalans lliures!», estadioaren erdi-erditik; eta estadioan ere ez zatekeen sekula ospatuko, iaz gertatu zen bezala, Correllengua ekitaldirik --Mallorcan 1993an sorturiko ekimena, euskal Korrikan oinarriturikoa, eta Herrialde Katalan guztiak hartzen dituena--. Baina katalanok ez dugu gainditu herri heldu bati dagozkion ikasgaietariko bat bera ere, eta heldugabetasun eta gizarte aitortza gabezia hori bilakatu da, paradoxikoa badirudi ere, Barçaren kirolaz haragoko handitasunaren oinarri. Alegia, erakundearen handitasuna eta hari aitortzen diogun ordezkaritza bat-bat datoz ezinbestean gure anormaltasun politikoarekin. Konturatuko bagina independentzia ez dela pribilegio bat, baizik eskubide bat, eta, beraz, erabili egin behar dugula eta ez eskatu, orduan jabetuko ginateke futbol taldearen garaipenak opari pozoitua direla, gure erantzukizun nazionaletatik aldenarazten gaituena ezkutuan. Kataluniaren edo Euskal Herriaren normalizazioak berekin dakar nork bere selekzio nazionala izatea, eta selekzio horiek -eta ez kirol erakunde batek- batuko dituzte eta nazioartean hedaraziko nazio katalana zein euskalduna.

Halakorik gertatu ezean, Barça -edo edozein talde euskaldun- edonolako estutasunen eraginpean izango da. Horren haritik, gogora dezagun, esate baterako: Espainiako erregea eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Parisen izan zirela, Saint-Denis estadioko palkoan, eta Kataluniako presidentea albo batera utzi zutela -ez zioten harako gonbitik ere egin-; edo jokalarien solasaldia eten egin zutela Camp Noun ospakizuna egin zen egunean. Erran gabe doa gauza bakarra interesatzen zitzaiela benetan Espainiako erregeari eta Zapaterori, ez alderdia bera, baizik eta mundu guztiari aditzera ematea, eurak bitarteko zirela, klub espainiarra dela Barça, eta espainiarrak direla hark lorturiko garaipenak eta kopak. Solasaldiari bagagozkio, berriz, soinuaz arduratu zen enpresak argi azaldu zuen bost mikrofono zituztela eskura, eta beren tresneriak ez zuela inolako matxurarik izan. Horrek, jakina, are nabarmenago uzten ditu klubak -barnetik nahiz kanpotik- izan zituen presioak, badaezpadakoak inondik ere: jokalariren batek «ezezkoa» adierazten bazuen ere, Estatutaren iruzurraren gainean; edo Herri Katalanei buruzko aipamen zuzen nahiz zeharkakorik egiten bazuen ere. Eta horrek guztiak esan nahi du Bartzelona FC taldeak edo euskal taldeek beren gain duten zama sinbolikoak, bizitasun-emailea begitantzen bazaigu ere, ez dituela bilakaraziko ez diren hori: benetako selekzio nazional. Partida hori ez baita ostikoz irabaztekoa, kontzientziaz baizik.

Lluita , juny/juliol 2006 (català)
Racó Català , 29/8/2006
(català)
eurotribune.net , 30/8/2006 (català, english, español, français)
radiocatalunya.ca , 30/8/2006 (català)
Berria , 24/6/2007 (euskara)
 
Terrorista pasiboa Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
diumenge, 17 juny 2007
Papereta d'ANBZinez eskandalagarria da Eusko Abertzale Ekintza- alderdia (EAE-ANV) legez kanpo uzteko prozesuarekin gertatzen ari dena. Kultura demokratiko gabezia handiko herrialde bat baino ez litzateke ausartuko Espainiako Estatua alderdi horrekin egiten ari dena egitera. Zeharo ulertezina baita gizarte batek bere burua zuzenbide estatu gisa definitzea eta alderdi bat legez kanpo uztea bururatu ere egitea, alderdi horri botoa ematea nortzuek gomendatzen duten aintzakotzat hartuta. Noiztik da nahikoa norbaitek libreki egindako boto eskaera alderdi politiko bat hauteskundeetara aurkeztea eragozteko? Zer-nolako buru maltzurren elkar-hartze patetikok har dezake, azken batean, halako erabakirik? Bai, badakigu erabaki hori hartzeko aitzakia ofiziala dela Batasunak egin izana EAE-ANVren aldeko boto eskaera. Baina, eta zer? Ezin ote du iritzirik izan Batasunak? Iritzia izatea ere delitu al da? Gainera, ez al zuten legez kanpo utzi Batasuna, eta, ez al da, beraz, existitzen ez den alderdi bat? Galdera asko dira, zalantzarik gabe, baina besteren bat ere erants dezakegu oraindik. Esate baterako, zer gertatuko litzateke Batasunak Alderdi Popularraren edo Alderdi Sozialistaren aldeko botoa eskatuko balu? Alderdi horiek ere legez kanpo utziko lituzkete? Ezetz erantzungo du norbaitek, alderdi horiek --Batasunak egindakoaz bestera-- indarkeria kondenatu egin dutelako. Baina argudio maltzur horrek ere ez du balio, ez baikara Batasunaz ari, EAE-ANVz baizik, eta EAE-ANVk dagoeneko kondenatu du indarkeria. Are gehiago, Pernando Barrenak egin du EAE-ANVren aldeko boto eskaera; eta Pernando Barrena, hark duen askatasunak aski frogatzen duenez, ez da legez kanpo dagoen pertsona bat, ez eta ekintza terroristarik egin dutenetarikoren bat. Zer-nola azaldu, orduan, duen iritzia azaltzeko eta nahi duenaren aldeko botoa eskatzeko eskubidea ukatzea hari?

Azalpena, honako hau: indarkeria amaitzeko borondatea Espainiaren batasunari eusteko borondatea baino txikiagoa delako. Espainiaren batasuna --edozein pertsona jantzik badakienez, Big Bang delakoarekin hasi baitzen-- gai sakratua da, eta, sakratuaren alde egitea, logikoa denez, zuzenbide estatuaren eta giza eskubideen gainetik dago. Beraz, Espainiaren batasuna aldezteak --eta horrek bakarrik-- bultzatu ditu PSOE eta PP, CiUkoekin batean, Terrorismoaren Kontrako Legea eta Alderdien Legea sortzera; ustez aldeztu beharko luketen demokraziarekin kontraesanean dago, egon, lege horien bien izaera. Biktimei dagokienez..., antza denez, haien malkoen errentagarritasun politikoa baino ez zaie axola; eta pertsona maitaturen bat ebatsi dietenengana biktimek sentitzen duten bidezko gorrotoa zer-nola bideratu dezaketen hauteskundeetan. Hori baino ez. Ondo baino hobeto dakite polizia neurriek ez dutela gatazka konponduko, baina horretan datza haien programaren perbertsotasuna: ETAk bizirik dirauen artean, «Euskal Herriko indarkeriaz» mintzatu ahalko da Espainia; eta, indarkeria arriskurik bada, aitzakia izango dute ETAren helburu independentistekin bat datorren pertsona oro legez kanpo uzteko, nahiz eta ez etorri bat hark independentzia erdiesteko darabiltzan baliabideekin. Kontua da, azken batean, Espainia ezinezko horren desegite saihetsezina geldiaraztea edo, behintzat, luzaraztea; alegia, sozialisten eta popularren eldarniozko amets nazionalistetan baino tokirik ez duen Espainiaren desegitea. Horixe da benetan axola zaien bakarra. Horrexegatik ez dute proposatzen Espainiaren batasuna, soil-soilik inposatu egiten dute. Eta, inposizio horren bidez, betierekotasunaren bila dabiltza patetikoki, beren inperio helburuaren porrot agerikoagatiko atsekabe oihu etsipenezkoan.

Hortaz, bada, nekez izan dezake emaitza onik bake prozesu deiturikoak. Horretarako, ezinbestekoa litzateke PSOE alderdiaren sigletako E letra ez izatea gatazkaren konponbiderako eragozpen, eta PPrengandiko presioa ez izatea prozesua denboran luzarazteko zurigarria. Bestela, ondorioztatu ahalko baita PSOEri gehiago axola zaizkiola bere burua eta boterea, bakea erdiestea bera baino. Hori ondorioztatzen da, behintzat, Jose Luis Rodriguez Zapaterok Gasteizen egindako hitzetatik, «indarkeriarekin, ez dago prozesurik» esan baitzuen. Prozesurik? Zein prozesu? Barajasko atentatua gertatu baino lehen, su-eten iraunkorra izan zen bederatzi hilabetez, eta Espainiako Gobernuak ez zuen zirkinik ere egin. Are gutxiago, hartaz harro azaldu zen. Eta, orain, Zapatero ere bitarteko duela, esan du alderdien legea «hitzez hitz» aplikatu dela. Ez du txintik ere esan, ordea, talde historiko horren hauteskunde zerrenden erdiei betoa jartzearen inkongruentziari buruz, nahiz eta --lehen ere esan dugunez-- alderdi horrek dagoeneko berariaz kondenatua duen indarkeria.

Horri buruz, gainera, hainbat iritzi hartu behar dira kontuan. Esate baterako, alderdien legea aberrazio juridiko hutsa dela, diktadura erregimen batean bakarrik bururatu daitekeena, eta hari bere hartan eusteak helburu bakarra duela, euskal ezker independenteak ez dezala izan ordezkaritzarik legebiltzarrean; horregatik ez dute legez kanpo uzten Alderdi Popularra, frankismoa kondenatzeari uko eginagatik. Ez du batere graziarik, alde horretatik, Barrenaren boto eskaera nahikoa izatea EAE-ANV legez kanpo uztea aztertzeko; eta, aitzitik, ez egitea beste horrenbeste PPrekin, Ricardo Saenz Ynestrillas terrorismoagatik kondenatuak alderdi horrentzako botoa eskatzeagatik. Bitxia da, bestalde, Espainiako Gobernua harro agertzea legea «hitzez hitz» betearazteaz eta, aldi berean, Gobernuak berak lege hori urratzea, presoen hurbiltzea eragotziz. Baina, hasieran nioenez, larriena da Alderdien Lege hain antidemokratikoa hauteskunde legeaz gaindi iragatea, alderdi politiko bat kriminalizatzeraino, pertsona jakin batek alderdi horri buruz duen iritzia aintzakotzat hartuta. Beraz, adierazpen askatasuna urratzeaz baino zerbait arriskutsuagoaz ari gara: iritzi delituaren instituzionalizazioaz ari gara hizketan. Irakurlea jabetzen ote da horrek zer esan nahi duen? Horrek esan nahi baitu pentsamoldea kriminalizatzea eta delitu figura berri bat sortzea: terrorista pasiboarena. Zeina gutariko edonor izan baitaiteke.

Manifestació ANB

Berria , 25/5/2007 (euskara)
Nabarralde , 25/5/2007 (español)
El Triangle , 4/6/2007 (català)
Deia , 6/6/2007 (español)
Gara , 1/7/2007 (
español)
 
Hitza hormaren kontra Imprimeix Correu-e
Liburu
per Víctor Alexandre   
dijous, 07 juny 2007
Hitza hormaren kontraHiru mende dira katalan hitzak espainiar hormaren kontra sistematikoki talka egiten duela. Hiru mende, katalan herriaren izate-nahi utziezina Espainiari azaltzen saiatuz. Ahalegin hauek denek, fede onez beteak, erantzun bakar baten kontra jo dute: cerrazón, alegia, itxikeria, egoskorkeria, temakeria. Egoskorkeria hizkuntzaren, nortasunaren eta katalan nazio-askatasunen aurka. Egoskorkeria, herrien eskubideek iraungipen-datarik ez dutela eta, Espainia sortu baino askoz lehenago Catalunya nazio zela onartzeko. Orri hauetako horma egoskorkeria horren metafora da eta egoskorkeria denboraz elikatzen da. Zenbat eta denbora gehiago ematen dugun gure izatea justifikatzen, hainbat eta barregarriago izaten zaio hau gure solaskideari.

