spacer.png, 0 kB
Vctor Alexandre
spacer.png, 0 kB
spacer.png, 0 kB
Inici
Euskal Herriaren kontrako egoskorkeria Imprimeix Correu-e
per Víctor Alexandre   
dimarts, 13 març 2007
Iñaki De JuanaZera galdetzen diot neure buruari: espainiar batek -demokrata, noski- zer sentitzen duen Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakaria Justizia Auzitegi Gorenaren aurrean ikusten duenean, Arnaldo Otegirekin elkarrizketatu izanagatik. Espainiar batek zer sentitzen duen Erresuma Batuko egunkari bati esker Espainiako Gobernuak Madrilgo 12 de Octubre erietxean heriotzara zigortu duen gizon bat nola dagoen ikusita. Hori burla hori, eutanasia etxe horrek nazionalismo lotsagarrienaren paradigma den eguna edukitzea izen.

Katalana eta kultura demokratikoa duen herrialde batekoa naizelako izango da agian, baina izugarri kostatzen zait espainiarrak eta bereziki bertako intelektualak isil-isilik daudela ikustea, konplize bihurtzen baititu horrek. Katalana naizelako izango da agian, baina ez dut ulertzen non dauden Goya sariak banatzeko ekitaldi ezagun hartan giza eskubideen alde atera ziren aktore eta aktoresa ezkertiarrak, gaur egun hitz erdirik ere esaten ez dutenak. Benetan giza eskubideak al zituzten kezka, edo alderdi sozialistari laguntzea zuten helburu? Egia esan, atentzioa ematen du jende sentibera eta bihozbera hori egun isil-isilik egoteak oinarrizko eskubideak urratzen direla ikusita, pertsona orok nahi duenarekin eta nahi duenean biltzeko duen eskubidea besteak beste. Demokrata horiek ez al dute ezer esateko, elkarrizketa gaitzetsi eta egunkari batean iritzia emateagatik kartzela zigorra jartzen duen estatu bateko herritar izanda?

Hala ere, ez nau Espainiako botereen gaiztakeriak iraintzen, bertako gizartearen onespenak baizik. Auzo lotsa sortzen du onespen horrek, izango bada Euskal Herria espainiarra izango dela dioen printzipioa baitu oinarri. Horixe da gatazkaren muina, hain zuzen; Euskal Herria mendeko izatea exijitzen du, horrela berresten baitu Espainiak bere nortasuna. Beraz, bere buruan sinesten ez duelako eta errealitatea ulertu ezinak nahastu egiten duelako umiliatzen du Espainiak Ibarretxe, babesten Enrique Rodriguez Galindo eta heriotzara eramaten Iñaki de Juana Chaos.

Aipagarriak dira, era berean, Josu Jon Imazen adierazpen zoroak: «Nire helburua eta herrialde honen helburu estrategikoa ez da Espainiari aurre egitea; liluratu egin behar dugu Espainia, eta konfiantza handiagoa eduki; Euskal Herriko gizarteak xarmatu egin behar du Espainiakoa». Bitxia bada ere, ez dago xarmatze horren kontrakoari buruzko aipamenik, bat bera ere ez euskal herritarrak Espainiak liluratu beharrari buruz. Izan ere, menderatzaileak ez du liluratu beharrik; zertarako, nahi duenaren jabe bada? Mendeko zoriontsuaren eredu da Imaz, esklabo sena duen euskaldunarena; hau da, euskalduna ez dirudiela esaten diotenean irribarre egiten duenarena. Bestalde, oso ulergarria da hori, Espainiak maite dezan bakarrik nahi baitu, horretarako dena izateari utzi behar badio ere. Mendekoa izanda menderatzailearen kutuna izatea beste ametsik ez duenaren jokaera da hori.

Herri jakinduriaren arabera, haltzari ez zaio fruiturik eskatu behar, eta agian horixe da katalanen eta euskaldunen bekatua. Espainiak ahalegin handia egin du erakundeak demokratizatzeko -bidezkoa da hori onartzea-, baina izaerari dagokionez, ez da ezertxo ere aldatu. Hain du barneratuta Jainkoarengana inperioaren bidez iritsiko dela, non ez duen ikasi zer den autodeterminazio eskubidea. Horregatik dago primitibismo irrigarria Kataluniarekin eta Euskal Herriarekin duen jarreran; emakumeekin handiustekeriaren eta mendekotasunaren bidez bakarrik erlazionatzen direnek dutena bezalakoa. «Emakumeekin zorrotza izan behar da», esaten dute. Horixe bera pentsatzen dute katalanei eta euskaldunei buruz. Esaten zuen, bai, Manuel Azañak: «Bartzelona berrogeita hamar urtean behin bonbardatzeko beharra du Espainiak. Filipe V.aren sistema bidegabea eta latza zen, baina baita irmoa eta erosoa ere. Bi mende iraun ditu.

Garai zailak datozelakoan nago, baina alde on bat ere izango du: katalanen eta euskaldunen independentzia sustatuko du, espainiarren adimena demokratizatzeko ahalegin guztiak alferrikakoak direla ikusi eta gero. Giza eskubideak urratzen dituen lege bat -Terrorismoaren Aurkako Legea- sortu, eta Espainiari buruzko uste txarra legez kanporatzen duen beste bat -Alderdi Legea- onartu duen herrialde bati buruz ari gara. Lehendakaria pertsona libreekin elkarrizketatzeagatik kriminalizatzen duen herrialde bati buruz ari gara. Egunkariak ixten dituen herrialde bati buruz, nahiz eta gero errugabetzat jo, eta frankismoko garai latzenetan bezala egunkarietako zuzendariak torturatzen dituenaz. Turkia balitz bezala, iritzi artikulu bat idazte hutsagatik gizon bati lehenengo 12 urteko kartzela zigorra ezarri eta gero heriotzara bultzatzen duen herrialde bati buruz.

Iñaki de Juana Chaosek jendea hil du, bai, eta zirrara gaiztoa sortzen dit inork hiltzeko eskubidea duela sinesteak, baina ordaindu du. Iritzia ematea diktaduretan bakarrik da delitu. Beraz, estatu krimena izango da hura hiltzea, helduei euskara erakustea, euskal NA eskatzea edota Espainiako NA itzultzea kartzela zigorrarekin zigortzen duen demokrazia totalitarioarena.

Jauna, hau poza ni neu espainiarra ez izatea! Espainiarra ez naizelako zait ulertezina agian Euskal Herriaren inguruko hainbeste aurreiritzi egotea; espainiarra ez naizelako zait agian ezinezkoa bizitzari buruz ikuspegi hain itxia edukitzeko arrazoiak ulertzea.

Euskal Herriaren kontrako egoskorkeria
Berria , 15/2/2007 (euskara)
Nabarralde , 15/2/2007 (gaztelania)
El Triangle , núm. 818, 12/3/2007 (katalana)
El Punt , 16/4/2007 (katalana)
 
< Anterior   Següent >
spacer.png, 0 kB