spacer.png, 0 kB
Vctor Alexandre
spacer.png, 0 kB
spacer.png, 0 kB
Inici arrow Euskara arrow Autogorrotoan pedagogoak
Liburuak
Hitza hormaren kontraHitza hormaren kontra. Independentzia ez da pribilegioa
Hiru mende dira katalan hitzak espainiar hormaren kontra sistematikoki talka egiten duela. Hiru mende, katalan herriaren izate-nahi utziezina Espainiari azaltzen saiatuz. Ahalegin hauek denek, fede onez beteak, erantzun bakar baten kontra jo dute: cerrazón, alegia, itxikeria, egoskorkeria... [Gehiago...]
Autogorrotoan pedagogoak Imprimeix Correu-e
Artikuluak
per Víctor Alexandre   
divendres, 22 juliol 2005
ImageMenpekotasunak luze jotzen duenean, sarritan, biktima psikologikoki ez da gai erasotzen diotenean erantzuteko. Horrelako egoeretan, arrisku handia dago hori gertatzeko. Denboraren poderioz, biktimak nagusiarekin dituen loturak gero eta gehiago dira eta menpekotasun egoera areagotu egiten da. Horregatik, ez da harritzekoa sarritan biktima bera erasotzailearen alde agertzen bada eta haren balio ezkutu eta ulertugabeak goraipatzen baditu. Kontzientziaren ahotsa edukitzen du gehienetan mozorrotzat jarrera horrek, eta kontua mundua biribila ez dela eta berak ere ez erasotzaileak bakarrik tatxak badituela gogoraraztea da. Hala, inork erasotzaileari aurre egiten eta zapalduaren duintasuna pizten saiatzen den guztietan, hor azaltzen da berehala ahots hori, kargu hartzeko eta neurritik ez ateratzeko eskatzeko. Biktimak zintzoa izan behar du erasotzailearekin, askatasuna galtzea baita erasotzailearen menpe egoteak duen alderdi txar bakarra; izan ere, erasotzailea giza balioz, anaitasunez, balio demokratikoz gainezka dago. Egia oso bestelakoa da, ordea: inondik ere ez da hori kontzientziaren ahotsa; bizitza gidatzen dionaren menpe emozionalki zenbateraino dagoen bere buruari aitortzeko gai ez den baten ahotsa da baizik. Hain liluratuta dauka erasotzaileak, non haren tokian jartzearen poderioz azkenean hark bezala hitz egiten duen eta haren aldezle sutsuena den.

Tratu txarrak eman dizkieten biktima askok dute menpekotasun emozional hori, noski, baina taldeetan ere gertatzen da. Giza taldeek, gizakienak direlako hain zuzen ere, ez dute oso bestela jokatzen banakoaren aldean. Katalunia eta Euskal Herria, luzaroan beren nortasuna ukatzera behartuta egon diren aldetik, autogorrotoa ereiteko lur ezin hobeak dira. Horregatik, era askotan agertzen dira fenomeno horretako pedagogoak, eta batzuetan kontzientziaren ahotsaren bidez nabarmentzen dira. Ahots horiek, oro har, ez dute egin benetan nolakoak diren jakiteko moduko katarsirik. Jabetzen dira espainoltasunak hunkitu egin dituela eta haren onurei amore eman dietela, baina beren benetako nortasuneko barru-barruko kontzientziak disonantzia kognitibo eramangaitza ateratzen die. Horregatik, beren kontraesanen araberako nortasuna hartzen dute, eta hainbat izen ematen dizkiote (ez-abertzaletasuna, aurrerazaletasuna, unibertsaltasuna...), baina beti, ezinbestean, kontzientziaren ahotsaren bidez nabarmentzen da azkenean. Mozorro jantzi horrek ematen die bidea aurrera egiteko beren burua den bezalakoa onartu beharrik izan gabe.