Nahiz eta katalan eta euskaldunek errealitate ezberdina bizi dugun, agerikoa da gauza askok batzen gaituela. Liburu hau Catalunyatik sortu da, baina beste menperatze prozesuak «normalizatzeko» erabiltzen diren arrazoi berei erantzuten die.

Katalan Herria, Nafarroa/Euskal Herria, Bretainia, Eskozia, Flandes, Gales, Galiza, Ipar-Irlanda… herrien batasunak, askatasunaren aldeko lobby gisa Europan izanen lukeen indarra ez hautemateko bezain murgilduta ote gara gure hormaren kontra?

Liburu hau irakurtzea zoragarria da, izan ere Alexandrek, Katalan Herria eta Nafarroa/Euskal Herria beste batzuen menpeko-herri bihurrarazten dituzten topiko guztiak banan-banan desegiten baititu, eta bere irmotasun lasaiaz, menperatze hau demagogiaz edo auto-gorrotoaz defendatzen duten tesiei aurre egiteko arrazoiak ematen baitizkio irakurleari.

Editorial Pamiela · 158 orr. · ISBN: 978-84-7681-526-7
Comprar
2006ko Francesc Ferrer i Gironès Saiakera Saria eskuratu duen lana.

Audioak:
Entrevista a Víctor Alexandre en el programa "Más que palabras", de Radio Euskadi (6/10/07)
 
Esquerrari buruzko zalantzak Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
dijous, 24 maig 2007
Esquerrari buruzko zalantzakIndependentismo parlamentarioa, Esquerra Republicanak ordezkatzen duena, ataka gaitzean dago Katalunian. Ez da 1996koa baino ataka gaiztoagoa -Angel Colomen eta Pilar Raholaren alde egitea ekarri zuen orduko barne krisiak-; ez eta 2004koa baino okerragoa -Caroden kasua zela-eta-; baina, bai, ziurgabetasun handiko unea da, alderdiaren irizpideak itxuraz PSCren lokatzetan hondoratzeak botoen galera ekar dezakeelako. Egiaz, eta esanak esan, udal hauteskundeek ez lukete halako eragozpen handia izan behar ERCrentzat, tokiko politikak politika nazionalak ez bezalako logika bati jarraitzen baitio; litekeena da, ordea, hautesle kopuru zehaztezin bat abaguneaz baliatzea alderdiari ohartarazteko zer gerta daitekeen nora gabeko politika horrekin jarraitzen badu -nortasunari eta eskubide nazionalei dagokienez, esaterako-.

Ez dakit zeintzuk diren Esquerraren aholku-emaileak, baina batzuetan badirudi norbaitek Troiako zaldi bat ezkutatu duela haren barnean. Egia da independentzia gora eta independentzia behera ari dela une oro, baina arrazoi horrexegatik galdetzen du mundu guztiak zergatik onartzen duen otzan-otzan Menpekotasunaren Legeko eskuduntzak indarrez hartzea. Ez dirudi jabetu denik hitz joko bitxi horren arabera dagokion eginkizunaz, ez eta Conselleria de la Governació delakoan Espainiako bandera eskegi izanak eragin dion kalteaz ere. Jokabide otzanak alderdi independista bati botoak eskuratzen lagun diezaiokeela uste ote dute, agian, aholku-emailee horiek? Horra hor barne arazo larriak sorrarazten dituen kontraesan baten sustraia, estrategia horren arabera ez baitaiteke azken garaipenik sumatu ERCrentzat. Absurdoa da pentsatzea, bestalde, PSCren espainolismoa agerikoago egingo dela gobernuan egonik, oposizioan egonda baino; eta, beste horrenbetse gertatuko dela, baina alderantziz, CIUren erregionalismoarekin. Beraz, boto abertzaleen zirimiriak, azkenean, Esquerraren labore lurrak ureztatuko ditu emeki-emeki. Oraingoz, urduritasun handia sumatzen da, autodeterminazioaren truke presidentetza Artur Masi eskaintzeko modu absurdo horrek erakusten duenez.

Egia da ERCk, duen berezitasunarengatik, gainerako alderdiak baino askoz ere presio handiagoa jasan behar duela -noranzko aldaketa benetakoari bide eman diezaiokeen alderdi bakarrari dagokion presio logikoa-, eta ez zaiola barkakizun zentzugabekeriarik txikiena ere, baina hori askapen nazionalaren aukerari berez dagokion osagai bat da. Ordainsari hori dakar berekin independista izateak, ikaratuta eta beste baten mende bizi den gizarte batean eta bere buruareko estimu oso txikia duenean. Azken batean, kausa baten zintzotasunak ez du esan nahi inolako eragozpenik gabe erdietsi ahalko denik. Eta eragozpen horietako bat dira, hain zuzen ere, Espainiarekiko otzan jokatuz beren interes pertsonalen egonkortasuna aurkitu duten pertsonen erasoak. Beldurra, ziurgabetasuna eta men egitea ez dira jarrera aitortzen samurrak; horregatik, jarrerarik bortitzenak ez datoz Espainiatik, logikoa litzatekeenez, baizik eta Kataluniatik bertatik. Besterik da, gero, ERC bera izatea, darabilen politikarekin, eraso horiei bazka ematen diena. Eraso horietatik lehena da, adibidez, eta ezin onartuzko hoben gisa gogoratuko dena sekula eta beti, Jose Montilla izendatu izana presidente. Historiaren ebazpena gupidagabea izango da horri dagokionez. Eta horrek, nabarmendu dezagun, ez du zerikusirik pertsonaiaren jatorri andaluziarrarekin. Jose Montillaren arazoa ez da bere jatorria, haren ideologia baizik. Zein katalan, ezpada arrazista den bat, gogaitaraziko luke Gambian, Mexikon edo Senegalen jaiotako norbait izatea presidentetzat. Ni ez, behintzat. Montilla, ordea, bestelakoa da. Montilla nazionalista espainola da, eta Kataluniarentzat ez dakusa Asturias, Extremadura edo Murtziarenaz bestelako hodeiertzik. Eta, hala eta guztiz ere, ERCk haren esku utzi du herrialdearen gobernua.

Erabaki hori kostu handiak eragiten ari da dagoeneko. Esate baterako, ikastetxeetan espainierazko eskola ordu bat gehiago inposatu izana -aplikatu edo ez aplikatu-; edo, Ernest Maragall hezkuntzako conseller hispaniarzaleak inposizio horren alde egindako adierazpen harrigarriak. Boto-emaileak honako hau galdetzen dio bere buruari: estrategia jakinen batengatik ez ote du atxiki ERCk conselleria hori legengintzaldi honetan, ala PSOEren praxis totalitarioari aurpegi ez emateagatik izan da? Nolanahi ere, kritika jasak Rodriguez Zapatero eta Ernest Maragall zipriztindu dituzten arren, ERCri egotzi diote erantzukizun guztia. Bidegabe, baina hala egotzi diote. Eta beste horrenbeste gertatzen ari da TV3 kateak Katalunian egunero-egunero egiten diharduen buru-jate espainoltzailearekin -PSCren egoitzatik eta urrutiko aginte bidez zuzendutako saioak bitarteko direla-; Espainiako Telebistaren hirugarren kate bilakatzeraino.Telebista horretan gailen zen ikus-etzuleria goitik behera erori da ziztuan, eta ERCren gero eta boto-emaile gehiagok onartzen dute beren alderdiak ez lukeela sekula utzi behar izan gobernua sozialisten esku, aldez aurretik TV3 eta Catalunya Radioren kontrola ziurtatu gabe. Hizpide ditugun telebista zein irratia, izan ere, honetan bereizten dira gaur egun: esaten dutenean bainoago, esateko darabilten hizkuntzan. Katalanez kontatzen dute, bai, baina kontatzen duten guztia bizitzaren ikuspegi hispanozentrikoa baino ez da, nabarmen-nabarmen. Eta, hori, espainieraz ariko balira baino perbertsoagoa da.

Azken batean, eta horixe da benetako drama, kontua baita PSCk egiten duen keinu espainoltzaile bakoitzeko, denik eta ezdeusena izanda ere, kaltetu bakarra duela: ERC, alegia gobernua haren esku utzi zuen alderdia. ERCk 2003an esan zuen ezin zuela askorik egin, 23 diputatu baino ez zituelako; eta, orain, 2007an, egoera are okerragoa dela esaten digu, 21 diputatu dituelarik. Goitik beherako joerak bere hartan irauten badu, desilusioaren edo frustrazioaren eraginez delarik ere, zer esango ote digu, 2010ean, 19 diputatu soilik izango dituenean? Beldur naiz, baina, lehenago edo geroago, eta egun hori baino lehen, Esquerrak ez ote duen uneren batean zirt edo zart egin beharko, eta bere buruarekin edo PSCrekin etetea erabakiko. Eta, jakina, bigarrena aukeratuko du. Geroak esango du.

Berria , 29/4/2007 (euskara)
Nabarralde , 2/5/2007 (gaztelania)
victoralexandre.cat , 23/5/2007 (katalana, euskara, gaztelania)
 
Espainiari atxikimendurik ez izateagatik Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
divendres, 30 març 2007
Espainiari atxikimendurik ez izateagatikNuria Portulas gizarte hezitzailea da, 26 urtekoa. Girona ondoan 4.000 biztanle dituen herri txiki batekoa da, Sarria de Ter-koa, eta otsailaren 7az geroztik Soto del Realgo kartzelan dago, Madrilen, presoaldi prebentiboan, ideologia anarkista izate hutsagatik. Ez du egin leporatzeko moduko inolako deliturik; ez dago haren kontrako frogarik. Hala ere, Mossos d'Esquadrako komando batek modu basatian atxilotu, eta terrorismoaren kontrako legea ezarri zioten. Geroxeago, gurasoek ere sufritu zuten Poliziaren basakeria: beste komando bat haien etxean sartu zen goizaldean, eta, delitugileak balira bezala trataturik, etxea miatu zieten, eta ezer aurkitu ez. Harrezkero, Nuria Portulasek bere larruan sufritu du giza eskubiderik oinarrizkoenak zapaltzen dituen lege horren eragina: modua ematen du atxilotua bost egunean inkomunikaturik edukitzeko eta mota guztietako umiliazio eta tratu txarrak egiteko; ez dago galdeketak filmatzeko kamerarik, eta atxilotuak ez du inongo abokaturen laguntzarik, eta telefonoz dei soil bat egiteko eskubiderik ere ez.

Diktadura bat balitz bezala, Poliziak ez dauka atxilotua erruduna dela frogatu beharrik: atxilotuak frogatu behar du errugabea dela. Beraz, inolako eskubiderik gabe dago, eta ez dauka kanpokoekin harremanetan jartzeko aukerarik txikiena ere. Lege aldetik, munstro bat da, lege aberrazioa, bere garaian PSOEk sortua eta PP, PSC eta CiUren botoekin onartua. Haiek ekarri zuten, beraz, lege hori; egun batetik bestera gutako edozein, Poliziaren oker bategatik edo estrategia politikoagatik, Estatuaren zigorgabezia blindatuaren biktima bihur dezake.

Hain zuzen ere, bidegabekeria horixe gertatzen ari zaio Nuria Portulasi, eta horrexegatik egiten da elkarretaratze bat asteazkenero, ilunabarrean, Gironako ICV-EUiAren egoitzaren aurrean, Barne Saila indar politiko horren esku baitago. ICVri leporatzen zaio eskubide oinarrizkoak urratzen dituen lege bat erabiltzea, eta prozedura juridikoak aldatzeko edo leuntzeko ezertxo ere ez egitea. Baina uste dut ICVri, zoritxarrez, ez zaizkiola batere inporta elkarretaratze horiek. ICV alderdiari -bide batez esanik: Ezker Batutik oso urruti dago, beste muturrean- jendearen egiazko arazoak bakarrik inporta zaizkio, eta, jakina, Nuria Portulasen arazoa ez da egiazko arazo bat. Nuria Portulasen arazoa bere burua da; hau da, Nuria Portulas ez da existitzen. Jende guztiak daki Joan Saura eta Imma Mayolen alderdiak badituela sistemaren kontrako neska gazte bat defendatzea baino zeregin hobeak. Gainera, nola izango da, bada, Nuria Portulas sistemaren kontrakoa, Mayolen arabera bera baita sistemaren kontrako benetakoa? Hori da Portulas gazteak ikasi beharko lukeena. Hau da, ikasi beharko luke Katalunian sistemaren kontrako bikoteetan kontrakoenak, eskuinik atzerakoienaren pareko soldata galantei esker aberasteaz gain, oso gustu ona duela eta Bartzelonako Gracia pasealekuko 6 zenbakian erosten duela arropa; hau da, azken ehun urtean hiriko eliterik kontserbadoreenak erosi duen denda berean.

