spacer.png, 0 kB
Vctor Alexandre
spacer.png, 0 kB
spacer.png, 0 kB
Inici arrow Euskara arrow Esquerrari buruzko zalantzak
Liburuak
Hitza hormaren kontraHitza hormaren kontra. Independentzia ez da pribilegioa
Hiru mende dira katalan hitzak espainiar hormaren kontra sistematikoki talka egiten duela. Hiru mende, katalan herriaren izate-nahi utziezina Espainiari azaltzen saiatuz. Ahalegin hauek denek, fede onez beteak, erantzun bakar baten kontra jo dute: cerrazón, alegia, itxikeria, egoskorkeria... [Gehiago...]
Esquerrari buruzko zalantzak Imprimeix Correu-e
per Víctor Alexandre   
dijous, 24 maig 2007
Esquerrari buruzko zalantzakIndependentismo parlamentarioa, Esquerra Republicanak ordezkatzen duena, ataka gaitzean dago Katalunian. Ez da 1996koa baino ataka gaiztoagoa -Angel Colomen eta Pilar Raholaren alde egitea ekarri zuen orduko barne krisiak-; ez eta 2004koa baino okerragoa -Caroden kasua zela-eta-; baina, bai, ziurgabetasun handiko unea da, alderdiaren irizpideak itxuraz PSCren lokatzetan hondoratzeak botoen galera ekar dezakeelako. Egiaz, eta esanak esan, udal hauteskundeek ez lukete halako eragozpen handia izan behar ERCrentzat, tokiko politikak politika nazionalak ez bezalako logika bati jarraitzen baitio; litekeena da, ordea, hautesle kopuru zehaztezin bat abaguneaz baliatzea alderdiari ohartarazteko zer gerta daitekeen nora gabeko politika horrekin jarraitzen badu -nortasunari eta eskubide nazionalei dagokienez, esaterako-.

Ez dakit zeintzuk diren Esquerraren aholku-emaileak, baina batzuetan badirudi norbaitek Troiako zaldi bat ezkutatu duela haren barnean. Egia da independentzia gora eta independentzia behera ari dela une oro, baina arrazoi horrexegatik galdetzen du mundu guztiak zergatik onartzen duen otzan-otzan Menpekotasunaren Legeko eskuduntzak indarrez hartzea. Ez dirudi jabetu denik hitz joko bitxi horren arabera dagokion eginkizunaz, ez eta Conselleria de la Governació delakoan Espainiako bandera eskegi izanak eragin dion kalteaz ere. Jokabide otzanak alderdi independista bati botoak eskuratzen lagun diezaiokeela uste ote dute, agian, aholku-emailee horiek? Horra hor barne arazo larriak sorrarazten dituen kontraesan baten sustraia, estrategia horren arabera ez baitaiteke azken garaipenik sumatu ERCrentzat. Absurdoa da pentsatzea, bestalde, PSCren espainolismoa agerikoago egingo dela gobernuan egonik, oposizioan egonda baino; eta, beste horrenbetse gertatuko dela, baina alderantziz, CIUren erregionalismoarekin. Beraz, boto abertzaleen zirimiriak, azkenean, Esquerraren labore lurrak ureztatuko ditu emeki-emeki. Oraingoz, urduritasun handia sumatzen da, autodeterminazioaren truke presidentetza Artur Masi eskaintzeko modu absurdo horrek erakusten duenez.

