spacer.png, 0 kB
Vctor Alexandre
spacer.png, 0 kB
spacer.png, 0 kB
Inici arrow Euskara arrow Terrorista pasiboa
Liburuak
Hitza hormaren kontraHitza hormaren kontra. Independentzia ez da pribilegioa
Hiru mende dira katalan hitzak espainiar hormaren kontra sistematikoki talka egiten duela. Hiru mende, katalan herriaren izate-nahi utziezina Espainiari azaltzen saiatuz. Ahalegin hauek denek, fede onez beteak, erantzun bakar baten kontra jo dute: cerrazón, alegia, itxikeria, egoskorkeria... [Gehiago...]
Terrorista pasiboa Imprimeix Correu-e
per Víctor Alexandre   
diumenge, 17 juny 2007
Papereta d'ANBZinez eskandalagarria da Eusko Abertzale Ekintza- alderdia (EAE-ANV) legez kanpo uzteko prozesuarekin gertatzen ari dena. Kultura demokratiko gabezia handiko herrialde bat baino ez litzateke ausartuko Espainiako Estatua alderdi horrekin egiten ari dena egitera. Zeharo ulertezina baita gizarte batek bere burua zuzenbide estatu gisa definitzea eta alderdi bat legez kanpo uztea bururatu ere egitea, alderdi horri botoa ematea nortzuek gomendatzen duten aintzakotzat hartuta. Noiztik da nahikoa norbaitek libreki egindako boto eskaera alderdi politiko bat hauteskundeetara aurkeztea eragozteko? Zer-nolako buru maltzurren elkar-hartze patetikok har dezake, azken batean, halako erabakirik? Bai, badakigu erabaki hori hartzeko aitzakia ofiziala dela Batasunak egin izana EAE-ANVren aldeko boto eskaera. Baina, eta zer? Ezin ote du iritzirik izan Batasunak? Iritzia izatea ere delitu al da? Gainera, ez al zuten legez kanpo utzi Batasuna, eta, ez al da, beraz, existitzen ez den alderdi bat? Galdera asko dira, zalantzarik gabe, baina besteren bat ere erants dezakegu oraindik. Esate baterako, zer gertatuko litzateke Batasunak Alderdi Popularraren edo Alderdi Sozialistaren aldeko botoa eskatuko balu? Alderdi horiek ere legez kanpo utziko lituzkete? Ezetz erantzungo du norbaitek, alderdi horiek --Batasunak egindakoaz bestera-- indarkeria kondenatu egin dutelako. Baina argudio maltzur horrek ere ez du balio, ez baikara Batasunaz ari, EAE-ANVz baizik, eta EAE-ANVk dagoeneko kondenatu du indarkeria. Are gehiago, Pernando Barrenak egin du EAE-ANVren aldeko boto eskaera; eta Pernando Barrena, hark duen askatasunak aski frogatzen duenez, ez da legez kanpo dagoen pertsona bat, ez eta ekintza terroristarik egin dutenetarikoren bat. Zer-nola azaldu, orduan, duen iritzia azaltzeko eta nahi duenaren aldeko botoa eskatzeko eskubidea ukatzea hari?

Azalpena, honako hau: indarkeria amaitzeko borondatea Espainiaren batasunari eusteko borondatea baino txikiagoa delako. Espainiaren batasuna --edozein pertsona jantzik badakienez, Big Bang delakoarekin hasi baitzen-- gai sakratua da, eta, sakratuaren alde egitea, logikoa denez, zuzenbide estatuaren eta giza eskubideen gainetik dago. Beraz, Espainiaren batasuna aldezteak --eta horrek bakarrik-- bultzatu ditu PSOE eta PP, CiUkoekin batean, Terrorismoaren Kontrako Legea eta Alderdien Legea sortzera; ustez aldeztu beharko luketen demokraziarekin kontraesanean dago, egon, lege horien bien izaera. Biktimei dagokienez..., antza denez, haien malkoen errentagarritasun politikoa baino ez zaie axola; eta pertsona maitaturen bat ebatsi dietenengana biktimek sentitzen duten bidezko gorrotoa zer-nola bideratu dezaketen hauteskundeetan. Hori baino ez. Ondo baino hobeto dakite polizia neurriek ez dutela gatazka konponduko, baina horretan datza haien programaren perbertsotasuna: ETAk bizirik dirauen artean, «Euskal Herriko indarkeriaz» mintzatu ahalko da Espainia; eta, indarkeria arriskurik bada, aitzakia izango dute ETAren helburu independentistekin bat datorren pertsona oro legez kanpo uzteko, nahiz eta ez etorri bat hark independentzia erdiesteko darabiltzan baliabideekin. Kontua da, azken batean, Espainia ezinezko horren desegite saihetsezina geldiaraztea edo, behintzat, luzaraztea; alegia, sozialisten eta popularren eldarniozko amets nazionalistetan baino tokirik ez duen Espainiaren desegitea. Horixe da benetan axola zaien bakarra. Horrexegatik ez dute proposatzen Espainiaren batasuna, soil-soilik inposatu egiten dute. Eta, inposizio horren bidez, betierekotasunaren bila dabiltza patetikoki, beren inperio helburuaren porrot agerikoagatiko atsekabe oihu etsipenezkoan.