Katalana izatea eta Espainiari atxikia ez egotea ez ezik, Nuria Portulasek badu beste arazo bat ere: atxilotu dutenak ez dira iparramerikarrak, eta dagoen kartzelaren izena ez da Abu Graib edo Guantanamo, baizik eta Soto del Real. Eta hori, jakina, ez da oso gogo-pizgarria munduaren egiazko arazoez kezkatzen den alderdi batentzat. Horregatik, irakurle batek baino gehiagok pentsatuko du: "Atxilotu egin badute, zerbaitengatik atxilotuko zuten". Bada, bai, harremana zuen preso anarkista batekin. Baina horrek ez du terrorista bihurtzen, ezta? Ez, behintzat, zuzenbide estatu batean, baina bai estatu polizial batean. Estatu polizial batean denok gara susmagarriak.

Hauxe esan du Nuriak kartzelan bertan: "Orain, ez gaituzte kriminalizatzen zerbait egiteagatik, baizik eta modu jakin batean pentsatzeagatik". Arrazoi du, estatu polizialek etengabeko arriskua behar baitute zuribide gisa, herritarrak kontrolatu ahal izateko eta asmoak juzgatuz kartzelatu ahal izateko. Horregatik, indarkeria eten izanak erakutsi du Estatuaren egiazko obsesioa ez dela ETA, baizik eta Espainiaren batasuna. Argi eta garbi esan zuen Dolors Nadalek, PPko diputatuak, 2004ko otsailaren 19an: "Arazoa ez da Carod auzia, ezta hark ETArekin hitz egin izana ere, baizik eta Espainiatik askaturiko Katalunia eraiki nahi dutenen ideia independentistak". Badago argiago hitz egiterik? Beraz, modu jakin batean pentsatzeagatik kriminalizatzen gaituzte, Portulasek esaten duen bezala. Badakizu, irakurle, Mossos de'Esquadrak fitxatuak dituela gutxi-asko aktiboak diren katalan gazte independentista guztiak? Guzti-guztiak. 2000. urte aldean hasi ziren egiten, Xavier Pomes kontseilariaren garaian: dokumentazioa eskatzen diete festa edo tradizio kutsua duten ekitaldi subiranista guztietara joandako gazte guztiei, eta banan-banan hartzen diete izena. Hala, erregimen totalitario guztietan bezala -zeinetan, lehenbizi, atxilotu egiten duten, eta ikertu gero; zeinetan frogarik gabe kartzelan sartzen zaituzten eta disidentzia kriminalizatzen duten-, Espainiarekiko atxikimendurik gabeko milaka eta milaka lagunen zerrenda bat dute, legez kanpokoa eta xehetasun osoz egina.

Nuria Portulasek ez du inolako deliturik egin. Hori badaki Kataluniako Poliziak, badaki Saura kontseilariak eta badaki Espainiako Auzitegi Nazionalak, baina bahiturik daukate, beldurra ematen dien guztia ordezkatzen duelako: pentsamolde librea, elite pribilegiaturik gabeko mundu baten utopia eta autodeterminazio eskubidearen defentsa munduko herri guztientzat. Horixe da Nuria Portulasen krimena, eta horixe izango da haren garaipen behin betikoaren indar suntsiezina.

Núria Pòrtulas a la presó
Gartzelako argazkia. Mugikor batek hartutako irudian, Soto del Realen giltzapetuta dagoen Núria Pòrtulas ikus daiteke, bisiten kabina bateko interfonoz hitz egiten.

Berria , 22/3/2007 (euskara)
Nabarralde , 22/3/2007 (gaztelania)
El Punt , 29/3/2007 (katalana)
Racó Català , 10/4/2007 (katalana)
 
Euskal Herriaren kontrako egoskorkeria Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
dimarts, 13 març 2007
Iñaki De JuanaZera galdetzen diot neure buruari: espainiar batek -demokrata, noski- zer sentitzen duen Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakaria Justizia Auzitegi Gorenaren aurrean ikusten duenean, Arnaldo Otegirekin elkarrizketatu izanagatik. Espainiar batek zer sentitzen duen Erresuma Batuko egunkari bati esker Espainiako Gobernuak Madrilgo 12 de Octubre erietxean heriotzara zigortu duen gizon bat nola dagoen ikusita. Hori burla hori, eutanasia etxe horrek nazionalismo lotsagarrienaren paradigma den eguna edukitzea izen.

Katalana eta kultura demokratikoa duen herrialde batekoa naizelako izango da agian, baina izugarri kostatzen zait espainiarrak eta bereziki bertako intelektualak isil-isilik daudela ikustea, konplize bihurtzen baititu horrek. Katalana naizelako izango da agian, baina ez dut ulertzen non dauden Goya sariak banatzeko ekitaldi ezagun hartan giza eskubideen alde atera ziren aktore eta aktoresa ezkertiarrak, gaur egun hitz erdirik ere esaten ez dutenak. Benetan giza eskubideak al zituzten kezka, edo alderdi sozialistari laguntzea zuten helburu? Egia esan, atentzioa ematen du jende sentibera eta bihozbera hori egun isil-isilik egoteak oinarrizko eskubideak urratzen direla ikusita, pertsona orok nahi duenarekin eta nahi duenean biltzeko duen eskubidea besteak beste. Demokrata horiek ez al dute ezer esateko, elkarrizketa gaitzetsi eta egunkari batean iritzia emateagatik kartzela zigorra jartzen duen estatu bateko herritar izanda?

Hala ere, ez nau Espainiako botereen gaiztakeriak iraintzen, bertako gizartearen onespenak baizik. Auzo lotsa sortzen du onespen horrek, izango bada Euskal Herria espainiarra izango dela dioen printzipioa baitu oinarri. Horixe da gatazkaren muina, hain zuzen; Euskal Herria mendeko izatea exijitzen du, horrela berresten baitu Espainiak bere nortasuna. Beraz, bere buruan sinesten ez duelako eta errealitatea ulertu ezinak nahastu egiten duelako umiliatzen du Espainiak Ibarretxe, babesten Enrique Rodriguez Galindo eta heriotzara eramaten Iñaki de Juana Chaos.

Aipagarriak dira, era berean, Josu Jon Imazen adierazpen zoroak: «Nire helburua eta herrialde honen helburu estrategikoa ez da Espainiari aurre egitea; liluratu egin behar dugu Espainia, eta konfiantza handiagoa eduki; Euskal Herriko gizarteak xarmatu egin behar du Espainiakoa». Bitxia bada ere, ez dago xarmatze horren kontrakoari buruzko aipamenik, bat bera ere ez euskal herritarrak Espainiak liluratu beharrari buruz. Izan ere, menderatzaileak ez du liluratu beharrik; zertarako, nahi duenaren jabe bada? Mendeko zoriontsuaren eredu da Imaz, esklabo sena duen euskaldunarena; hau da, euskalduna ez dirudiela esaten diotenean irribarre egiten duenarena. Bestalde, oso ulergarria da hori, Espainiak maite dezan bakarrik nahi baitu, horretarako dena izateari utzi behar badio ere. Mendekoa izanda menderatzailearen kutuna izatea beste ametsik ez duenaren jokaera da hori.

Herri jakinduriaren arabera, haltzari ez zaio fruiturik eskatu behar, eta agian horixe da katalanen eta euskaldunen bekatua. Espainiak ahalegin handia egin du erakundeak demokratizatzeko -bidezkoa da hori onartzea-, baina izaerari dagokionez, ez da ezertxo ere aldatu. Hain du barneratuta Jainkoarengana inperioaren bidez iritsiko dela, non ez duen ikasi zer den autodeterminazio eskubidea. Horregatik dago primitibismo irrigarria Kataluniarekin eta Euskal Herriarekin duen jarreran; emakumeekin handiustekeriaren eta mendekotasunaren bidez bakarrik erlazionatzen direnek dutena bezalakoa. «Emakumeekin zorrotza izan behar da», esaten dute. Horixe bera pentsatzen dute katalanei eta euskaldunei buruz. Esaten zuen, bai, Manuel Azañak: «Bartzelona berrogeita hamar urtean behin bonbardatzeko beharra du Espainiak. Filipe V.aren sistema bidegabea eta latza zen, baina baita irmoa eta erosoa ere. Bi mende iraun ditu.

Garai zailak datozelakoan nago, baina alde on bat ere izango du: katalanen eta euskaldunen independentzia sustatuko du, espainiarren adimena demokratizatzeko ahalegin guztiak alferrikakoak direla ikusi eta gero. Giza eskubideak urratzen dituen lege bat -Terrorismoaren Aurkako Legea- sortu, eta Espainiari buruzko uste txarra legez kanporatzen duen beste bat -Alderdi Legea- onartu duen herrialde bati buruz ari gara. Lehendakaria pertsona libreekin elkarrizketatzeagatik kriminalizatzen duen herrialde bati buruz ari gara. Egunkariak ixten dituen herrialde bati buruz, nahiz eta gero errugabetzat jo, eta frankismoko garai latzenetan bezala egunkarietako zuzendariak torturatzen dituenaz. Turkia balitz bezala, iritzi artikulu bat idazte hutsagatik gizon bati lehenengo 12 urteko kartzela zigorra ezarri eta gero heriotzara bultzatzen duen herrialde bati buruz.

Iñaki de Juana Chaosek jendea hil du, bai, eta zirrara gaiztoa sortzen dit inork hiltzeko eskubidea duela sinesteak, baina ordaindu du. Iritzia ematea diktaduretan bakarrik da delitu. Beraz, estatu krimena izango da hura hiltzea, helduei euskara erakustea, euskal NA eskatzea edota Espainiako NA itzultzea kartzela zigorrarekin zigortzen duen demokrazia totalitarioarena.

Jauna, hau poza ni neu espainiarra ez izatea! Espainiarra ez naizelako zait ulertezina agian Euskal Herriaren inguruko hainbeste aurreiritzi egotea; espainiarra ez naizelako zait agian ezinezkoa bizitzari buruz ikuspegi hain itxia edukitzeko arrazoiak ulertzea.

Euskal Herriaren kontrako egoskorkeria
Berria , 15/2/2007 (euskara)
Nabarralde , 15/2/2007 (gaztelania)
El Triangle , núm. 818, 12/3/2007 (katalana)
El Punt , 16/4/2007 (katalana)
 
Nork bere burua zigortzeko ohitura Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
dilluns, 05 març 2007
Patologia de l'autoflagel·lacióMendekoak diren edo beste erkidego baten pean dauden kolektibitate guztiek dute beren burua zigortzeko ohitura. Garai eta kontinente guztietan, bere burua izan du beti herri batek etsai nagusi. Pixkanaka-pixkanaka morala hondatu ondoren hain dira handiak horren autoestimu falta eta porrot sentimendua, non bere burua errudun gisa ikusteko baino ez den gai. Genero indarkeriaren biktimei gertatzen zaien bezala, nahikoa du galtzaileak erasotzailearen begirada bat errudun sentitzeko eta barkamena eskatzeko. Izan ere, biktimak bere «jabearekiko» duen mendekotasun emozionalak galarazi egiten dio edozein altxamendu edo askatze. Eta pena da, arazoa ez baita indarra -erasotzailea da beti ahulena-, bere buruarekiko konfiantza falta baizik. Horixe falta zaio biktimari, hain zuzen. Katalunia eta Euskal Herria dira gaixotasun horren adibide. Hainbat urtean psikologikoki mendeko izan ondoren, errudun-konplexua dute, eta horrek alfer-gurpil batera bultzatzen ditu; hala, borreroaren gizatasuna eta biktimaren berezko gaiztotasuna erakutsita soilik justifika daiteke joera hori. Beraz, beren miserietan sakondu behar izaten dute mendekotasuna ezkutatzeko.

