spacer.png, 0 kB
Vctor Alexandre
spacer.png, 0 kB
spacer.png, 0 kB
Inici
Selekzioak, independentziaren atarikoa Imprimeix Correu-e
per Víctor Alexandre   
dijous, 07 desembre 2006
Uste baino lehenago izango ditugu Kataluniako eta Euskal Herriko selekzio nazionalak. Badakit lorpen hori oso urrun dagoela ematen duela gaur egungo egoera kontuan hartuta, baina nola geldiaraziko du Espainiako Gobernuak gizartearen eskaera gero eta indartsuago hori? Indarraren bidez, noski. Eta indarra erabiltzea ez al da ahultasun seinale?

Catalunya-EuskadiAgian, goizegi da kontura gaitezen, baina Kataluniako eta Euskal Herriko selekzioek urriaren 8an Bartzelonan jokatu zuten partida mugarria izan zen alde horretatik. Atzeratze eta segurtasun falta ezaugarri zituen aroa amaitu, eta aro berri bat hasi zen; hemendik aurrera, askoz ere erantzun sendoagoa emango dio gizarteak Espainiaren zapalkuntzari. Horren erakusle dira independentziaren aldeko banderarik eta autodeterminazioaren aldeko pankartarik ikus ez dadin Espainiako Gobernuak hartu nahi dituen neurriak. Izan ere, Kataluniako eta Euskal Herriko gizartearen presioa hain da handia kirol arloan, non adierazpen askatasuna urratuta bakarrik ezkuta baitaiteke hori. Bitxia bada ere, ez da harrigarria Nou Campen bakearen eta demokraziaren aldeko sinboloak debekatzea -inolako eduki xenofoborik ez badute ere-, eta Espainiako estadioetan ezkutu frankistak dituzten bandera espainiarrak astindu ahal izatea.

Seleccions basca i catalanaEdonola ere, meritu handia izan zuen Euskal Herriko selekzioak lehen aipatutako partida horretako atarikoetan. Kataluniako selekzioa baino duintasun eta ausardia handiagoarekin aritu zen, gainera. Euskal Herriko selekzioko teknikari eta jokalariak inolako arazorik gabe jarri ziren ofizialtasuna leloa zuen pankartaren alboan; katalanek, aldiz, hainbat multinazionalen izena adierazten zuen pankarta baten ondoan jarrita atera zuten argazkia, Kataluniako Federazioaren presioei amore emanda. Tristea benetan. Alferrikakoak izan ziren hainbat jokalarik ofizialtasuna grafikoki aldarrikatzeko egindako ahaleginak. Gertakari hari garrantzia kendu, eta jokalariek elastikoan selekzioaren aldeko plataformaren logotipoa zutela esan du FCF Kataluniako Futbol Federazioko presidente Jordi Rochek. «Logotipoa eta pankarta bateraezinak al dira ba?», galdetu beharko genioke. Hainbesteko beldurra al dio FCFk Espainiari, urteko ekitaldi urrietako batean ere desobedientzia zibila egiteko gai ez izateko?

Hura koherentzia hura Euskal Herriko selekzioak egun hartan erakutsitakoa! Hura aldea hura Juan Jose Ibarretxeren eta Pasqual Maragallen adierazpenen artekoa! Are bigunagoa izango zatekeen Maragall, gainera, Ibarretxe hain irmo aritu ez balitz: «Geure selekzio propioa eduki, eta ofizialki jokatu nahi dugu gainerako selekzioen aurka». Hitz haien ondoren, Espainiako Gorteetan Katalunia nazioa dela onartu eta gero Kataluniako selekzioak begi bistakoak direla esatea beste erremediorik ez zuen izan Maragallek. Estatutuak Kataluniari nazio izaera aitortzen diola ez dela egia alde batera utzita, Maragallek ez zuen esan bere alderdiak -Alderdi Sozialistak- halakorik uzten ez duelako ez dutela Kataluniako eta Euskal Herriko selekzioek ofizialki jokatzeko aukera. Ekintza zinikoa da, beraz. Ziniko hutsa da Jose Montilla ere, «kirol federazioei nazioartean aitortza lor dezaten laguntzearen aldeko naiz» esaten duenean. Ez dugu ahaztu behar Rodriguez Zapateroren gobernuak -ez Aznarrenak- presionatu zituela nazioarteko goi mailako erakundeak Fresnoko eta Erromako biltzarretan Kataluniako Patinaje Federazioa ofizialki onar ez zezaten, halaxe salatu baitzuten presioak jasan zituzten batzuek.

Emantzipazio prozesuak berekin ekarriko duen nazioarteko proiekzioa da, ordea, prozesu hasi berri horren elementu gakoa. Esan nahi dut, alegia, Espainiaren kezka nagusia ez dela Espainiako selekzioa zatituta geratzea kirolari katalan eta euskaldunak beren selekzioetara joanez gero. Ofizialtasunak kontzientzia nazionala sortzea da kezka nagusia, eta horregatik datoz bat sozialista eta popularrak. Horregatik ezin dute onartu Barçak Kataluniako selekzio nazionalaren ordezko gisa duen sinbologia.

Política y deporteEta zinismo handiz jokatzen du berriz ere Jose Montillak -beste askok bezala- aldarrikapen bandera eta pankartei buruz politika eta kirola ez direla nahastu behar dioenean; izan ere, kirola politikarekin nahasi behar ez bada, zergatik daude selekzio nazionalak? Zergatik goresten dira garaikurrak garaipen nazional gisa, eta zergatik entzuten dira ereserki nazionalak estadioetan? Zergatik zeuden Espainiako erregea eta Rodriguez Zapatero jauna Parisko Saint Denisko estadioko palkoan Bartzelonak jokatu eta irabazitako Txapeldunen Ligako finalean? Goi agintari horiek futbolzaleak badira, bidezkoa izango da harmailetan eser daitezen, gainerako ikusleak bezala, palkoan eseri eta haien ustez kirol ekitaldi hutsa dena politizatu beharrean. Are gehiago: Barça selekzioa ez bada eta, horrenbestez, bere burua soilik ordezkatzen badu, zer egiten zuten lehen aipatutako gizon horiek Parisen egun hartan, eta zergatik bidali zuten Kataluniako presidentea agintarien bigarren lerrora?

Catalunya-EuskadiIkusi dugunez, gezur biribila da guztia, ezin saihestuzkoa dena geldiarazteko. Ezin saihestuzkoa baita honako hau: kirolez kirol eta federazioz federazio, beren selekzio eta banderekin jokatuko dute Euskal Herriak eta Kataluniak lehiaketa ofizialetan. Eta egun hori iristen denean, jarraitzaile ugari dituzten kirolak normalizatzen direnean, geldiezina izango da bi herrialde horien independentziarako prozesua. Gaur egun, ez dago hori baino indar handiagorik komunitate nazional berezi bateko kide sentiarazteko. Zeren beldur da, bada, Espainia bestela?

Berria , 31/10/2006 (euskara)
Nabarralde , 31/10/2006 (gaztelania)
Racó Català , 12/12/2006 (katalana)
 
< Anterior   Següent >
spacer.png, 0 kB