Euskaldunei eta katalanei dagokienez, baten batek Espainia erreparorik gabe deskribatzen duenean, hari kontuak eskatzen dizkionean edo barkamena eskatzeko esaten dionean entzuten ditugu ahots horiek. Ahotsa berehala altxatzen dute lotsagabearen kontra, eta kargu hartzen diote. Horrelaxe, magia egingo balute bezala, borreroa biktima bihurtzen dute eta biktima borrero. Gatazka eta gorroto etnikoa bultzatzen dituztela leporatzen diete sarritan euskaldunei eta katalanei, horiek beren buruari Euskal Herriaren eta Kataluniaren subiranotasuna beren parlamentuetan dagoela eta ez Espainiako Kongresuan dioten espainol demokratak non diren galdetzen diotenean. Jakinekoa da: egia batzuek min ematen dute, eta biktimak ezin du inola ere erasotzailea mindu. Hala, edozein aldarrikapen egitea guztiz onartezina da, harenganako begirunerik ez izatea, jarrera baztertzailea izatea eta indarkeria bultzatzea baita.Dena dela, galdera batzuk egin daitezke: Non dira Kataluniaren eta Euskal Herriaren nazio eskubideak onartzeko prest Francoren kontra borroka egin zuten espainolak? Non dira Espainiako betiko demokratak, PPri eta PSOEri aurrea hartu eta katalanei eta euskaldunei beren etorkizunaz beren kasa erabakitzeko eskubidea exijitu behar duten horiek? Non dira, azken batean, COPE arrazista delako eta gorroto etnikoa bultzatzen duelako legez kanpo uzteko exijitzen duten eta nazionalistak ez diren espainolak? Katalan eta euskaldun batzuek elkarlanean jardun zuten Francoren erregimenarekin, jakina, baina ez gara frankistez ari, frankismoaren kontrakoez baizik, lurreko herri guztien autodeterminazio eskubidearen ustezko aldezleez baizik. Hainbeste baziren, zergatik onartu zuten monarkia anakronikoa berriz ezartzea eta zergatik izendatu zuten armada «Espainiako batasunaren bermatzaile»? Nola liteke demokratek armak hautestontzien aurka jartzea? Eta, orduan beldurtuta bazeuden, zergatik daude oraindik isilik, Franco hil eta 30 urte geroago? Nola ausartzen dira Txileko faxistei eta Pinocheti kontuak eskatzera eta Espainiako faxistei eta Fragari ez? Gauza batzuk ezin dira eztabaidatu; eta hauxe da horietako bat: faxista eta genozida batek sortutako alderdi politiko bakarra dago Europa demokratikoan, Espainiako Partidu Popularra.Bestalde, egonkortasuna herri bat beste baten menpean izanda lortutako egonkortasuna arriskuan jartzen duela aurpegiratzen dio ahots horien espainoltasun aitortu gabeak biktimari. Izan ere, «beti bidegabe tratatu izan dituztela sentitzen duten herriek dute gorroto etniko handiena», haren arabera. Esaldi hori Kataluniako komunikabide batean oraintsu ateratakoa da eta, bere hartan, faxismo hutsa da. Nazkagarria da bidegabekeriek biktima galdu dutela eta edozer erokeria egin dezakeela esatea eta errudun jotzen ahalegintzea. Jokoa agerian geldituta, benetako mozorroa kenduta, ahotsak biktimaren izena zikindu beste aukerarik ez dauka, eta biktimak traumak dituela eta horiek erasotzailea gorrotatzera bultzatzen dutela argudiatzen du, baina horrelakorik ez lukeela egin behar, erasotzailea azken batean ona omen delako eta bere hobe beharrez menderatzen omen duelako. Gauza bat, hala ere, eskertu behar diogu maskara kendutako demagogoari: ikusarazten digu egia dela kontrario handiena gure baitan dagoela.

Berria , 23/7/2005 (euskara)
Nabarralde , 24/7/2005 (español)
normalitzacio.cat , 26/7/2005 (català)
Llengua Nacional , núm. 53, octubre 2005 (català)
 
< Anterior   Següent >
spacer.png, 0 kB