Kataluniaren miserietan sakondu eta horiek erakusten ditu El Mundo egunkariaren argitalpen taldeak ateratako La veritat no necessita màrtirs (Egiak ez du martiririk behar) lanak -debekatuta dago Espainiarenak erakustea-. Aldez aurretik pentsatutako liburu nazkagarria da, Lluis Companysi buruzkoa; 400 orri ditu eta beste egile batzuek esan dutena esanez babesten du egileak bere burua. Liburuak saltzeko modu bitxi eta lotsagabea, ezta, irakurle? Laidoztatzaileak dioenez, Companys mozkorra, gonazalea, ezjakina, egozalea, oligofrenikoa eta abokatu txarra zen; eta ospea bilatzen zuenez, pozik egon beharko luke naziek egin ziotenarekin; izan ere, haiei esker hil zuen Francok, eta horregatik sartu zen historian. Katalan batek idatz al lezake gauza nazkagarriagorik? Asko gorrotatu behar du batek bere burua horrela aritzeko. Giza ilun-argiak bilatzen hasita, zergatik ez zaigu mintzatzen laidoztatzailea bere gisakoei buruz? Zergatik ez du onartzen, jator-jator, Companysi eta Esquerra Republicanari dien gorroto itsua? Companys listu bihurtuta, zera galdetzen diot neure buruari: zenbat denbora beharko du laidoztatzaileak munduari horrelako beste berri bat emateko? Adibidez, Francesc Macia presidenteak inpotentzia, halitosisa, haizeak eta gernu-jarioa, eskuak izerditan eta oinetako kiratsa zituela. Argitaratzailearen hitzak parafraseatuta, horrela «argiago» ikusiko genuke Macia, «giza ikuspegitik, ez ikuspegi mitiko batetik».

Oso ongi iruditzen zait egia bilatzea, jatortasunak bultzatuta bada; hau da, bilaketa hori gezurra zuritzeko ez bada eta narratzaileak pertsonaia lehen orria idatzi aurretik zigortu ez badu. Asmoak bestelakoak badira, ordea, zorroztasuna falta zaio emaitzari, eta liburua irain bilduma hutsa bihurtzen da. Eta penagarria da, gainera; alegia, Kataluniari buruzko inolako ekarpenik ez egiteaz gain, nazionalismo espainolarekin xedeekin bat egitea: Kataluniako erreferenteak lotsagarri uztea eta Espainiaren nagusitasunaren aurrean moralki porrot eginaraztea. Euskal Herrian ere badira horrelako isilpeko ekintzak. Euskal edo katalan nortasuna inolako lotsarik gabe darabiltenak muturrekotzat jotzean datza hori. «Gorroto diote Espainiari, eta guztiaren errudun egiten dute», esaten dute erregionalistek independentistei buruz. Oker dabil erregionalismoa, ordea, nahastu egiten baititu autoestimua -berari falta zaiona- eta beste batekiko gorrotoa. Izan ere, herabea erabakitzeko ahalmena duenaren lotsagabetasunak haserretzen du batez ere. Bere burua zigortzen du lehenak; besteak, berriz, askatasunaren inguruan biltzen ditu bere indar guztiak. Ziegan eroso egoteko modua bilatzen du lehenak; handik irteteko bidea, berriz, besteak.

Erreferenteak desegiteko independente izan beharrik ez dagoela da haize bila ibiltzen denaren beste printzipioetako bat; izan ere, «frantsesek eta ingelesek egin dituzte Frantziaren eta Ingalaterraren aurkako kritika garratzenak, hurrenez hurren», 'Eta noiz egin dituzte halakoak?' galdetu behar da, 'independente izan baino lehen edo ondoren?' Bitxia da, estatutuko Kataluniaren eta Europako bi estatu nagusien arteko alderaketa; argudioen maila handia ikusita, beldur naiz ez ote dudan oso galdera erraza egingo: bere erreferenteak desegiteak besteenak hartzea dakarrela ez ikusteko bezain inozoa izan al daiteke erkidego bat?

Hauxe da barregarriena: laidoztatzaileak esatea interesik ez edukitzea dela Espainiako erregeari aurre ez egiteko arrazoia. Ez al zaio axola demokraziaren guztiz kontrako erreferente espainiarra ordaintzea? Ez dio axola edo ez du adorerik Espainiako Konstituzioko 56. artikuluari aurre egiteko? -horren arabera, «erregea bera ukiezina da, eta ez du inolako erantzukizunik»-. Companys ez bezala, hain zuzen, amaiera arte onartu baitzuen bere erantzukizuna.

Nolanahi ere, menderatzaileak ezin du irabazi laidoztatzailearen laguntzarik gabe. Bi gauza lortzen dituzte elkarrekin: mendekoak bere buruaz lotsa sentiaraztea, munduarentzat eredu dela sinetsita, eta ez konturatzea independentzia heldutasunaren ondorio dela, ez inozokeriarena. Horregatik, herrialde helduak estatu independente bihurtzen diren bitartean, laidoztatzaileak mespretxatu egiten ditu berea ere halakoxea izan zela gogoratzen diotenak. Pertsona oso eta konplexurik gabekoek horrexegatik ez dute lekurik herrialde garaitu eta berezko izaerarik gabekoetan.

Berria , 25/1/2007 (euskara)
Nabarralde , 25/1/2007 (gaztelania)
El Triangle , núm. 816, 26/2/2007 (katalana)
 
Esquerraren ezintasuna Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
dimecres, 20 desembre 2006
Bandera espanyola a GovernacióOrain gutxi Katalunian banderen inguruan izandako liskarrak 2005eko apirilean Leitzan (Nafarroa) izandakoaren antz handia du. Guardia Zibilak ikurrina kendu zuen Leitzako udaletxetik, baina herritarrek jarri egin zuten berriz ere.

Katalunian, Esquerrak Espainiako bandera kendu zuen Joan Puigcercosen Kontseilaritzatik, eta Jose Montilla presidenteak berriz jar dezaten agindu du. Hau da, ERC umiliatuta amaitu da ikuskizuna. Mendeko izateak ERCri independentismoak baino plazer handiagoa ematen diola dirudi, ordea; horixe da okerrena, otzan-otzan onartzen baititu alderdi horrek umilazioak. Suizidioarekin jolasteko eskubide osoa dauka Esquerrak, noski, baina kezkagarria da horretarako boto-emaileen laguntza nahi izatea. Egia esan, nekez ulertzen da horren adoregabetasuna. Izan ere, boto-emaile errepublikanoak berezitasunik badu, CiUren politikaren ezaugarri izan den mendekotasuna gaitzestea da hori. ERCk ez al daki, bada, posibilismoak frustrazio sentimendu handia sortzen duela bere burua irainduta ikusten duen mendeko gizartean, egoera hori aldatzeko inolako aukerarik ikusten ez badu? Hain zuzen, frustrazio sentimendu horretatik libratzeko bozkatu zuten milaka eta milaka katalanek 2003ko hauteskundeetan ERCren alde; horretarako jarri zuten alderdi horretan beren esperantza guztia; gehiegizkoa, denborak erakutsi duenez. Bi arrazoirengatik izan da gehiegizkoa: 23 diputatu bakarrik edukita ERC ezin zitekeelako oso urrutira joan, eta Kataluniako politikak - heldugabea, espainiartua eta koldarra- ez zuelako asmo txikienik ere emantzipazio nazionala lortzeko prozesu bat zuzentzeko.

Horiek horrela, ez da harritzekoa herritarrek abstentzioa eta boto zuria hautatu izana azken bi kontsultetan. Gauza jakina da estatutu ezin txarragoa -lotsagarria, bere burua errespetatzen duen herrialde batentzat- eta etorkizun iluna -horixe dagokie mendeko herrialdeei- ez direla inolaz ere erakargarriak.

Esquerra berriz ere umiliatu izanak areagotu du, hain zuzen, horren boto-emaileen frustrazioa. Eta ez naiz Montillaren aginduagatik ari, Esquerrak agindua otzan-otzan bete izanagatik baizik. PSCren espainoltasuna ez da inolaz ere gauza berria; bai, ordea, ERCk horri katalan kutsua ematea eta men egitea.

ERCren alde ez da bozkatzen horrek legezkotasun bidegabea onar dezan -horretarako hortxe ditugu PSC eta CiU, mendekotasunaren eredu direnak-, baizik desobedientzia zibilaren bidez horren aurka egin dezan. Horren hurbilekoa den Sobirania i Progres plataformak proposatzen duen desobedientziaren bidez. Zer egingo du PSCk ERCk bere mendeko egoitzetan Espainiako bandera ezartzen ez badu? Gobernutik bota? Joan Puigcercos kartzelan sartu? Ez geratu barregarri, arren. Harrigarria da ERCk legezkotasuna erabiltzea, beti kritikatu izan duena egiteko.

Hauteskundeen ondoren esan zigunez, boteretik oposiziotik baino askoz gehiago egin daiteke Kataluniaren alde, baina orain ez da gai bandera bat kentzeko ere. Hala nahi al du hazi? Duran i Lleidaren eskuliburu espainolistari kasu egin, ICVri imitatu eta PSCren morroi bihurtuta?

Bandera bat ez da gorrotatzen edo maitatzen bandera hori denagatik, horrek adierazten duenagatik baizik. Espainiako bandera beste edozein herrialdetakoa bezain errespetagarria dela esan nahi dut, eta arrazistek bakarrik baztertzen dutela arrazoi etnikoengatik. Euskaldun edota katalanek beste arrazoi bat dute Espainiako bandera baztertzeko: horrek sinbolizatzen duen botere nagusitasuna. Hau da, herrialde batek bestearekiko duen nagusitasuna. Beraz, printzipio kontua ez ezik duintasun kontua ere bada nagusitasun hori arbuiatzea.

Horixe bera gertatzen da Espainiako selekzioarekin ere. Katalunian edo Euskal Herrian dagoen horren aurkako sentimendua ez du hori espainola izateak sortu, horren nagusitasunak baizik; izan ere, ez du uzten bi herri horiek beren selekzioak eduki ditzaten eta nazioartean ospea har dezaten.

Carod eta MontillaEz da bidezkoa konstituzioaren, hispanitatearen edo estatutuaren aurkako ekintzak bultzatzea, ERCk egiten duen bezala, eta gero ez izatea gai sinbolikoak baino ez diren xehetasunekin kontsekuente izateko. Alde horretatik, hauxe da galdera: ERC banderen inguruko arazoan PSCri aurre egiten ausartzen ez bada, nola zuzenduko du autodeterminazio prozesua? Aurreko legegintzaldian lege bera zegoen indarrean, eta, hala ere, garai hartako kontseilari Joan Carreteroren eta Xavier Vendrellen aginduz, Gobernazio Ministerioan ez zegoen Espainiako banderarik, ezta? Zer gertatu da hori aldatzeko? Gaur egungo Esquerra ez al da garai hartakoa bezain katalanista, edo Montilla Maragall baino espainolistagoa al da? Uste dut galdera horrek amildegiaren ertzean kokatzen duela ERC. Izan ere, bigarrena hautatzen badu ere, kosta egingo zaio beste galdera honetatik libratzen: nork hautatu du Montilla Kataluniako presidente? Hortxe izango du ERCk galdera hori, aldi batez.

Argi dago, beraz, legezkotasuna argudiatzeak ez duela zentzurik; batez ere, kontuan hartuta estatuaren erakundeetako eraikinetan Kataluniako banderarik ez dagoela, CiUren mendeko herrietan frankismoko monumentuak daudela, horrek eta PSCk elkar adituta, edo hizkuntz politikaren inguruko legea ez dela betetzen -horren arabera, dendetako errotuluek eta jatetxeetako kartek katalanez egon behar dute, gutxienez-. Esan dezagun beste modu batera: ERCk bere boto-emaileek errespeta dezaten nahi badu, kontseilaritzetatik Espainiako bandera kendu, eta presidentetza Esquerrari esker -ez Kataluniari esker- lortu duela gogorarazi behar dio Alderdi Sozialistari, lehenik eta behin. Negozio txarra da kanpoko boto-emaileak lortzen saiatzea, bidean norberarenak eta duintasuna galtzen badira. Urtetan eta urtetan CiUren politika posibilista kritikatu, eta duintasuna bigarren mailakoa da orain.