Hortaz, bada, nekez izan dezake emaitza onik bake prozesu deiturikoak. Horretarako, ezinbestekoa litzateke PSOE alderdiaren sigletako E letra ez izatea gatazkaren konponbiderako eragozpen, eta PPrengandiko presioa ez izatea prozesua denboran luzarazteko zurigarria. Bestela, ondorioztatu ahalko baita PSOEri gehiago axola zaizkiola bere burua eta boterea, bakea erdiestea bera baino. Hori ondorioztatzen da, behintzat, Jose Luis Rodriguez Zapaterok Gasteizen egindako hitzetatik, «indarkeriarekin, ez dago prozesurik» esan baitzuen. Prozesurik? Zein prozesu? Barajasko atentatua gertatu baino lehen, su-eten iraunkorra izan zen bederatzi hilabetez, eta Espainiako Gobernuak ez zuen zirkinik ere egin. Are gutxiago, hartaz harro azaldu zen. Eta, orain, Zapatero ere bitarteko duela, esan du alderdien legea «hitzez hitz» aplikatu dela. Ez du txintik ere esan, ordea, talde historiko horren hauteskunde zerrenden erdiei betoa jartzearen inkongruentziari buruz, nahiz eta --lehen ere esan dugunez-- alderdi horrek dagoeneko berariaz kondenatua duen indarkeria.

Horri buruz, gainera, hainbat iritzi hartu behar dira kontuan. Esate baterako, alderdien legea aberrazio juridiko hutsa dela, diktadura erregimen batean bakarrik bururatu daitekeena, eta hari bere hartan eusteak helburu bakarra duela, euskal ezker independenteak ez dezala izan ordezkaritzarik legebiltzarrean; horregatik ez dute legez kanpo uzten Alderdi Popularra, frankismoa kondenatzeari uko eginagatik. Ez du batere graziarik, alde horretatik, Barrenaren boto eskaera nahikoa izatea EAE-ANV legez kanpo uztea aztertzeko; eta, aitzitik, ez egitea beste horrenbeste PPrekin, Ricardo Saenz Ynestrillas terrorismoagatik kondenatuak alderdi horrentzako botoa eskatzeagatik. Bitxia da, bestalde, Espainiako Gobernua harro agertzea legea «hitzez hitz» betearazteaz eta, aldi berean, Gobernuak berak lege hori urratzea, presoen hurbiltzea eragotziz. Baina, hasieran nioenez, larriena da Alderdien Lege hain antidemokratikoa hauteskunde legeaz gaindi iragatea, alderdi politiko bat kriminalizatzeraino, pertsona jakin batek alderdi horri buruz duen iritzia aintzakotzat hartuta. Beraz, adierazpen askatasuna urratzeaz baino zerbait arriskutsuagoaz ari gara: iritzi delituaren instituzionalizazioaz ari gara hizketan. Irakurlea jabetzen ote da horrek zer esan nahi duen? Horrek esan nahi baitu pentsamoldea kriminalizatzea eta delitu figura berri bat sortzea: terrorista pasiboarena. Zeina gutariko edonor izan baitaiteke.

Manifestació ANB

Berria , 25/5/2007 (euskara)
Nabarralde , 25/5/2007 (español)
El Triangle , 4/6/2007 (català)
Deia , 6/6/2007 (español)
Gara , 1/7/2007 (
español)
 
< Anterior   Següent >
spacer.png, 0 kB