spacer.png, 0 kB
Vctor Alexandre
spacer.png, 0 kB
spacer.png, 0 kB
Inici arrow Euskara arrow 'Txiki', Francoren azken krimena?
Liburuak
Hitza hormaren kontraHitza hormaren kontra. Independentzia ez da pribilegioa
Hiru mende dira katalan hitzak espainiar hormaren kontra sistematikoki talka egiten duela. Hiru mende, katalan herriaren izate-nahi utziezina Espainiari azaltzen saiatuz. Ahalegin hauek denek, fede onez beteak, erantzun bakar baten kontra jo dute: cerrazón, alegia, itxikeria, egoskorkeria... [Gehiago...]
'Txiki', Francoren azken krimena? Imprimeix Correu-e
per Víctor Alexandre   
dijous, 27 setembre 2007
Juan Paredes Manot, 'Txiqui'
Juan Paredes Manot, Txiqui
Goizaldera, 1975eko irailaren 27an, epaiketa guztiz sumario baten sententzia betearaziz, erregimen frankistak bost pertsona fusilarazi zituen. Oparotasun ekonomikoari esker, Europako erdialdean bizi ziren immigranteengandik heldutako dibisek eta munduaren egoerak ekarria baitzen, dezente aldatu zen Estatu espainoleko bizi kalitatea, eta Francoren erregimena laster batean ahultzen ari zen. Ahultze horrek, ordea, ez zuen arinagotu haren basakeria. Aitzitik, areagotu egin zuen. Diktadorea hil eta gero nekez iraungo zuen jakitun, hilez hiltzea erabaki zuen erregimenak; eta haren azken biktimetako bat izan zen Juan Paredes Manot Txiki.

Joan den irailaren 27an, Bartzelonako Aliança del Poble Nou antzokian, ekitaldi bat egin zuten, fusilatze haren oroitzapenari bizirik iraunarazteko. Omenaldi ezin hunkigarriagoa izan zen, Giza Eskubideak Babesteko Asoziazio Katalanak antolaturikoa, eta Txikiren ama eta neba-arrebak bertan zirela egindakoa. Hizlari aritu ziren: besteak beste, Joan Tardà Esquerra Republicanako diputatua, Doris Benegas Izquierda Castellanakoa, Magda Oranich, Gorka Knör eta ni neu. Ekitaldian esku hartu zuten, halaber, Josep Terok, Feliu Venturak eta Euskaria Abesbatzak. Hizpide izan zuten, orobat, Angel Otaegiren fusilatzea, hura ere egun berean eta ordu berean hilarazi baitzuten; Otaegiren hilketa are zorigaiztokoagoa izan zen, Burgosko kartzelan hil baitzuten, hantxe bakar-bakarrik zegoela eta inongo lekukorik gabe.

Baina Bartzelonako ekitaldia omenaldi bat baino zerbait gehiago izan zen, herrien autodeterminazioaz hitz egin baitzuten han, eta Espainiako Gobernuak berriki onarturiko Oroimen Historikoaren Lege proiektua salatzeko balio izan baitzien. Hogeita hamabi urte igaro dira Franco hil zenez geroztik, eta haren krimenek Espainiako alderdi nazionalista nagusi bien babespean daude oraindik ere: Alderdi Popularrak uko egiten dio krimen haiek kondenatzeari, eta Alderdi Sozialistak babestu egiten ditu oraindik diktadorearen epaiketa guztiz sumarioak, legezkotzat jotzen ditu erabat. «Beren egintzetatik antzemango diezue», esan zuen norbaitek duela bi mila urte.

Artean hogeita bat urte besterik ez zituela fusilatu zuen Txiki guardia zibil boluntarioen pelotoi batek Cerdanyolako basoaren soilgune batean, Bartzelonatik gertu dagoen herri batean. Alferrikakoak izan ziren Europa osoan egin zituzten mobilizazioak, eta Francok fusilatze aurreko orduetan izan zituen barkamen eskariak, Paulo VI.ak egindakoa besteak beste: «Franco lotan dago, eta agindua emana du ez inork gogaitarazteko», izan omen zen Vatikanoari emandako erantzuna. Goizeko zortzi eta erdietan, berdez jantzi ziren Guardia Zibileko sei kide, hiruadarreko txapelokerra buruan, beren krimena aginpidez mozorrotzearren, eta, bina balaz, pixkana-pixkana tiro egin zioten, exekuzioak zemaien plazeraz gozatu ahal izateko eta biktimari hilzoriko herioa luzarazteko. Eusko gudariak kantatuz hil zen Txiki, zeinak ordu batzuk lehenago Che Guevararen poema bat idatzi baitzuen: «No me busquéis bajo tierra, soy viento de libertad» (Ez nazazue bila lurpean, ni naiz askatasun haizea). Hilketaren lekuko izan ziren haren anaia Mikel, eta Marc Palmes abokatu defentsaria eta Magda Oranich.

Alabaina, ez zen gobernu espainolaren asmoa Txiki fusilatze pelotoi baten aurrean hiltzea, garrote bidez baizik. Hori eragozteko, Palmesek eta Oranichek eskatu zuten, epaian atzera egiterik izan ezean, Txikiri utz ziezaiotela behinik behin nahi zuen moduan hiltzen: eusko gudari baten moduan. Alegia, fusilaturik. Baina gobernu espainolak makurgaitz iraun zuen. Ezinago makurgaitz, harik eta inguruabarrek makurrarazi zuten arte. Ezin izan zitekeen bestela, Estatu osoan guztira ez baitziren izango bost baino gehiago garrotean trebaturiko borreroak, eta, horregatik, ezinezkoa zen aldi berean bost exekuzio izatea. Hortaz, bada, Francoren egoskorkeria gaiztoa izan zen garroteaz baliatu ordez fusilatzeaz baliatzera behartu zituena, aldi berean bost pertsona hiltzea neurri eredugarritzat baitzeukan hark; eta, azken batean, Txikiri berearekin irteteko aukera eman ziona, eta azken garaipentxo bat lortzekoa: sorleku izan ez zuen herrialdearen askatasunengatik hiltzea. Izan ere, Extremadurako espainol bat zen Txiki, bere bizia eman zuena Euskal Herriaren alde; horixe izan zen haren handitasuna, eta horretan datza benetako unibertsaltasuna.

e-notícies , 24/9/07 (català)
Berria , 9/10/2007 (euskara)
Nabarralde , 10/10/2007 (español)
 
< Anterior   Següent >
spacer.png, 0 kB