Berria , 19/12/2006 (euskara)
Nabarralde , 20/12/2006 (gaztelania, euskara)
radiocatalunya.ca , 21/12/2006 (katalana)
Racó Català , 24/12/2006 (katalana)
 
Selekzioak, independentziaren atarikoa Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
dijous, 07 desembre 2006
Uste baino lehenago izango ditugu Kataluniako eta Euskal Herriko selekzio nazionalak. Badakit lorpen hori oso urrun dagoela ematen duela gaur egungo egoera kontuan hartuta, baina nola geldiaraziko du Espainiako Gobernuak gizartearen eskaera gero eta indartsuago hori? Indarraren bidez, noski. Eta indarra erabiltzea ez al da ahultasun seinale?

Catalunya-EuskadiAgian, goizegi da kontura gaitezen, baina Kataluniako eta Euskal Herriko selekzioek urriaren 8an Bartzelonan jokatu zuten partida mugarria izan zen alde horretatik. Atzeratze eta segurtasun falta ezaugarri zituen aroa amaitu, eta aro berri bat hasi zen; hemendik aurrera, askoz ere erantzun sendoagoa emango dio gizarteak Espainiaren zapalkuntzari. Horren erakusle dira independentziaren aldeko banderarik eta autodeterminazioaren aldeko pankartarik ikus ez dadin Espainiako Gobernuak hartu nahi dituen neurriak. Izan ere, Kataluniako eta Euskal Herriko gizartearen presioa hain da handia kirol arloan, non adierazpen askatasuna urratuta bakarrik ezkuta baitaiteke hori. Bitxia bada ere, ez da harrigarria Nou Campen bakearen eta demokraziaren aldeko sinboloak debekatzea -inolako eduki xenofoborik ez badute ere-, eta Espainiako estadioetan ezkutu frankistak dituzten bandera espainiarrak astindu ahal izatea.

Seleccions basca i catalanaEdonola ere, meritu handia izan zuen Euskal Herriko selekzioak lehen aipatutako partida horretako atarikoetan. Kataluniako selekzioa baino duintasun eta ausardia handiagoarekin aritu zen, gainera. Euskal Herriko selekzioko teknikari eta jokalariak inolako arazorik gabe jarri ziren ofizialtasuna leloa zuen pankartaren alboan; katalanek, aldiz, hainbat multinazionalen izena adierazten zuen pankarta baten ondoan jarrita atera zuten argazkia, Kataluniako Federazioaren presioei amore emanda. Tristea benetan. Alferrikakoak izan ziren hainbat jokalarik ofizialtasuna grafikoki aldarrikatzeko egindako ahaleginak. Gertakari hari garrantzia kendu, eta jokalariek elastikoan selekzioaren aldeko plataformaren logotipoa zutela esan du FCF Kataluniako Futbol Federazioko presidente Jordi Rochek. «Logotipoa eta pankarta bateraezinak al dira ba?», galdetu beharko genioke. Hainbesteko beldurra al dio FCFk Espainiari, urteko ekitaldi urrietako batean ere desobedientzia zibila egiteko gai ez izateko?

Hura koherentzia hura Euskal Herriko selekzioak egun hartan erakutsitakoa! Hura aldea hura Juan Jose Ibarretxeren eta Pasqual Maragallen adierazpenen artekoa! Are bigunagoa izango zatekeen Maragall, gainera, Ibarretxe hain irmo aritu ez balitz: «Geure selekzio propioa eduki, eta ofizialki jokatu nahi dugu gainerako selekzioen aurka». Hitz haien ondoren, Espainiako Gorteetan Katalunia nazioa dela onartu eta gero Kataluniako selekzioak begi bistakoak direla esatea beste erremediorik ez zuen izan Maragallek. Estatutuak Kataluniari nazio izaera aitortzen diola ez dela egia alde batera utzita, Maragallek ez zuen esan bere alderdiak -Alderdi Sozialistak- halakorik uzten ez duelako ez dutela Kataluniako eta Euskal Herriko selekzioek ofizialki jokatzeko aukera. Ekintza zinikoa da, beraz. Ziniko hutsa da Jose Montilla ere, «kirol federazioei nazioartean aitortza lor dezaten laguntzearen aldeko naiz» esaten duenean. Ez dugu ahaztu behar Rodriguez Zapateroren gobernuak -ez Aznarrenak- presionatu zituela nazioarteko goi mailako erakundeak Fresnoko eta Erromako biltzarretan Kataluniako Patinaje Federazioa ofizialki onar ez zezaten, halaxe salatu baitzuten presioak jasan zituzten batzuek.

Emantzipazio prozesuak berekin ekarriko duen nazioarteko proiekzioa da, ordea, prozesu hasi berri horren elementu gakoa. Esan nahi dut, alegia, Espainiaren kezka nagusia ez dela Espainiako selekzioa zatituta geratzea kirolari katalan eta euskaldunak beren selekzioetara joanez gero. Ofizialtasunak kontzientzia nazionala sortzea da kezka nagusia, eta horregatik datoz bat sozialista eta popularrak. Horregatik ezin dute onartu Barçak Kataluniako selekzio nazionalaren ordezko gisa duen sinbologia.

Política y deporteEta zinismo handiz jokatzen du berriz ere Jose Montillak -beste askok bezala- aldarrikapen bandera eta pankartei buruz politika eta kirola ez direla nahastu behar dioenean; izan ere, kirola politikarekin nahasi behar ez bada, zergatik daude selekzio nazionalak? Zergatik goresten dira garaikurrak garaipen nazional gisa, eta zergatik entzuten dira ereserki nazionalak estadioetan? Zergatik zeuden Espainiako erregea eta Rodriguez Zapatero jauna Parisko Saint Denisko estadioko palkoan Bartzelonak jokatu eta irabazitako Txapeldunen Ligako finalean? Goi agintari horiek futbolzaleak badira, bidezkoa izango da harmailetan eser daitezen, gainerako ikusleak bezala, palkoan eseri eta haien ustez kirol ekitaldi hutsa dena politizatu beharrean. Are gehiago: Barça selekzioa ez bada eta, horrenbestez, bere burua soilik ordezkatzen badu, zer egiten zuten lehen aipatutako gizon horiek Parisen egun hartan, eta zergatik bidali zuten Kataluniako presidentea agintarien bigarren lerrora?

Catalunya-EuskadiIkusi dugunez, gezur biribila da guztia, ezin saihestuzkoa dena geldiarazteko. Ezin saihestuzkoa baita honako hau: kirolez kirol eta federazioz federazio, beren selekzio eta banderekin jokatuko dute Euskal Herriak eta Kataluniak lehiaketa ofizialetan. Eta egun hori iristen denean, jarraitzaile ugari dituzten kirolak normalizatzen direnean, geldiezina izango da bi herrialde horien independentziarako prozesua. Gaur egun, ez dago hori baino indar handiagorik komunitate nazional berezi bateko kide sentiarazteko. Zeren beldur da, bada, Espainia bestela?

Berria , 31/10/2006 (euskara)
Nabarralde , 31/10/2006 (gaztelania)
Racó Català , 12/12/2006 (katalana)
 
Nork hartzen dio kontu torturatzaileari? Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
dilluns, 20 novembre 2006
Torturarik Ez«Ez da egia Espainian torturatzen dela», esan zidan sozialistei bozkatzen dien Madrilgo lagun batek. «Estatu demokratikoa da gurea, eta eskubide konstituzional urra ezinak dituzte atxilotuek, nazioarteko erakundeen bermea». 'Eta zer gertazen da torturak eta tratu txarrak jasan izana salatu duten preso politikoekin?', galdetu nion nik. «Gezurra esaten dute», erantzun zidan. Espainiak Irakeko gerran parte hartzearen kontra zeuden milioika lagunetako bat da nire laguna, militar estatubatuarrek Abu Graibeko kartzelan egindako torturen berriek senetik atera zutenetako bat. Sutan jarri zen estatubatuarrek Guantanamon egindako torturen harira ere, higuingarriak iruditzen baitzaizkio. Ni ere bat nator harekin. Hala eta guztiz ere, zergatik dute sinesgarritasun handiagoa Abu Graibeko eta Guantanamoko salaketek Intxaurrondokoek baino, adibidez? Leku horietan egon ez bada ere, zergatik dira lehenengo biak hirugarrena baino sinesgarriagoak? Hauxe izan zen haren erantzuna: «Estatubatuarren torturen inguruko irudiak baditugulako, eta espainiarrenenak ez».

Egia da. Iraken atxilotutakoen aurkako torturen irudiak askotan ikusi ditugunez, xehetasun guztiekin deskriba genitzake. Intxaurrondoko edo Espainiako gainerako espetxeetakoak, berriz, ez. Beraz, zergatik sinetsi behar dugu halakoak jasan dituzten independentista katalan eta euskaldunek kontatzen dutena? Egia esan, bada horretarako arrazoirik: Espainiako tortura kasuak sekula ez ikertzea. Irudirik ez dagoenez, horixe da salaketa horien egiatasunaren frogarik onena. Horrexegatik, hain zuzen, ez ikertzeagatik, 1992an estatuko segurtasun indarrek torturatu izana salatu zuten independentista katalanei kalte-ordainak ematera zigortu zuen Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiak Espainia 2003ko azaroaren 18an. Izan ere, ikertu egin behar dira tortura salaketa guztiak, eta horri aurka egiten dion epaile eta gobernua torturatzaileen konplize bihurtzen dira.

Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsaleko 5. artikuluak dioenez, «Ezin daiteke inor torturatu, ezta inori zigor edo tratu txar, anker eta lotsarazlerik eman ere», eta Espainiako Konstituzioko 2. artikuluaren arabera, oinarrizko eskubideen inguruko arauak «Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala aintzat hartuta interpretatuko dira». Ukaezina da, beraz, Espainiak eskubide horiek urratzen dituela; izan ere, torturarik ez balego ere, susmagarria da horiek ikertzeko borondaterik eza, salatzaileen oinarrizko eskubideak urratu ez ezik, torturatzaileen zigorgabetasuna babesten baitu. Horren ondorio da, era berean, Nazio Batuen aholkuak ez jarraitzea, galdeketa guztiak bideo kamera bidez grabatzearen, inkomunikazioa kentzearen eta atxilotuei konfiantzazko abokatu batekin harremanetan jartzeko aukera ematearen ingurukoak. Indar polizialak oinarri frankistak dituen eta giza eskubideak errespetatzen ez dituen Estatu baten beso armatua direla erakusten du bai horrek guztiak, bai eta torturak salatzera ausartu direnen aurka jartzen duten salaketak. Izan ere, Terrorismoaren Aurkako Legeak babesten du hori, horren babesean kentzen baitizkiete atxilotuei beren eskubide oinarrizkoenak; gainera, haien segurtasunaz arduratu beharko luketenen oniritziarekin, gizaki doilorren zerbitzura dauden objektu bihurtzen dira, katalana eta euskalduna den ororen aurkako gaiztakeria eta gorrotoa erakusteko aukera ikusten dutenena. Zoritxarrez, ez da hori presoak sakabanatzeko politika dela-eta Espainiako polizia etxe eta kartzeletan gertatzen den guztia. Badaude gauza okerragoak: azken 20 urteotan izandako 13 preso politiko euskaldunen heriotza misteriotsuak. Kopuru hori kontuan hartuta, hildako bat izan da hemezortzi hilean behin, batez beste. Datu horiei GALeko buru guztiak 28 lagun hil, tortura ankerrak egin eta eroskeria delituak zituzten kartzelatik atera izana gehitzen badiegu ETAko presoei, berriz, luzatu egiten dizkiete zigorrak, horiek bete ondoren, estatuko botereen ustelkeria ezin daiteke lotsagarriagoa izan. Eta Espainiako gizartearen eta torturatzaileen artean konplizitatea dagoelako da lotsagarria; torturak ikertu nahi ez dituzten epaileen aldetik hasten da konplizitatea, horiek babestea eta sustatzea bezala baita hori, eta estatuko hedabide gehienen isiltasunarekin amaitzen. Izan ere, Espainiako herritar gehienentzat ona da informazio falta hori. Horri esker, zuzenbidezko estatu batean bizi direla sinesten jarraituko dute, giza eskubideak errespetatzen dituen batean eta, sozialistei bozkatzen dien Madrilgo nire lagunak bezala, torturak salatzen dituztenak «gezurra esaten dutela». Horrenbestez, ezjakintasuna da kontzientzia gaiztoaren aurkako txertorik onena eta hipokrisiaren alibia.