Egia da ERCk, duen berezitasunarengatik, gainerako alderdiak baino askoz ere presio handiagoa jasan behar duela -noranzko aldaketa benetakoari bide eman diezaiokeen alderdi bakarrari dagokion presio logikoa-, eta ez zaiola barkakizun zentzugabekeriarik txikiena ere, baina hori askapen nazionalaren aukerari berez dagokion osagai bat da. Ordainsari hori dakar berekin independista izateak, ikaratuta eta beste baten mende bizi den gizarte batean eta bere buruareko estimu oso txikia duenean. Azken batean, kausa baten zintzotasunak ez du esan nahi inolako eragozpenik gabe erdietsi ahalko denik. Eta eragozpen horietako bat dira, hain zuzen ere, Espainiarekiko otzan jokatuz beren interes pertsonalen egonkortasuna aurkitu duten pertsonen erasoak. Beldurra, ziurgabetasuna eta men egitea ez dira jarrera aitortzen samurrak; horregatik, jarrerarik bortitzenak ez datoz Espainiatik, logikoa litzatekeenez, baizik eta Kataluniatik bertatik. Besterik da, gero, ERC bera izatea, darabilen politikarekin, eraso horiei bazka ematen diena. Eraso horietatik lehena da, adibidez, eta ezin onartuzko hoben gisa gogoratuko dena sekula eta beti, Jose Montilla izendatu izana presidente. Historiaren ebazpena gupidagabea izango da horri dagokionez. Eta horrek, nabarmendu dezagun, ez du zerikusirik pertsonaiaren jatorri andaluziarrarekin. Jose Montillaren arazoa ez da bere jatorria, haren ideologia baizik. Zein katalan, ezpada arrazista den bat, gogaitaraziko luke Gambian, Mexikon edo Senegalen jaiotako norbait izatea presidentetzat. Ni ez, behintzat. Montilla, ordea, bestelakoa da. Montilla nazionalista espainola da, eta Kataluniarentzat ez dakusa Asturias, Extremadura edo Murtziarenaz bestelako hodeiertzik. Eta, hala eta guztiz ere, ERCk haren esku utzi du herrialdearen gobernua.

Erabaki hori kostu handiak eragiten ari da dagoeneko. Esate baterako, ikastetxeetan espainierazko eskola ordu bat gehiago inposatu izana -aplikatu edo ez aplikatu-; edo, Ernest Maragall hezkuntzako conseller hispaniarzaleak inposizio horren alde egindako adierazpen harrigarriak. Boto-emaileak honako hau galdetzen dio bere buruari: estrategia jakinen batengatik ez ote du atxiki ERCk conselleria hori legengintzaldi honetan, ala PSOEren praxis totalitarioari aurpegi ez emateagatik izan da? Nolanahi ere, kritika jasak Rodriguez Zapatero eta Ernest Maragall zipriztindu dituzten arren, ERCri egotzi diote erantzukizun guztia. Bidegabe, baina hala egotzi diote. Eta beste horrenbeste gertatzen ari da TV3 kateak Katalunian egunero-egunero egiten diharduen buru-jate espainoltzailearekin -PSCren egoitzatik eta urrutiko aginte bidez zuzendutako saioak bitarteko direla-; Espainiako Telebistaren hirugarren kate bilakatzeraino.Telebista horretan gailen zen ikus-etzuleria goitik behera erori da ziztuan, eta ERCren gero eta boto-emaile gehiagok onartzen dute beren alderdiak ez lukeela sekula utzi behar izan gobernua sozialisten esku, aldez aurretik TV3 eta Catalunya Radioren kontrola ziurtatu gabe. Hizpide ditugun telebista zein irratia, izan ere, honetan bereizten dira gaur egun: esaten dutenean bainoago, esateko darabilten hizkuntzan. Katalanez kontatzen dute, bai, baina kontatzen duten guztia bizitzaren ikuspegi hispanozentrikoa baino ez da, nabarmen-nabarmen. Eta, hori, espainieraz ariko balira baino perbertsoagoa da.

Azken batean, eta horixe da benetako drama, kontua baita PSCk egiten duen keinu espainoltzaile bakoitzeko, denik eta ezdeusena izanda ere, kaltetu bakarra duela: ERC, alegia gobernua haren esku utzi zuen alderdia. ERCk 2003an esan zuen ezin zuela askorik egin, 23 diputatu baino ez zituelako; eta, orain, 2007an, egoera are okerragoa dela esaten digu, 21 diputatu dituelarik. Goitik beherako joerak bere hartan irauten badu, desilusioaren edo frustrazioaren eraginez delarik ere, zer esango ote digu, 2010ean, 19 diputatu soilik izango dituenean? Beldur naiz, baina, lehenago edo geroago, eta egun hori baino lehen, Esquerrak ez ote duen uneren batean zirt edo zart egin beharko, eta bere buruarekin edo PSCrekin etetea erabakiko. Eta, jakina, bigarrena aukeratuko du. Geroak esango du.

Berria , 29/4/2007 (euskara)
Nabarralde , 2/5/2007 (gaztelania)
victoralexandre.cat , 23/5/2007 (katalana, euskara, gaztelania)
 
< Anterior   Següent >
spacer.png, 0 kB