spacer.png, 0 kB
Vctor Alexandre
spacer.png, 0 kB
spacer.png, 0 kB
Inici
Nork hartzen dio kontu torturatzaileari? Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
dilluns, 20 novembre 2006
Torturarik Ez«Ez da egia Espainian torturatzen dela», esan zidan sozialistei bozkatzen dien Madrilgo lagun batek. «Estatu demokratikoa da gurea, eta eskubide konstituzional urra ezinak dituzte atxilotuek, nazioarteko erakundeen bermea». 'Eta zer gertazen da torturak eta tratu txarrak jasan izana salatu duten preso politikoekin?', galdetu nion nik. «Gezurra esaten dute», erantzun zidan. Espainiak Irakeko gerran parte hartzearen kontra zeuden milioika lagunetako bat da nire laguna, militar estatubatuarrek Abu Graibeko kartzelan egindako torturen berriek senetik atera zutenetako bat. Sutan jarri zen estatubatuarrek Guantanamon egindako torturen harira ere, higuingarriak iruditzen baitzaizkio. Ni ere bat nator harekin. Hala eta guztiz ere, zergatik dute sinesgarritasun handiagoa Abu Graibeko eta Guantanamoko salaketek Intxaurrondokoek baino, adibidez? Leku horietan egon ez bada ere, zergatik dira lehenengo biak hirugarrena baino sinesgarriagoak? Hauxe izan zen haren erantzuna: «Estatubatuarren torturen inguruko irudiak baditugulako, eta espainiarrenenak ez».

Egia da. Iraken atxilotutakoen aurkako torturen irudiak askotan ikusi ditugunez, xehetasun guztiekin deskriba genitzake. Intxaurrondoko edo Espainiako gainerako espetxeetakoak, berriz, ez. Beraz, zergatik sinetsi behar dugu halakoak jasan dituzten independentista katalan eta euskaldunek kontatzen dutena? Egia esan, bada horretarako arrazoirik: Espainiako tortura kasuak sekula ez ikertzea. Irudirik ez dagoenez, horixe da salaketa horien egiatasunaren frogarik onena. Horrexegatik, hain zuzen, ez ikertzeagatik, 1992an estatuko segurtasun indarrek torturatu izana salatu zuten independentista katalanei kalte-ordainak ematera zigortu zuen Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiak Espainia 2003ko azaroaren 18an. Izan ere, ikertu egin behar dira tortura salaketa guztiak, eta horri aurka egiten dion epaile eta gobernua torturatzaileen konplize bihurtzen dira.

Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsaleko 5. artikuluak dioenez, «Ezin daiteke inor torturatu, ezta inori zigor edo tratu txar, anker eta lotsarazlerik eman ere», eta Espainiako Konstituzioko 2. artikuluaren arabera, oinarrizko eskubideen inguruko arauak «Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala aintzat hartuta interpretatuko dira». Ukaezina da, beraz, Espainiak eskubide horiek urratzen dituela; izan ere, torturarik ez balego ere, susmagarria da horiek ikertzeko borondaterik eza, salatzaileen oinarrizko eskubideak urratu ez ezik, torturatzaileen zigorgabetasuna babesten baitu. Horren ondorio da, era berean, Nazio Batuen aholkuak ez jarraitzea, galdeketa guztiak bideo kamera bidez grabatzearen, inkomunikazioa kentzearen eta atxilotuei konfiantzazko abokatu batekin harremanetan jartzeko aukera ematearen ingurukoak. Indar polizialak oinarri frankistak dituen eta giza eskubideak errespetatzen ez dituen Estatu baten beso armatua direla erakusten du bai horrek guztiak, bai eta torturak salatzera ausartu direnen aurka jartzen duten salaketak. Izan ere, Terrorismoaren Aurkako Legeak babesten du hori, horren babesean kentzen baitizkiete atxilotuei beren eskubide oinarrizkoenak; gainera, haien segurtasunaz arduratu beharko luketenen oniritziarekin, gizaki doilorren zerbitzura dauden objektu bihurtzen dira, katalana eta euskalduna den ororen aurkako gaiztakeria eta gorrotoa erakusteko aukera ikusten dutenena. Zoritxarrez, ez da hori presoak sakabanatzeko politika dela-eta Espainiako polizia etxe eta kartzeletan gertatzen den guztia. Badaude gauza okerragoak: azken 20 urteotan izandako 13 preso politiko euskaldunen heriotza misteriotsuak. Kopuru hori kontuan hartuta, hildako bat izan da hemezortzi hilean behin, batez beste. Datu horiei GALeko buru guztiak 28 lagun hil, tortura ankerrak egin eta eroskeria delituak zituzten kartzelatik atera izana gehitzen badiegu ETAko presoei, berriz, luzatu egiten dizkiete zigorrak, horiek bete ondoren, estatuko botereen ustelkeria ezin daiteke lotsagarriagoa izan. Eta Espainiako gizartearen eta torturatzaileen artean konplizitatea dagoelako da lotsagarria; torturak ikertu nahi ez dituzten epaileen aldetik hasten da konplizitatea, horiek babestea eta sustatzea bezala baita hori, eta estatuko hedabide gehienen isiltasunarekin amaitzen. Izan ere, Espainiako herritar gehienentzat ona da informazio falta hori. Horri esker, zuzenbidezko estatu batean bizi direla sinesten jarraituko dute, giza eskubideak errespetatzen dituen batean eta, sozialistei bozkatzen dien Madrilgo nire lagunak bezala, torturak salatzen dituztenak «gezurra esaten dutela». Horrenbestez, ezjakintasuna da kontzientzia gaiztoaren aurkako txertorik onena eta hipokrisiaren alibia.

Horrela uler daiteke estatubatuarrek Abu Graiben eta Guantanamon egindako torturek Espainiako gizartean lotsa eragin izana eta etxetik kilometro gutxira egindakoek, berriz, axolagabekeria besterik ez beti. Lehenak urrun gertatu direnez, ez da batere kostatzen sutan jartzea; gainera, nor bere buruarekin bakean sentitzeko aukera ematen du horrek. Besteek, berriz, konpromisoa ez ezik gardentasuna eta Espainiaren batasuna deritzon muturreko ideologiaren zerbitzura daudenak gaitzestea eskatzen du. Guztia justifikatzen du ideologia horrek, bai tortura poliziala, bai eta hilketarik ankerrena ere. Tristea, ezta?


SBS Australiako telebista kateak Espainiako Estatuko torturari buruz egin zuen dokumentalaren zatia. Dokumental osoa hemen ikus daiteke.

Berria , 31/3/2006 (euskara)
Nabarralde , 31/3/2006 (español)
Lluita , núm. 251, octubre-novembre 2006 (català)
eurotribune.eu , 22/11/2006 (català, english, español)
 
< Anterior   Següent >
spacer.png, 0 kB