Horrela uler daiteke estatubatuarrek Abu Graiben eta Guantanamon egindako torturek Espainiako gizartean lotsa eragin izana eta etxetik kilometro gutxira egindakoek, berriz, axolagabekeria besterik ez beti. Lehenak urrun gertatu direnez, ez da batere kostatzen sutan jartzea; gainera, nor bere buruarekin bakean sentitzeko aukera ematen du horrek. Besteek, berriz, konpromisoa ez ezik gardentasuna eta Espainiaren batasuna deritzon muturreko ideologiaren zerbitzura daudenak gaitzestea eskatzen du. Guztia justifikatzen du ideologia horrek, bai tortura poliziala, bai eta hilketarik ankerrena ere. Tristea, ezta?


SBS Australiako telebista kateak Espainiako Estatuko torturari buruz egin zuen dokumentalaren zatia. Dokumental osoa hemen ikus daiteke.

Berria , 31/3/2006 (euskara)
Nabarralde , 31/3/2006 (español)
Lluita , núm. 251, octubre-novembre 2006 (català)
eurotribune.eu , 22/11/2006 (català, english, español)
 
Katalanismoak 69, espainolismoak 54 Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
dilluns, 13 novembre 2006
Katalanismoak 69, espainolismoak 54Litekeena da lagun asko desilusionatuta egotea Kataluniako hauteskundeen emaitza dela eta; batez ere, kontuan hartuta inkestek eta Convergencia i Unioren nagusikeriak ilusio bat sortu zutela eta alderdi horrek 52 eserleku inguru lortuko zituela iragartzen zela. 48 baino ez ditu lortu, ordea, aurreko legegintzaldian baino bi gehiago baino ez, eta laurogeita hamar mila boto galdu ditu. Beraz, garaipen garratza da nolabait, PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiaren jaitsiera handiak -5 eserleku eta 250.00 boto gutxiago ditu- bakarrik gozatzen duena. PSCk jaitsiera handi hori izan ez balu, askoz ere nabarmenagoa izango zatekeen CiUren porrota. Hala ere, bi gauza nabarmendu nahiko nituzke. Bat: katalanismoak ez du atzera egin, ERCk eta CiUk lehen beste eserleku baitituzte. Eta bi: Kataluniako gizartearen zati batek, subiranistak, bere bi aukera politikoak zigortu dituela erakusten du abstentzioak -%43-. Mas-Zapatero itunari huts egiteagatik CiU, eta Kataluniako presidentetza alderdi espainolista bati -PSC- eman izanagatik, berriz, ERC. Bada beste irakurketa bat, baina: subiranismoa hazten ari da Katalunian, independentziaren aldeko botoek erakusten dutenez. ERCk 2003an lortutako botoak -12 diputatu izatetik 23 izatera pasatu zen- CiUtik heldutakoak zirela ziotenek arrazoi balute, nolatan galdu ditu bi eserleku bakarrik, hedabideetan haren kontrako kanpaina gogorra egin badute ere? Azpimarratzekoa da, era berean, katalanismoak espainolismoa gainditu izana -69 eserleku lortu ditu lehenak eta 54, berriz, bigarrenak. ICVren 12 eserlekuak batuta ere, haren azpitik geratzen baita espainolismoa. Oso urruti joan litezke ERC eta CiU elkarrekin, nahi balute.

Horrek guztiak etorkizun interesgarri baina lausoa uzten du. Interesgarria, sendotuta egoteaz gain gorantz doalako independentismoa. Eta lausoa, ERCk bere kontra jarri dituelako gainerako indar politikoak, Parlamentuan duen presentzia handia dela eta. Enbarazu egiten dio ERCk CiUri, Kataluniako kontzientzia nazionala piztu eta hutsean uzten duelako alderdi horren egitarau eskualdera begirako eta biktimista. Eta traba egiten die PSC, PP eta Ciutadansi ere, horien arteko lotura erakusten duelako: Espainia bortxaz inposatu nahia. Horrenbestez, ERCren babes-nazionalismoaren, CiUren koldarkeriaren eta gainerako alderdien Espainiarekiko mendekotasunaren artekoa da lehia. Horri guztiari Espainian ERCri dioten gorroto ikaragarria batuz gero, erraz uler daiteke Masen eta Zapateroren arteko itunaren baldintzetako bat independentistak boteretik kanpo uztea izatea, eta elkarlanean aritu izana haiei izena kentzeko. Hala ere, oker dabil Esquerra berriz ere PSCrekin elkartuta. ERCren oinarriek -Estatutuaren aurka bozkatzera behartu zuten- nekez onartuko dute gobernutik bota zituen alderdiarekin ituntzea eta Kataluniak eskubide historikorik ez duela esan zuen gizona presidente bihurtzea. Printzipio kontua da.

Baina oker dabiltza Esquerraren helburua CiU zapaltzea dela uste dutenak ere. Egia da botoak batetik bestera dabiltzala bi alderdi horietan, baina bigarren horren egoera «ezohikoa» delako da hori. Nahikoa izango litzateke CiUk independentziaren alde egitea bi alderdi horien arteko boto-emaileak ongi bereizita geratzeko. Eskuin moderatua izango litzateke CiU, baina kontsekuentea nazioari dagokionez; ERC, berriz, alderdi ezkertiar nagusia izango litzateke, eta helburu nazional berberak edukiko lituzke. Beraz, CiUko subiranista askok hala uste badute ere, ERCren arerioa ez da CiU, baizik PSC, eta horri irabazi nahi dio. Horixe da errepublikanoen benetako helburua: ezker nazionala bihurtzea eta PSC Espainiako ezker nazionalistaren interesen babesle gisa uztea. Egun horretan, normalizazio politikoa lortzear egongo da Katalunia, gazteen boto gero eta ausartagoari esker.

Bien bitartean, inork sinesten ez dituen aginduei egiantzekotasuna emateko notarioarengana joan behar dutenen esku jarraituko du Kataluniako politikak, bai eta Katalunia Moncloatik gobernatutako erkidego bihurtu dutenen esku ere. Eta ERCk erantzukizun handia du azken horretan. Kexu da ERC Kataluniako politika espainolizatu izanaz; arrazoi du, baina onartu behar du sozialisten aurrean gailendu ez izanagatik dagoela horrela. Bere buruaz beste eginda ordezkatu nahi al du, bada, PSC?

Oso baliagarria da Kataluniako politikaren giltza edukitzea, noski, baina onena ez da giltzaren jabe izatea, giltza erabiltzea baizik. Hitz egiteko gaitasunak isilik egoten dakienaren argitasuna areagotzen duen bezala, giltza erabiltzeko moduak giltza duenaren buruargitasuna erakusten du. Esan nahi dut horrekin ERCk ez duela nahitaez boterera heldu behar Katalunian aginduko duen alderdia izateko; nahikoa da arerioak gezurretan harrapatu eta beren berritsukerian ito daitezen uztea, estatutu berria katalanen arazo guztien konponbide dela agindu baitute.

Ciutadans alderdi katalanofobikoa Legebiltzarrean egoteari dagokionez, azken urteotako berririk onenetakoa dela uste dut, ironia erabiltzen uzten badidazue. Kataluniako independentismoak indarra duela esan nahi du, eta beldurtu eta kezkatu egiten dituela horren kontra daudenak. Halaxe gertatu da emantzipazio prozesu guztietan, eta halaxe gertatuko da Katalunian ere. CiU zenbat eta lehenago konturatu koldarkeriak suntsituko duela, orduan eta lehenago amaituko da prozesua.

Berria , 9/11/2006 (euskara)
Racó Català , 14/11/2006 (katalana)
Nabarralde , 16/11/2006 (gaztelania)

 
Frankfurt 2007ko manipulazio politikoa Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
dilluns, 16 octubre 2006
La manipulació política de Frankfurt 2007Aukera bikaina izango da Herrialde Katalanentzat 2007ko Frankfurteko Azokan literatura katalana ohorezko gonbidatu izatea. Munduko literatur azoka nagusia da, Guadalajarakoa (Mexiko) baino askoz ere garrantzitsuagoa, eta, hortaz, proiekzio bikaina du horrek nazioartean. Literatura katalana kultura gutxitu baten zati dela, eta gutxitze hori bi auzo boteretsuen -Espainia eta Frantzia- etsaikeriaren ondorio dela eransten badiogu horri, gonbita ezin aproposagoa izan.

Gonbit hori, baina, liskar iturri bihurtu da -ezin zitekeen bestela izan, estaturik gabeko nazio izanda-, eta beste baten borondatearen mende denbora luzez egoteak dakartzan miseria guztiak atera ditu. Ez dakit arazoa nola konponduko den euskal literaturari egokitzen zaionean ohorezko gonbidatu izatea, baina horretan pentsatzen hasi beharko lukete idazle eta agintariek, Kataluniakoak bezalako eztabaida zentzugabeetan ez galtzeko eta itxura penagarria ez eskaintzeko. Ez da berria, inolaz ere, justifikatzeko beharra izaten dutela aitortza juridikorik ez duten pertsona eta herriek. Energia handia gastatzen dute batzuek eta besteek datuak, frogak, arrazoiak eta abar biltzen, munduak benetan existitzen direla jakin dezan.

Frankfurtera katalanez idazten dutenek bakarrik joan behar duten edota gaztelaniaz egiten dutenek ere joan behar duten eztabaidatzea iruzur semantiko baten ondorio delako diot hau. Alderdi Sozialistak egin zuen iruzurra, honako bi helburu hauekin: bere egileak -oro har, gaztelaniaz idazten duten gehienak- bidaltzea, eta Espainiatik berezitako Kataluniaren nazioarteko proiekzioa zapuztea. Beraz, letrak kulturarekin ordezkatzea da iruzurra. Horrela, lehen kasuan ukaezina dena -Kataluniako literatura katalanez idatzitakoa bakarrik dela- eztabaidagarri bihurtzen da bigarren kasuan. Ikusten al du irakurleak ñabardura?

Errazago ulertzeko, beren jaioterria eta beren lanetako hizkuntza bat ez dituzten hiru pertsona aipatuko ditugu: Miguel Unamuno euskalduna, Georges Brassens okzitaniarra eta Georges Moustaki greziarra. Zer ekarpen egin diote hiru egile horiek beren jaioterrietako hizkuntzari? Bat bera ere ez, beste hizkuntza batean idatzi baitute. Unamunok gaztelaniaz idatzi zuen, eta Brassensek eta Moustakik, berriz, frantsesez. Horrenbestez, Espainiako eta Frantziako literatura aberastu dute egile horiek, inolaz ere ez euskal literatura, literatura okzitaniarra edota greziarra.

Tisner edo Pere Calders ere adibide dira Kataluniaren kasuan; hogei urtean bizi izan ziren Mexikon, erbesteratuta. Bizimodua ateratzeko hainbat lan idatzi zituzten herrialde hartako hizkuntzan, baina ez zioten utzi sekula katalanez idazteari. Horiek horrela, haien gaztelaniazko lanak ez dira literatura katalanaren ondare, ezta katalanez idatzitakoak Espainiako letrena ere. Begi bistakoa den hori ez onartzeak zentzugabekerietara eramango gintuzke; adibidez, Tisnerren Paraules d´Opoton el vell lana edo Cròniques de la veritat oculta eta Gent de l´alta vall, Calderesena, Mexikoko literatura eta kultura direla esatera.

Bitxia da, gero, «zabaltzeko asmoz» esanagatik ere, helburu ekonomikoa ezkutatuta, hizkuntza boteretsuaren -gaztelania- aldeko hautua egin duten egileek beraiek gutxietsitako hizkuntza ohorezko gonbidatu denean gonbida ditzaten nahi izatea. Eta hala ez bada, Javier Cercas eta Juan Marse dira salbuespenak, zertara dator isiltasun konplize hori PSCren plana dela eta, literatura katalana espainiarraren azpisistema bitxi gisa aurkeztean datzana?

Jose Montillaren arabera, «ez dira baztertu behar gaztelaniaz idazten duten sortzaile katalanak». Hara, boteretsuak dira orain baztertuak! Katalunian, ama hizkuntza gaztelania duten asko daudela da aitzakia, noski. Ongi, eta zer? Zer zerikusi du horrek literatura bat gonbidatzearekin? 300 hizkuntza daude Katalunian; ohorezko gonbidatu 300 hizkuntza horiek izan behar dutela esan nahi al du horrek? Ez al da izango Montilla ministroak bere hizkuntza goragoko mailakotzat jotzen duela -kezkagarria da hori, bere burua ezkerrekotzat edukita- eta besteak beheragokotzat? Segur aski, besteak ez direla ofizialak esango du hark eta, beraz, ezin direla berdin hartu. Zergatik ez, baina? Ez al dugu esan, ba, PSC ez dela nazionalista? Zertara dator bat-batean Espainia hain sutsu babestea? Are gehiago: gaztelania Kataluniaren zati bada, gaztelaniaz mintzatzen diren asko bizi direlako bertan, eta PSCren arabera Katalunia Espainia bada, nolatan ez dira espainiarrak eta ofizialak Espainiako alde horretan bizi diren milaka eta milaka lagunen gainerako 298 ama hizkuntzak?

Inkongruentzia horrek erakusten du zenbaterainoko manipulazio politikoa dagoen gai horren inguruan, estatuaren aparatu baten indarra ez balu inola inposa ezingo zitezkeen argudio txoro eta onartezinen bidez egindakoa. Izan ere, estatu-arrazoia da Espainiarentzat Katalunia eta Euskal Herria ezkutatzea. Horregatik, edozer egiteko prest dago, munduak jakin ez dezan hark bere lurraldetzat jotzen duen horretan jende asko bizi dela zoriontsu gaztelaniaz pentsatu, hitz egin edo idatzi gabe. Umiliazio jasanezina da penintsulan katalanak eta euskarak bizirik jarraitzea bere hizkuntza inposatzeko itsasoz bestaldeko lurretan aurkitutako guztiak suntsitu zituenarentzat.

Berria , 16/7/2006 (euskara)
Nabarralde , 21/7/2006 (gaztelania)
Racó Català , 11/10/2006 (katalana)
El Punt , 13/10/2006 (katalana)
normalitzacio.cat , 16/10/2006 (katalana)
Eurotribune.net , 18/10/2006 (katalana, ingelesa, gaztelania, frantsesa)
 
Orain Bruselaren txanda da Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
diumenge, 10 setembre 2006
Brussel·lesSufritu gabe ez dago hazterik. Ikasteko, heltzeko eta banaka edo taldeka askatzeko prozesu guztiak motelak dira, zailak eta desilusio unez beteak. Historiak esaten digu luzamendu bat edo beste gertatu dela, ia beti, aurrerapen handi guztiak iritsi baino lehen, aurrerapen horiek politikoak, zientifikoak edo sozialak izan. Helburuak guztiz lortzeko, premiazkoa izan ohi da behar zenean atzerapausoa emateko buruargitasuna izatea. Halaxe izan ohi da, bai, bizitzan ez baitago bide zuzen-zuzenik. Giza helburu guztiak ezin lortuzkoak dira, nork bere mugak aitortzeko gaitasunik ez badugu. Eta katalanok eta euskaldunek, jakina denez, baditugu geure mugak. Batzuk, geure nortasunari dagozkio, geure izatearen parte dira; beste batzuk, ezbeharraren fruitu dira, gertakari jakin batzuek sortuak. Nolanahi ere, muga horiek ez dira gure nazio menpekotasunari eransten zaion etsai bat, hala badirudi ere. Izan ere, gu menpean eduki nahi gaituztenek ere badituzte beren mugak; gu baino gehiago direla dioten horiek, geure kabuz erabakitzeko nor ez garela esaten diguten horiek ere, gustatu zein ez, beren izaeraren menpe daude, ezinbestean. Horra hor bizitzaren ironia jakinduriaz betea, gure ahultasuna ez ezik gure etsaiena ere gogorarazten diguna.

Horregatik da zentzugabea euskal herria Estatutu berri baten amarruan erortzea; izan ere, Kataluniakoa bezalaxe, iruzurra eta Espainiaren nagusitasuna zilegitzeko tresna izango baita, seguruenik. Umekeria gaixobera da, barnetegitik atera beharrean, barnetegiko bizimodua hobetzen saiatzea. Borrokalariak, zapaltzailearen kontra borrokatu baino, bere buruaren kontra aritu nahiago balu bezala. Herri zapaldu askori gertatzen zaie. Ez dira ohartzen honetaz: zenbat eta lortzen zailagoa iruditu nazio independentzia, orduan eta sendoagoa da beren baitan ezin horren segurtasun faltsua. Independentzia, ordea, ez da aita ahalguztidun batek, ondo portatuz gero, ematen duen saria: independentzia eskubidea da, gizaki guztiek heltzean erabiltzen dutena eta nazio talde guztiek erabiltzen dutena konturatzen direnean herrien arteko berdintasunik ez dagoela bakoitzaren berezitasuna errespetatzen ez bada. Baina non dago nork bere buruaz duen kontzientzia, nazioa prest baldin badago bere parlamentuaren nahia beste parlamentu baten nahira makurrarazteko?

Gogoeta handirik egin gabe ere ulertzen da nazio eta estatutu termino kontrajarriak direla. Nazio helduek ez dute Estatuturik: nazio helduek Konstituzioa dute. Baina non dago Euskal Konstituzioa? Non dago haren izaera juridikoa bermatzeko dokumentua? Non dago munduko beste nazio burujabeen eskubide eta betekizunak ematen dizkion Konstituzioa? Euskal Herriak ez du horrelako ezertxo ere. Honexegatik ez du, hain zuzen: auzokoek ez dutelako etsi hegoaldeko euskaldunak espainiar eta iparraldekoak frantses bihurtzeko saioan. Berdin dio Espainian edo Frantzian nork agintzen duen: gobernu guztiek, guzti-guztiek, izan dute eta dute helburu hau: euskal herria galtzea, nazio nortasun bereizia den aldetik.

Manifestació del 18 de febrerHorregatik, nazio kontzientzia duen euskal jendeak ahaztu beharra dauka, independentzia lortu eta biharamuna arte, bere arteko desadostasunak, eta ahalegindu behar du bere gatazka politikoa nazioartekotzen. Otsailaren 18an Bartzelonan eginiko manifestazioak eta apirilaren 1ean Bilbon eginikoak arrakasta handia izan zuten, baina igaroak dira. Orain Bruselaren txanda da, orain Estrasburgoren txanda da. Nazioa aldarrikatzeko hurrengo manifestazio handiak euskal-katalana behar du izan, eta Europako erakundeen aurrean egin behar da: izan ere, katalan eta euskal jendeok, europar garen aldetik, Europan gogoratu behar diegu mundu guztiko demokratei Nazio Batuen Batzar Nagusiak ebazpen bat onartu zuela: «Herriek eta nazioek beren kabuz erabakitzeko duten eskubidea aurrebaldintza bat da gizakiaren eskubide oinarrizko guztiak ezartzeko».

Norberaren edo alderdiaren interesak baztertzeko gai ez bagara, Kataluniak eta Euskal Herriak ez dute sekula berreskuratuko independentzia. Nahikoa da, bada, barne zatiketatik; nahikoa da norberaren zilegitasuna neurtzen indarra xahutzetik. Garrantzitsuena ez da Katalunia eta Euskal Herria ezkerrekoak edo eskuinekoak izatea, baizik eta libre izatea, nahi dutena izateko. Eta helburu horretan jarri behar dugu gure indar guztia, Europako Batasuneko Estaturik gabeko nazioen kohesioa lortzeko, Estrasburgoko Parlamentuan ahots bakar batez mintzatu ahal izateko.

Frantzia eta Espainia beren inperio historiaren azkenetan dira. Berdin dio horretaz ohartu nahi ez badute ere: haien bizialdia bukatzeko zorian dago, eta haien heriotzarekin beste aldi bat sortuko da, aurrekoaren antitesia. Inperio estatuen gainbehera ekarriko du, eta herri txiki egiazkoen egunsentia. Eta herri horien artean, ez izan duda izpirik ere, Euskal Herria eta Herrialde Katalanak egongo dira.

Berria , 15/9/2006 (euskara)
Nabarralde , 15/9/2006 (gaztelania)
Racó Català , 19/9/2006 (katalana)
Eurotribune.net , 26/9/2006 (katalana, ingelesa, gaztelania, frantsesa)
 
Independentziaren biharamuna Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
dilluns, 07 agost 2006
El día siguiente de la independencia de Euskal HerriaEuskal herritar batzuek independentismoa kriminalizatzen dute eta, bide batez, omendu egiten dituzte beren buruak. Astean behin Jainkoarekin bazkaltzen dute, eta kopatxo bat hartzera gonbidatzen. Iruzurgile galantak dira, alajaina. Ikaragarri maite dute Jainkoaren argitasunaren haragitzea direla sinetsaraztea. Bestelakoa da, ordea, errealitatea: izuak harrapatzen ditu antzerkia amaitu eta bakarrik geratzen direnean. Segurtasunik gabe, haurtxoak bezala, beren burua gorrotatzen dute, eta Euskal Herria Espainiatik bereizten den egunaren biharamunean ere Athleticek eta Realak Espainiako Ligan jokatuko dutela, Euskal Telebistak erreferente espainiarrak edukiko dituela eta euskal herritarrek urte berriari ongietorria Puerta del Soleko kanpaien doinuekin emango diotela adieraztera bultzatzen ditu gorroto horrek artikulu, tertulia eta eztabaidetan.
Llegeix més...
 
Baiaren gatibu Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
divendres, 23 juny 2006
Baiaren gatibuPP eta PSOE izan dira Kataluniako erreferendumeko garaile nagusiak. Horiek bakarrik esan dezakete arrakasta izan dutela. Izan ere, Alderdi Popularrak lagundu du gehien baiak irabaz dezan. Harena da, beraz, ezetzaren porrotaren meritua, eta bidezkoa izango da pribatuan bada ere PSOEk hori aitor diezaion. Espainiaren zatiketa dela eta, espainiar izutuaren itxura harrigarria izan da baiaren aliatu onena estatutuaren inguruko prozesuan. Katalunia Ceuta eta Melillarekin parekatzea baino ez dena aurrerapen handi gisa aurkeztu behar zuen PSOEk, eta PPk, bere espantu egite eta Espainiaren batasunaren alde egindako deiekin, bere helburua lortzen lagundu dio. Uste al du ba inork, baiak irabazi izango zukeela PPk estatutuaren bikaintasunak goraipatu izan balitu? Garbi dago, beraz, lotuta zegoela guztia, ongi lotuta.
Llegeix més...
 
'Bai' esaten du beti amore emaileak Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
diumenge, 04 juny 2006
Bai esaten du beti amore emaileakBere buruan sinesten duena definitzeko erabiltzen du psikologiak asertibitate hitza. Zeinahi egoeratan bere iritzia edo nahia adierazteko beldurrik ez duena da pertsona asertiboa, gizartearen presioari aurre egiteko indarra duena. Asertiboa ez denak, berriz, horren guztiz kontrakoa egiten du. Eskatzen diotena egin nahi ez badu ere, amore ematen du beti, solaskidea ez nekarazteko. Taldeek ere badute jokaera hori; batez ere, beren borondatea beste talde baten mende dutenek. Horren adibide bikaina erakutsi du Kataluniak azkenaldian, estatutuaren negoziazioari dagokionez. Hango agintariek egin dutena -gizarteak testua elkarrekin onartzeko eskatu arren, bakoitzak bere aldetik negoziatu-, baina, ikuskizun barregarria izan da; bekaizkeriaz eta harrokeriaz jokatu dute, ez legebiltzarkide gisa. Arazoa larria da, ordea.
Llegeix més...
 
Amore emaileen iruzurra Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
divendres, 21 abril 2006
El frau dels claudicantsKataluniako Estatutuaren inguruko erreferendumaren eguna inguratzen ari den heinean, horren aldeko hiru alderdiak PSC, CiU eta ICVareagotzen ari dira Esquerra Republicana de Catalunyaren aurkako presioa, Josep Lluis Carod Roviraren alderdiak bere botoa aldatu eta amore emaileen multzoarekin bat egin dezan. Den-dena probatu dute: bai ospea kentzea eta iraina, bai eta indarkeria eta mehatxua ere. Alderdi horiek asko dutenez jokoan, edozer gauza egiteko prest daude historiaren epaitik libratzeko. Izan ere, ezinaren emaitza baino ez da beren aldeko prentsak lagunduta antolatu duten kriminalizatze kanpaina; lotsagarri utz ditzakeena suntsitzeko, gezurra eta difamazioa erabiltzeko beharra dutenena.

Llegeix més...
 
Etsipenaren estatutua Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
diumenge, 05 març 2006
 L'Estatut de la ResignacióKataluniarra naizenez, lotsatuta ikusi dut nire herrialdeko politikariek estatutu berria negoziatzeko orduan eman duten itxura penagarria, eta lotsa eman dit haien heldutasun eta gaitasun ezak. Oso penagarria izan da gutxi batzuen arduragabekeriak, koldarkeriak, duintasun ezak eta botere irrikak herri osoa umiliarazi dezaketela ikustea. Orain, tamalez, historiak Etsipenaren Itunaren irudia betiko gorde izana da Kataluniari geratzen zaion kontsolamendu bakarra. Horixe baita, hain zuzen, urtarrilaren 21eko Masen eta Zapateroren arteko esku estutzeak ekarri zuena: Etsipenaren Estatutua.

Llegeix més...
 
Kataluniarekiko gorrotoa Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
dijous, 17 novembre 2005
Kataluniarekiko gorrotoaXX. mendeko 30eko hamarkadan, Hitler boterera demokratikoki heldu ondoren, herrialde osoan hedatu zen antisemitismoa, Alemaniako gizartean lehergailu bat zegoela ikusi nahi ez zuten asmo oneko alemaniarren laguntzarekin. Antisemitismorik bazen, ordea, eta eztanda egin zuen lehergailuak. Orduan hasi zen, 1942an, «juduen inguruko auziaren behin betiko konponbidea»; primeran ezagutzen ditugu ondorioak: sei milioi biktima eragin zituen. Hala ere, basakeria hartatik bizirik atera zirenak erabat mespretxatuz, egunero agertzen dira gertakari haiek arindu nahian nazismoa ukatzen duten komunikatzaile eta intelektualak. Frankismoa ukatzen dutenak bezalakoak dira. Haien arabera, naziek eragindako izua juduen sugestioa baino ez zen izan, eta frankismoa, berriz, haurren jolasa. Hauxe da bi izu horien arteko aldea: Alemanian zigortu egiten dute nazismoa; Espainian, aldiz, babestu frankismoa.

Llegeix més...
 
Subiranotasuna edo menpekotasuna Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
dissabte, 17 setembre 2005
"Soberanía o subordinación", Tomas UrzainkirenaNola jokatuko lukete espainolek Nafarroako, Kataluniako edo Portugalgo Estatuan biziko balira? Otxan-otxan onartuko lituzkete Iruñearen, Bartzelonaren edo Lisboaren menpean egotea? Natural-natural ontzat hartuko lukete Parlamentu «nagusi» baten menpe egotea beren Parlamentua? Alderdi independentistak izango lituzkete? Buruan ibiliko lukete borroka armatua zilegizkotzat jotzea, askatasuna berriz eskuratze aldera? Galdera korapilatsuak dira, bai, baina komeniko litzateke Espainian norbaitek galdera horiek egiteko lan onuragarria hartzea. Besteari objektibotasunez erreparatzea antidoto ederra da absolutismoaren eta itxikeriaren kontra.

Llegeix més...
 
Maragallen burugabekeriak Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
dijous, 18 agost 2005
MaragallBegi bistakoa da ia Katalunian dutela erruduntasun sentimendu handienetakoa. Hiru mendeko kolonizazio politiko, sozial eta kulturalaren ondorio logikoa da hori. Ez dago nahien etengabeko frustrazioa eta nortasunaren umiliazio sistematikoa jasango duen pertsona edota herririk. Horren adibide da katalana ordezkatzeko prozesuan Kataluniako Gobernuak eta hainbat herritarrek erakutsitako pasibotasun konplizea. Horiek horrela, Kataluniaren nortasunaren ezaugarri bihurtu da erruduntasun konplexua, eta ohikoa, berriz, barkazioa eskatzeko ohitura. Jordi Pujolek hainbatetan eskatu zuen barkamena; halaxe egin zuen Pasqual Maragallek ere presidentetzara heldu zenean, eta beste horrenbeste egin du, halaber, Lluis Carod Rovirak. Gogora dezagun azken horren barkamen eskaera ezaguna, Madrilek Espainiako hiriburua Olinpiar Jokoen gune ez lukeela izan behar esan ondorengoa. Izan ere, Kataluniako selekzioaren alde bozkatzera zihoazenak mehatxatu, eta ez zuen inolako kiroltasunik erakutsi Espainiak Fresnon. Hitz horiek Katalunian orokorra zen sentimendu bati erantzuten bazioten ere Kataluniako milaka eta milaka boluntario zituen 2012. urteko Olinpiar Jokoetarako Londresen hautagaitzak, barkazioa eskatu zuen Carodek.

Llegeix més...
 
Autogorrotoan pedagogoak Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
divendres, 22 juliol 2005
ImageMenpekotasunak luze jotzen duenean, sarritan, biktima psikologikoki ez da gai erasotzen diotenean erantzuteko. Horrelako egoeretan, arrisku handia dago hori gertatzeko. Denboraren poderioz, biktimak nagusiarekin dituen loturak gero eta gehiago dira eta menpekotasun egoera areagotu egiten da. Horregatik, ez da harritzekoa sarritan biktima bera erasotzailearen alde agertzen bada eta haren balio ezkutu eta ulertugabeak goraipatzen baditu. Kontzientziaren ahotsa edukitzen du gehienetan mozorrotzat jarrera horrek, eta kontua mundua biribila ez dela eta berak ere ez erasotzaileak bakarrik tatxak badituela gogoraraztea da. Hala, inork erasotzaileari aurre egiten eta zapalduaren duintasuna pizten saiatzen den guztietan, hor azaltzen da berehala ahots hori, kargu hartzeko eta neurritik ez ateratzeko eskatzeko. Biktimak zintzoa izan behar du erasotzailearekin, askatasuna galtzea baita erasotzailearen menpe egoteak duen alderdi txar bakarra; izan ere, erasotzailea giza balioz, anaitasunez, balio demokratikoz gainezka dago. Egia oso bestelakoa da, ordea: inondik ere ez da hori kontzientziaren ahotsa; bizitza gidatzen dionaren menpe emozionalki zenbateraino dagoen bere buruari aitortzeko gai ez den baten ahotsa da baizik. Hain liluratuta dauka erasotzaileak, non haren tokian jartzearen poderioz azkenean hark bezala hitz egiten duen eta haren aldezle sutsuena den.

Llegeix més...
 
Leitzako ikurrina Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
dimarts, 17 maig 2005
Leitzako ikurrinaApirilaren 30ean Leitzan izan nintzen, eta udaletxean Euskal Herriko bi ikurrin nola jartzen zituzten ikusi nuen. Bat udaletxeko goiko aldean jarri zuten; bestea balkoian, Nafarroakoaren eta Leitzakoaren ondoan. Leitzakoek berek jarri zituzten, handik ordu batzuetara egitekoa zuten manifestazioa iragartzeko edo. 1997an udalbatzarrak hartutako erabakia onar zezatela eta, hala, ikurrina udaletxeko balkoian jarrita edukitzeko eskatzekoak ziren manifestazioan. 
Llegeix més...
 
Ezin etsi, 290 urte geroago ere Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
dimarts, 05 octubre 2004
Països CatalansKatalana zatitzeko espainiarrek eginiko saialdiak ez dira berriak. Baliteke PPko gobernuarekin azken urteetan gordindu izana, baina aspaldiko jatorria dute: 1716ko urtarrila Ezkutuko Jarraibide bat eman zien Gaztelako Kontseiluko fiskalak Kataluniako korrejidoreei. Dakizuen moduan, Kataluniako nazioak 1714an Filipe V.aren tropen aurka izan zuen porrotak ondorio larriak ekarri zituen. Kataluniaren subiranotasun politikoa bertan behera uzteaz gain, Kataluniaren nortasunari ere jazarri zioten, hizkuntzari eta kulturari. Nortasun, hizkuntza eta kultura horiek aukera izan ahala maiseatzen dituzte 290 urte atzera ere; hala gertatzen da Espainiak mugatu dien txoko folklorikotik harantzago doan gertakariren bat izaten den bakoitzean.

Llegeix més...
 
"Ez hitz egin niri zure hizkuntzan, iraindu egiten nauzu eta" Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
divendres, 02 juliol 2004
Parlament EuropeuEztabaidetan euskal diputatu batek euskaraz hitz egiten badu, zer eztabaida klase izango da hori?», galdetu zuen Eduardo Zaplanak, PPk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak. «Sen onak esaten digu denok hizkuntza bat baldin badakigu hizkuntza hori erabili behar dugula, hizkuntza horrek baitzen baikaitu», tematu zen Zaplana. Jakina, ERCko diputatuen eta senatarien erabakiari buruz ari zen, Kongresuan eta Senatuan katalanez mintzatzea erabaki baitute. Kontua da Zaplana espainieraren sen onaz ari dela eta hori egiazko sen onaren bertsio apokrifoa dela. Nahikoa da egoera eta subjektua aldatzea haren argudioa indarrik gabe uzteko: Zer hizkuntzatan hitz egiten dute Batasuneko diputatuek Europako Parlamentuan, Jaime Mayor Orejarekin eta Jose/Josep Borrelekin hasita? Ingelesa hizkuntza komuna izanik, Europako diputatuek zergatik ez dute erabiltzen eztabaidetan? Arrazoia arrunt sinplea da: gauza bat delako haien arteko komunikazio pertsonalerako hizkuntza, eta beste bat, oso bestelakoa, Batasuneko hizkuntza guztiak modu bidezkoan agertzea bilera ofizialetan. Ganberako korridoreetan aleman batek eta italiar batek elkarrekin hitz egiteko erabiltzen duten hizkuntza erabiltzen dutela, alemanez eta italieraz mintzatuko dira eserlekuan.

Llegeix més...
 
Kataluniako erregionalismoaren gainbehera Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
diumenge, 14 març 2004
Kataluniako erregionalismoaren gainbeheraHerrialde Katalanetan, galdera hauek egiten ditu sarri jendeak: «Nola liteke gu izatea Europako zazpi milioi hiztun baino gehiagoko hizkuntz komunitateetan nazio independente bihurtu ez den bakarra? Nola liteke hiru mendean beste herri baten menpean egon eta gero askatasun mugimendu nazionalik ez sortu izana?». Ondo pentsatuz gero, galdera horiek bururatze hutsak lotsatu egin behar gintuzke. Hori galarazteko, ordea, geure-geureak diren kontraesanei aurre egiteko, erantzun lasaigarri bat eman zuen CIUk, gobernuan zegoela: «Gu gaude ondoena gaizki daudenen artean». Hau esan nahi zuten: «Estaturik gabeko naziorik garrantzitsuena gara Europan; Estaturik gabekoetan, geografikoki ondoena kokatutako nazioa gara; Estaturik gabekoetan, hizkuntza indartsuena duen nazioa gara...». Horrelako esaldiekin, lozorroan sartu du CIUk Katalunia mende laurden luzean. Eta modu berean helduko ginen 2030. urtera, joan den azaroaren 16an gizarte katalana lozorrotik esnatu izan ez balitz, CIUri 10 eserleku kendu eta Esquerra Republicanaren gorakada eragiteko.

Llegeix més...
 
spacer.png, 0 kB